argia.eus
INPRIMATU
Espektro bat euskal letretan (II)
Ibai Atutxa OrdeƱana 2020ko martxoaren 04a
Andrezaharraren manifestua | Mari Luz Esteban
Pamiela, 2019

Aitortu nuen Ezagutzaren matazak liburuari egindako kritikan: ez naiz ni dramatikoegi jartzekoa. Baina berriro dramatiko jarriko banintz, “espektro bat dabil euskal letren plazan” esanez hasiko nuke baita iruzkin hau ere –oraingoan, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua-ri buruz hitz egiteko–.

“Bere buruaz beste... bat egitea” praktika literario bilakatzen duena da euskal letretan dabilen espektroa –esanez, jarraian argituko nuke misterioa, orduko hartan bezalaxe–. Gainera, gaurkoan, Anariren Ametsen eraiste neurtua kantari lapurtuko nioke adierazpidea –zugan, irakurle, dramatismoaren efektua areagotzeko, noski–. Alta, ez dago dramatiko jartzeko beharrik eta agian adibide xinple batzuk aski dira esan nahi dudana adierazteko.

Andrezaharrak zera direla irakurri daiteke liburuan, “Emakumeari ezetz esa(te)n dioten emakume burujabea[k]”. Horixe da hain justu, “bere buruaz beste... bat egitea”: emakumea hil emakumea sortzeko. Emakume berri bat zapalkuntzei muzin egingo diena; subjektu berri bat eraikiko duena.

Andrezaharra beraz, bere buruaz beste… bat egiten saiatzen den subjektua bada, ez da gisako figura poetiko-politiko isolatua euskal letretan. Antzeko lanketa literarioak irakurri ditzakegu –edo horixe proposatu nahi dut behintzat hemen– Eider Rodriguezen Bihotz handiegia-n, Uxue Alberdiren Jenisjoplin-en, Danele Sarriugarteren Azala erre-n, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat-en, eta baita, erarik mingarrienean, Kattalin Minerren Moio-n ere.

Agian merezi du pentsatzea ari dela zerbait gertatzen euskal letren plazan eta zerbait horren baitan, Andrezaharraren manifestua-k kokagune bereizitik hitz egiten duela. Izan ere, adineko emakumeari egiten dio lekua, iraungitze programatuaren data gainditu duenari, ero gisa erotismoz bizi denari, edertasunaren kanona zalantzan jartzen duenari, erromantikotasunak balio ez dionari, ikusezintasuna eta pobrezia bizi duenari. Eta bazterketa guztien ifrentzuan askatasunari, subertsioari, desobedientziari egin nahi dio bidea emakumea ez den emakumeak; oraindik etortzeko dagoenak.