Konstantin poeman agerian uzten ditu Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975) bere Itaka guztiak, eta poesia mota hau urari buruz ere badela ikusten da, denborari buruz ere badela: “Utzi barrenari/ itsasaldian sartzen,/ elika dezala haizeak/ suzko aparra”.
Irun Hiriko Kutxa literatura lehiaketan saridun, Amua prudentzia ariketa bat da, jolas neurtu bat, mitoen eta lezio txikien bitartez hitz egiten diguna egunero hasten den horretaz, bizitzaz. Hausnarketa opatzen digu gauaren erdian, itsasargi antzeko batzuk paratu haitzen ertzetan. Aritz Gorrotxategik kenduz-kenduz ondu du liburu soil baina elegante bat. Argitasunaren eta gardentsaunaren bila ei dabil, eta poemategi hau beste pauso bat da bide horretan. Izan ere, maiz adornua eta itzulingurua baino lagun hobeak izan ohi dira neurria eta hitza.
Horrek ez du esan nahi, ostera, filosofoa ez denik ume izan, eta ez zaionik gustatzen esapide baten gozoa, edo metafora baten beste aldea: “Astoa aldean, muinoan gora/ dator nekazaria bakarrik./ Esku zartatuak ikus ditzaket/ azala zimur, bihotza lehor./ Ziur tanta bat nahikoa duela/ bularreko landarea hazteko/ -ardoarena bada, hobe”. Askotan, ustekabean, idazleak konbentzionala ez den irudi batekin errematatzen ditu definizio bat edo ideia bat: “Zer egiten duzu hor geldi,/ txaluparia zain dugu./ Bota du berriz bizitzak/ bere amua, arku bila/ dabil gezia”.
Amua-ko eszenak badute basamortu zapore bat, hipotesi itxura bat. Mundua ulertzeko alferreko beste ahalegin bat begitandu zait, beti merezi duena egitea, eta beti dena ezinezko. Gero eta introspekzio lan handiagoa, gainera, emaitza ederragoak lortzen ditu Gorrotxategik. Erreferentzia eta makulu gehiegi erabiltzen dituen poemetan, direla pentsalarienak direla idazleenak, lausotu egiten zaio poesia, galdu berezko indarra.
Eite klasikoak atsegin badituzu liburu honek patxada eta perspektiba eskainiko dizkizu. Hartu, pixka bat probatu, eta zaporea ahoan erabiltzeko dira tonu pausatuko berba hilezkor hauek. Badaki Aritz Gorrotxategik esaten artez eta esaten kontuz, eta kontatzen ipuin baten antzera poemak.