Azken urteetan mobilizaziorako gaitasunari dagokionez nabarmendu den mugimendurik bada, feminista da horietako bat. Bi urtez segidan, greba tresnatzat, martxoaren 8 arrakastatsuak burutu ditu; kapitalaren logikari bizitzarena gainjartzea exijitzeko, milaka emakumek lan orori –izan soldatapekoak zein doakoak– planto egin eta kaleak hartu izan dituzte. Are gehiago, grebaren kontzeptua birdefinitzea lortu dute, gehienbat emakumeek egin ohi dituzten doako lanak barne biltzen dituen eredua asmatzeraino. Alabaina, greba tresna arrakastatsua izanagatik ere, aurten ez erabiltzea erabaki du mugimenduak. Hautu horretaz eta Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako dituzten asmoez mintzatu gara mugimendu feministako bi kiderekin.
Azaroan egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan entzun genion hizlarietako bati ez zutela bideragarri ikusten 2020ko martxoaren 8an berriz greba egitea. Amaia Zufiaren ahotik aditu genituen adierazpenak, Bilgune Feministak zeukan posturaren berri emanez. Talde konkretu baten iritzia izatetik urruti, badirudi orokortua zela martxoaren 8an greba ez egitearen aldeko hautua.
Bat baino gehiago dira postura horren alde egiteko arrazoiak Naia Torrealdai Bilgune Feministako kidearen arabera; azken bi urteetan greba antolatzeak eragindako nekea da aurrena aipatu duen faktorea. “Martxoaren 8ko koordinazio lanetan ibili garen jendeak eta taldeek ez genuen beste urtebetez grebara deitzea ikusten”, dio. Bere iritziz, Zufiak jardunaldietan greba ez deitzea proposatzearekin batera luzatutako arrazoien artetik, publikoak nekearekin bat egin zuen gehienbat, pausaldirako beharrizana dagoen seinale. Azaldu duenez, erabaki da “neke hori erdigunean jartzea eta politizatzea”. Martxoaren 8ko planteamendua aldatu arren, bizitza erdigunean jartzearen aferak mugimendu feministaren lehen lerroan jarraitzen duen seinale.
Azken bi urteetako grebek eragindako nekea areagotu dute Jardunaldi Feministek eta urtarrilaren 30eko greba orokorrak. Azken honi dagokionez, mugimendu feministak argi ikusi zuen greba horretan indarrak jarri behar zituela. “Azken finean bi greba feminista egitetik gatoz, eta horietan leitmotivak izan dira borrokaren artikulazioa, eragile sozialen artean alternatibak eraikitzea… eta urtarrilaren 30eko grebak hori guztia planteatzen zuen, guretzako garrantzitsua zen indarrak hor jartzea”, azaldu du Torrealdaik. Hori horrela, han eta hemengo feministak greba orokorra antolatzeko komiteetan aritu dira lanean, eta greba ostera arte ez dira jarri martxoaren 8ari begira. Nekeaz gain, antolakuntzarako denbora epea ere urria izanik, greba egiteko baldintzak ez direla eman deritzo Torrealdaik, “ez behintzat greba feminista bat, zaintza greba ere barne biltzen duena”.
Hirugarren urtez jarraian greba ez deitzearen beste arrazoietako bat diskurtsoari loturikoa dela azaldu du Torrealdaik. Aurreko urteetan mugimenduak argi zeukan emakumeak grebara zergatik zihoazen adierazten zuen diskurtso bat garatu beharra zegoela, baina behin arrazoibideak osatuta eta gehitzekorik gabe, errepikakorra litzatekeela deritzo. “Uste dut diskurtsiboki ez ginela zeozer berria esatera heltzen, eta horregatik hartu dugu hartu dugun erabakia”.
Torrealdairen iritziz grebaren inguruan eztabaida egiteke geratu da, hausnartzeko greba tresna moduan agortzeko edo folklorizatzeko arriskurik baden. Egiteko horrek itxaron beharko du ordea, martxoaren 8a gainean baita, eta greba deitu ez izanak ez baitu esan nahi egun horretan deus antolatuko ez denik. Hamaika dira kalera atera eta borrokari eusteko motiboak.
Aurten zer?
Torrealdairen ustetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hautua albo batera, aurten ere egon badago sobera arrazoi berriz grebara joateko. Alabaina, “greban egongo diren emakumeekiko elkartasun osoa” adieraziz, bestelako moldez antolatu dute gainean den martxoaren 8a.
Aurtengo planteamenduak dituen helburuetan sakondu aurretik, iazko grebaren ostean egindako diagnostikoaz mintzo da. Diagnostiko haren bidez ohartu ziren jendea kalera ateratzea lortu zutela, baina jakinik jendetza mobilizatzeak ez duela ziurtatzen jende guzti horrek mahai gaineratutako diskurtso ideologikoarekin bat egin izana. “Kalea hartzea oso garrantzitsua da, baina ideologizazio prozesua ere eraman behar dugu aurrera; hala bada, argi ikusten genuen aurtengo helburuetako bat izan behar zela argi uztea feminismoa dela erradikala, antikapitalista, antiarrazista”, dio Torrealdaik. Indarrak horretan jartzeak lagunduko luke jende baten politizazioa bultzatzen, eta era berean, diskurtso feministarekin edozein eroso sentitzea eragozten. Eta azken aspektu horrek, hein handi batean, garbiketa more saiakerak murriztea eragingo luke.
