argia.eus
INPRIMATU
Supermilitantea lurperatu
Kimetz Arana Butroe @7ardi 2020ko otsailaren 18a

Saltseroa, konpromiso handiko pertsona edo supermilitantea, herri guztietan bada halako jendea eta horrelakoak izan gara gu ere. Ukatua den herri baten parte sentitzen ginen eta gauzak aldatu nahi genituen. Naturalki hasi ginen hemengo asanbladatan, hango grebetan zein besteko manifestazioetan; eta naturalki eman genion ere gure indar eta denbora amesten genuen aldaketa bultzatzeari. Gatazka armatuaren azken hamarkada zen.

Azken aldian, garai haiez mintzo ziren hainbat lagunekin izan naiz: ez hain gazteek nostalgiaz, garaiko pasioari erreferentzia egiten zioten; orduko konpromisoaz eta epikaz liluraturik ari ziren berriz gazteagoak.

Ilegalizazio, atentatu, atxiloketa eta herrian sortu nahi genituen bilgune eta ekimen berrien zurrunbiloan oroitzen dut garai hura. Ezagutu genituen pertsona berriak eta haiekin mamitu ideiak. Pasatu ziren alaitasun-larritasunak, bizi arrakastak eta egin gure akatsak. Hala ere, orain atzera begiratuz, ez dut uste orduko jardunbideak guretzat zein gure erakundeentzat hain onuragarri izan zirenik.

Helburu kolektiboa lehenetsi genion helburu pertsonalari eta denbora luze eman genion militantziari. Inongo lanetan ikasiko ez genituen trebetasunak geureganatu genituen, gustura egin genuen eta aberasgarria izan zen. Baina pertsonalaren eta kolektiboaren arteko desorekan hazi ginen.    

Kanporako begirada asko landu genuen baina gutxi barrukoa. Aktualitateari erantzun beharraren beharraz, gai-zerrenda amaigabetako eztabaida azkarretan, herrian publikatu beharreko deialdi edo mezuen produkzioan zentratu ginen. Ez genuen ikasi ordea taldean ikuspegiak konpartitzen, ekimenak elkarrekin eraikitzen eta lagun baliotsuak galdu genituen bidetik.

Eutsi genion eta aukera berriak irekitzeko gai izan ginen, baina esango nuke orain posible dela gureak baino osasungarriago diren militantzia ereduak garatzea.  

Besteen artean: pertsonalaren eta kolektiboaren arteko oreka zainduz, denbora laburragoa hartuz eta jende gehiagori parte hartzeko aukera zabalduz. Arlo batzuk slow erritmoan eztabaidatuz, sakondu eta ekinbideak eraikitzeko denbora hartuz. Talde lanean ikasiz eta ahots gehiagori toki eginez. Burua bakarrik ez eta gorputza ere landuz, sentimenei eta sormenari toki emanez...

Horretarako, nago ez ote genukeen hobe gure barruko supermilitantea lurperatu, norbere burua orekatu eta taldeetan parte hartzeko ditugun erak aldatzea, gidaritzak garai hura bizi izan ez zutenei utzita.