argia.eus
INPRIMATU
G-maila
Edu Zelaieta Anta 2020ko martxoaren 03a

Maiz aski aditu izan dugu irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela. Esapide horren atzean, ebidentzian oinarritutako pentsaera bat bide zegoen: milaka esanen –kalaken– aurrean, bizitzan norberen begiekin ikusitakoak egiatan balio zuen. XXI. mendean, geure begiekin ikusten ditugun irudiak ez dira, nonbait ere, iragan batekoak bezain fidagarriak: komunikazio digitalak gauza askoren egiazkotasuna kolokan jarri du, bai eta pantailetan ikusten ditugun irudien ebidentzia balioa ere. Hitzak manipulatzeko artea zaharragoa izanagatik ere –hori ukatzerik ez dago–, irudiak “tratatzeko” praktika ausarki hedatua da egun.

Hain zuzen ere, irudiekin lan egiten duen lankide batek solas egin berri dizu hitz batez: g-maila. Izan ere, azken urteotan, erabilera aldaketa nabarmena ikusi du –Hegoaldeko lau probintzietatik etortzen diren– ikasle ugariren ahotan. Hala, duela gutxi arteko EHUko e-maila EHUko g-maila bihurtu da, edota e-mail bat bidaltzen zen lekuan orain g-mailak bidaltzen dira. Kultura berri bat abian da, Google-k doan babestua.

Nekez irudika liteke hobeki zenbait arlotan bizitzen ari garen uniformetasuna. Hitz batez.