Azken bi urteetako greba deialdietan izandako masa gorakadaren ildotik, beste aspektu baten gainean ere hausnartu du mugimenduak: feminismoak jende andana erakarri arren, badirudi feminismo indibidualista bat hedatu dela. Horren aurrean kolektiboki antolatuta jardutearen garrantzia azpimarratu nahi du mugimenduak aurten, erdigunean jarriz mugimendu feministaren atzean badirela hainbat kolektibo lanean. Martxoaren 8ko mobilizazioetara deituz Iruñean egindako prentsaurrekoan argi utzi zuten: “Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz”. Itzulingururik barik dio Torrealdaik: “Aurtengoa antolakuntzara dei egiteko eguna izango da”.
Ideologizazioa bultzatzearekin eta antolakuntzara dei egitearekin batera, beste oinarrizko helburu bat ere badu aurtengo planteamenduak: martxoaren 8a borroka eguna dela gogoraraztea. Borrokaldirako prestutasuna darie Iruñeko prentsaurrekoan egindako adierazpenei: “Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue! (…) Gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!”.
Ildo bertsuei tiraka ari dira antolatzen martxoaren 8a Ipar Euskal Herrian, baina beren lurraldean zentraturik, Lur Renteriak kontatu digunez. Kontaktuan dira Hego Euskal Herriko mugimenduarekin, Paris inguruetan mugimendu feministak dituen asmoen berri ere badute, baina lokalki jarduteko beharra sumaturik, premia horri erantzuten dihardute. “Lehenik hemengo errealitatera egokitu behar dugu borroka feminista, gure artean eztabaidatu, eta ostean ikusiko dugu zein elkarlan ematen dugun”, dio Renteriak.
Hilabete pasa daramate martxoaren 8a aurrera eramateko bilkurak egiten, nahiz eta asmoak borroka egun konkretua antolatzetik harago doazen. Renteriak dioskunez, Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista indartu nahi dute, beren artean saretu, luzera begira jartzeko helburuarekin. Orain gutxi azaleratu diren Donibane Garaziko lizeoko bortxaketa kasuek, jendearen barruak astindu eta antolatzeko premia hauspotu dutela iruditzen zaio. “Jende guztiz ezberdina elkartzen gara, baina oraindik ez dakigu sobera nondik joko duen planteamenduak”, dio. Zalantzak zalantza, bidea egiteari ekin diote.
Martxoaren 8ari dagokionez, hiru helburu zehaztu dituzte, Hego Euskal Herrian mahai-gaineratutakoen nahiko parekoak: eguna bera borroka egun gisa planteatzea, ez festa egun modura; talde zein norbanakoak saretzea, “indarrak metatzeko eta gaitasunak handitzeko” lanketa komun bat gauzatuz elkarrekin; eta matxismoa zapalkuntza estruktural gisa ulerturik, “sistemari berari kritika egitea”.
Martxoaren 7an, larunbata, herrietan zer edo zer antolatuko dela aurreratu du Renteriak. Biharamunean, Baionan egingo da martxoaren 8ko egitaraua. Manifestazioa deituko dute, baita asanblada nagusia ere. Asanblada horrek askotariko helburuak izango ditu: saretzea eta elkar ezagutzea batetik, eta borrokak segi dezan oinarriak jartzea bestetik. “Indar erakustaldi handia egiten da martxoaren 8an, baina horretan geratzen da. Aurtengo planteamenduak bilatzen du segida ematea borrokari”, dio.
MOBILIZAZIOAK
Euskal Herriko hiriburu guztietan, baita auzo zein herrietan, mobilizazioak deitu dituzte martxoaren 8an. Hemen deialdien zerrenda:
Nafarroa
Goizez mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan, 12:00etan. Iruñean, alde zaharretik abiatuko da mobilizazioa, eta Gazteluko plaza izango da bilgune.
Arratsaldez, eskualdeka egingo dira mobilizazio nagusiak, 18:00etan. Iruñekoa Antoniutti parketik abiatuko da.
Gipuzkoa
Goizez mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan, 12:00etan.
Arratsaldez, eskualdeka egingo dira mobilizazio zentralizatuak, 18:00etan.
Lapurdi
11:00etan Baionako Pausa aurretik (18 Lesseps kaia) abiatuko da mobilizazioa.
Bizkaia
Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da mobilizazioa, 13:00etan.
Araba
Arratsaldeko 17:30ean, Gasteizko San Anton Plazatik abiatuko da mobilizazioa.
*Ziurrenik zerrenda honetatik kanpo geratu diren mobilizazioak deituko dituzte han eta hemengo herrietan. Informazio gehiagorako, adi herri eta auzoetako talde feministek diotenari.
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]