Moko-belarretan


2020ko martxoaren 09an
“Zaldibarko langile, senide eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi zain ginela hor non ikusten dudan balkoi bat leiho-geranio lorez bete”.
“Zaldibarko langile, senide eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi zain ginela hor non ikusten dudan balkoi bat leiho-geranio lorez bete”.

Udari begira jarri gaituen eguraldi honek landareak ederki mugitu ditu. Gu ere bai. Zaldibarren, Eitzaga auzoko zabortegiko madarikazioaren ardurak eskatzera, eta langileei, haien senideei eta auzotarrei babesa emateko manifestazioan Eibarko Amañatik abiatu ginen. Hasi zain ginela hor non ikusten dudan balkoi bat leiho-geranio lorez bete (Pelargonium x hortorum). Loretza gorriak begia jo zidan.

Inorekin mokoka edo moskoka hasteko asmo zipitzik ez dut. Mokotik mokora bai ordea, ez gureetan, landareenetan baizik. Mokoa duten landareetan ere moko-motzak eta moko-luzeak daude. Hegaztietan bezalaxe. Haiekin lotuta eman diegu, jeneralean, moko-belarrei bere izena.

Moko-motzek beren landareak badituzte, odolur edo odarra esaten diogun Polygonum avicularis landareari hormatxori-moko esaten diote gaztelaniaz. Gaur, baina, moko-motzak alde batera utzi eta, Amañako leiho-geranioen aitzakian, moko-luzeei heldu behar diet. Zehazki, Geraniaceae familiako moko-luzeei. Geraniaceae familiak 700 espezie biltzen ditu, 11 generotan banatuta.
Horietako genero bat da leiho-geranioena, Pelargonium, alegia. Pelargonium izena grekoko pelargos hitzetik dator, hau da zikoina edo amiamokoa. Haien mokoa ekartzen du gogora bere fruituak. Gehienak afrikarrak dira eta usaintsuak; apaingarri gisa erabiltzen ditugu, aspalditik.

Amiamoko ere esaten zaio koartzari. Koartza adierazteko grekoko erodios hitzetik dator familia honetako beste genero baten izena: Erodium. Genero honetako landareen fruituak, ireki eta haziak askatu aurretik, koartzaren buruaren itxura dute, bere moko luze eta guzti. Moko-belarra esaten zaie maiz nahasten ditugun beste bi espezieri, Erodium ciconium eta Erodium cicutarium. Erodium, koartza edo amiamokoa da; ciconium, zikoina edo amiamokoa da.

Geraniaceae familiako beste genero mokoduna Geranium da. Hori ere grekotik dator, geranos hitzetik eta kurriloa esan nahi du. Beste hegazti moko luze bat. Hemen ere fruituaren eta kurriloaren mokoaren antza da gakoa. Hirurehunen bat espezie biltzen ditu genero horrek, eta batzuk oso gureak ditugu. Adibidez, zaingorri, zangorri, zangogorri, gatugorri, katugorri, San Robertoren zaingorri edo kurlo-belar esaten dioguna, Geranium robertianum.

Udaberria badoa eta mokodun geranio jende hau loratzeko prest da. Ugaltzeko ere sasoi ederra da: gustukoa topatzen duzunean, adar muturtxo bat kendu eta aldaxka gisa landatu. Zikoina, kurrilo, koartza... berdin da, moko luzeok bere loraldiekin madarikaziorik handiena ere iraultzen dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espezieak
2020-03-18 | Jakoba Errekondo
Lilipa eta lilipopa

Lilipak edo nartzisoak loretan dira. Nabarmen adierazten dute mendean hartutako bere lurren berri. Neguan loratzen dira, kolore zuri-hori ikusgarritan, eta usaina bafadaka hedatzen dute. Multzoka bizi dira; lurpean erraboila emankorra dute, eta bat zen tokian, urtetik urtera... [+]


2019-12-12 | Jakoba Errekondo
Kurkubia eta erlastarrak

Umetako oroitzapena dut nola “txitoa” deitzen genion. Loreak oilo txitaren burua gogora ekartzen zigun. Jose Maria Lakoizketak 1888an Bertizaranan jaso zuen “kurkubia” izena, kurkubi edo botilatxo baten antza duelako bere fruitutxoak. Bortzirin... [+]


2019-09-13 | Jakoba Errekondo
Alfer biajea

Landareen galbideak arrazoi ugari izan dezake. Garai batean hiru multzotan banatzen ziren: gaitzak, izurriteak eta belar edo landare “txarrak”. Gaur egun landareen hondagarri guztiei izurrite deitzea da joera nagusia. Lehen izurritea esaten zitzaion intsektu, akaro,... [+]


2019-07-19 | Jakoba Errekondo
Asma-belarraren burundanga

Simaur eta hondakin pilatan apopilo bat izaten da udan, ez denetan baina askotan: asma-belarra edo estramonioa, Datura stramonium. Zenbaitek “ikozoro” edo “pikuzoro” izenak ere jaso dituzte landare horrentzat. Landare deigarria da, tentea, hostaje... [+]


2019-02-11 | Jakoba Errekondo
Dahlia ala dalia

Daliaren urtea izendatu dute aurtengo hau, Dahlia pinnata. Ondo esanda Dahliaren urtea da. Euskarazko hiztegiek eta entziklopediek “dalia” esaten diote landare horri; nik uste dut “dahlia” esan beharko geniokeela.

Dahlia Mexikoko goi ordokietan ezagutu... [+]


2018-05-11 | Jakoba Errekondo
Landareak usainean

Landareek usaindu egiten dutela jakina da, gero eta jakinago. Aspaldi genekien animalia belarjaleengandik babesteko landareen martingala: hozkada jaso duen landareak usaina askatzen du, aldameneko landareak jakinaren gainean jartzeko; horiek hostoak mikaztuko dituzte eta... [+]


2018-01-25 | Jakoba Errekondo
Ez txuri ez zuri, xuri

Lore xuriak zituzten landareen izenen galdezka nuen azkenaldi honetan Joxe Anton Arze, euskal paisajista ederrenetakoa. Honezkero bere argi xuri minean da.

Poeten lilipa (Narcissus poeticus), izar-belar arrunta (Stelaria holostea), elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri... [+]


Eguneraketa berriak daude