Manifestazioa egin zuten otsailaren 29an. Mendigorrian D ereduko lerroa ireki nahi eta ezezkoa jaso duten gurasoek eta Iruñean euskarazko bi haur eskola gutxiagorekin geratuko diren gurasoek bat egin zuten egoera salatzeko eta haserrea agertzeko. Ez daude prest euskaraz ikasteko duten eskubideetan atzera egiteko.
Mendigorriko hamaika familiek diote haien haurren matrikulak “linboan” gelditu direla. Haurrak euskarazko lerroan matrikulatu nahi dituzte, herrian, eskola publikoan. Adin bereko sei haur dituzte irailean ikastetxean hasteko moduan. Beste zortzi haurrek A eta G ereduan hasiko lukete ikasturtea. Euskarazko lerroa ireki nahi dutenek ez dakite zer gertatuko den, PSN buru duen Hezkuntza Departamentuak adierazi du legea bete behar dela. Legearen arabera, adin bereko zortzi haur behar dira eskola lerroa irekitzeko eta Mendigorrian sei baino ez daude. Dena den, kopurua arau orokorra da, salbuespenetarako aukera ematen du, adibidez landa eremuko herrietan.
2015ean Euskararen Foru Legean egin zen aldaketari esker D eredua ireki daiteke Nafarroako ikastetxe publiko guztietan, beti ere eskariaren arabera. Legeak dio zortzi haur behar direla, eta aldiz, hainbat herritan D ereduko lerroak ireki dira zortzi haur eduki gabe ere, kontuan izanda landa eremuko herriak direla. Aurreko legegintzaldian, Aldaketaren gobernuaren Hezkuntza Departamenduak horrela jokatu zuen hainbat alditan, baina PSNren gobernuak haur kopuruen baldintza zorrotz betetzeko asmoa agertu du. Departamentuak emandako irtenbidea orain arteko bera da, hau da, ikasleak ondoko herrira, Garesera eramatea. Eskualdeko ikastetxea da eta eredu guztiak PAIrekin, Ingelesa Ikasteko Programarekin, ematen dira. Mendigorriko familiek salatu dute mehatxuak jaso dituztela Hezkuntza Departamendutik eta esan dietela haurrak Garesen ikasteko bideratutako garraio eta jantoki diru-laguntzak kendu diezazkiekela umeak Mendigorrian matrikulatu nahian jarraitzen badute.
Familien ustez, ikastetxe publikoan euskarazko lerroa guztiz bideragarria da eta baieztapen hori egiteko datu bat eman dute: udal haur eskolan dabiltzan 0-3 urteko umeen %75 euskarazko irakaskuntzan ari da.
Bideragarriaz gain, Mendigorriko hamaika familientzat herrian D eredua izatea herria bizirik mantentzeko giltza da. Hala adierazi dio Josu Goñi gurasoak Beñat Hach Embarek Irizar kazetariari zuzeu.eus agerkarian egindako elkarrizketan: “Gurasoek dauzkagun datuen arabera, azken hiru urteetan 32 haur jaio dira, eta hurrengo hiru urteetan ez bada D eredua ezartzen, ume horien %52 herritik joango da (hamazazpi ikasle). Euskara nahiko luketen familiek beste ereduetako matrikulak gaindituko lituzkete. 32 haurretatik hamazazpi kentzen badituzu, ze etorkizun dauka gure eskolak? Herri txiki batzuetako eskola zabalik mantentzeko giltza D eredua da. Mañeru eta Ziraukikoak itxi zituzten. Jada ez da soilik D eredua nahi duzun edo ez, herrian eskola izateko modu bakarra da, eta aurrerapausoak eman behar ditugu denok”.
Azken legegintzaldian Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zuen lauko gobernuak euskarazko haur eskolen kopurua bitik laura igo zuen urte batetik bestera. Aldaketen prozedura irregularra izan zela salatu zuen oposizioak, eta arrazoia eman zion epaileak. Hala, orain, Navarra Sumako Enrique Maya alkateak eta bere udal gobernuak atzerako bidea egin dute: Iruñean haur eskola euskaldun bakarra Txantrea auzoko Izartegi izango da eta Arrotxapea auzoko Goiz Eder haur eskolaren eskaintzaren erdia euskarazkoa izango da, beste erdia gaztelerazkoa izango da ingelesezko jarduerekin.
Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.
Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.
Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.
Barañaingo EH Bilduk salatu du Barañaingo Udalak haur eskoletarako hezitzaileen deialdian euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean jarri dituela, eta hala, hautagaiak hizkuntza bat aukeratzera behartzen dituela.
Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]
Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.