Ipar Euskal Herriko herriko etxeetako hauteskundeen bezperan, “Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: garapena herriko etxeetan” txostena aurkeztu diete Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak hautagaiei. Ofiziala ez bada ere, euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak gauzatzeko aukerak daudela dio euskalgintzak eta bide horretan laguntzeko xedez osatu dute txostena.
"Lege babesaren eskasa ez dadila izan euskararen aldeko aitzin urratsak ez emateko estakuru”. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eta Euskal Konfederazioaren izenean Peio Jorajuriak herriko hauteskundeetarako hautagaiei luzatu hitzak dira. Euskarak ez dauka ofizialtasunik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, baina nahia izanez gero eta neurri ausart eta eraginkorrak harturik, euskal hiztunak euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu daiteke herriko etxeetan ere.
“Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: garapena herriko etxeetan” deitu txostena dute landurik Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan iragan otsailaren 6an aurkezturiko dokumentua. Bertaratu ziren euskalgintzako hainbat eragile eta herri eta tendentzia politiko ezberdinetatik etorritako hainbat hautagai. Hain zuzen, martxoaren 15 eta 22an izanen dira herrietako hauteskundeak eta testuinguru horretaz baliatu nahi du euskalgintzak euskararen aldeko bermeak lortzeko: euskararen garapenaren aldeko hizkuntza politika planifikatuak abian ezartzeko konpromisoak nahi dituzte hautagaien partetik. Hots, herritarrei euskarazko zerbitzua eskaintzeko eta herriko etxeko langileei euskaraz lan egiteko aukera emateko neurrien hartzeko engaiamenduak nahi dituzte. Konpromisoa hartu duten hautagaien zerrenda plazaratuko dute bozketen lehen itzulia aitzin.
Hitza gauzatzeko bidean lagungarri izanen zaie “Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: garapena herriko etxeetan” txostena. Funtsean, horretarako dute sortu. “Hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta egin nahi duen herriko etxearentzako tresna bat da” Kontseiluko Haizpea Abrisketaren hitzetan.
Nahi duenak tresna mamitsua eta interesgarria dauka esku artean. Hiru multzotan banaturik dituzte neurriak: Zerbitzuak eta prozedurak euskaraz eskaintzeko urratsak, komunikazio jarduerak euskaratzekoak eta langileei euskaraz lan egiteko bidea segurtatzeko neurriak. Horrez gain, harremana duen beste esparruetan –hezkuntza guneetan, eremu sozioekonomikoan, hedabideetan, onomastikan eta kulturan– euskara txertatzeko aukerak ere zerrendatzen dituzte.
Egin dezaketenaren adibide konkretuak azaldu zizkieten aurkezpenean egondako hautagaiei.Dokumentuan azaltzen den neurri zerrenda luzea izaki, aurkezpenean argi utzi zuen Kontseiluko Paul Bilbaok: “Herriko etxe bakoitzak bere egoeraren arabera definitzen ahalko du zein neurri edo esparru landu, dokumentuak aukera ematen digu lanketa integrala egiteko edo eremu zehatz bateko politikak definitzeko”. Neurriak hartzearekin batera, garrantzi handia du instituzio horrek argiki eta ofizialki aitortzea euskara herriko hizkuntza dela eta hizkuntza-plangintza baten bidez gauzatzea adierazpena: “Euskararen erabilpenak herriko etxe osoaren xede transbertsala izan behar du, ezin da izan bakar batzuena”, zioen aurkezpenean Maddi Etxekopar AEK-ko ordezkari eta Euskal Konfederazioko kideak. Sei urteko kargualdia izanen du herriko kontseiluak hartu engaiamenduak betetzeko.
Euskararentzako ez da lur aberatsa esparru instituzional hori, frantsesa izaki hizkuntza ofizial bakarra, gehiegitan hitzez hitz betetzen ari direlako Frantziako Konstituzioko 2. artikulua. Baina ez da ere basamortu mugagabea eta euskaraz diharduten herriko etxeak ere badaude. Gutxi, baina badaude. Beti, derrigor frantsesari eman behar zaion tokia errespetatuz, baina euskara ere txertatuz egunerokoan.
Euskararen aldeko hizkuntza politikak adosteko eta bozkatzeko testuingurua alde dutela errepikatu zuten behin eta berriz aurkezpenean. “Baldintza onak ikusten ditugu hizkuntza politika planifikatuak gauzatu ahal izateko”. Batetik, posible dela frogatzen diguten adibideak dauzkagulako. Bestetik, Euskal Hirigune Elkargoa eta Euskararen Erakunde Publikoaren babesa ukaiteak “aukerak biderkatzen” dituelako. Adibide gisa, 2012an EEPk sortu eta gaur egun Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen dituen hobekuntza hitzarmenak badira. Kontratu horien bidez, pausoz pauso zerbitzuak elebidunak bilakarazteko engaiamendua hartzen dute herriko etxeek. Publikoarekin harremanetan diren zerbitzuak elebiduntzeko asmoz, euskalduntzeko formakuntzak proposatzen dizkiete langileei, eta komunikazioa ere elebiduna izateko neurriak hartzen dituzte. Gaur egun, Atharratze, Azkaine, Baigorri, Donibane Lohizune, Donibane Garazi, Hazparne, Hendaia, Hiriburu, Itsasu (hitzarmena bukatu zaio), Kanbo, Maule, Senpere eta Uztaritze herriek dituzte izenpeturik. EEP aitzin, horretan hasia zen Euskal Konfederazioa. 2001 eta 2006 urteen artean izenpetu zituen gisa bereko hitzarmenak 42 herriko etxeekin.
Bestalde, oroit gara, 2018ko ekainaren 23an “ofizialki” aitortu zituela Euskal Hirigune Elkargoak euskara eta okzitaniera. Lehen aldikoz egiten zuen gisa horretako aitortza bat Ipar Euskal Herriko instituzio batek. Horrekin batera, hizkuntza politikarako proiektua onartu zuten hautetsiek, Euskara jalgi hadi plazara izeneko dokumentuaren alde agertuz. Postura horri esker, hizkuntza politikak “harmonizatzeko” aukeraz gain, urrats gehiago emateko “posibilitate berriak” ikusten dituzte Euskal Konfederazioak zein Kontseiluak. “Etxetik eskolaraino eraman genuen. Eskolatik nola jalgi orain herriko plazara? Herriko etxeetara?” galdera luzatu zien Abrisketak gaualdi hasieran hautetsiei. Ezker-eskuin harturiko engaiamenduak “biderkatzeko” eta “normalizatzeko” deia egin zien. Helburu hori iparrorratz harturik, euskalgintzak elkarlanean aritzeko gogoa eta asmoa daukala ere zehaztu zien: “Euskalgintza hor izanen duzue laguntzeko eta hizkuntza politika elkarrekin aitzinarazteko”.
Euskalgintzako bi egiturek landu txostenaren aurkezpenean egon ziren, besteak beste, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Michel Etxebest, Maulekoa. Bi errealitate: Bata Lapurdiko hiriburua, bere 52.400 biztanleekin, bestea, Zuberoakoa, kasik 3.000 egoiliarrekin. Biek dituzte euskararen erabilpena sustatzeko neurriak harturik.
Maulek duela sei urte izenpetu zuen EEPrekin hitzarmena. Horri segi, sei langilek dute euskara ikasteko formakuntza jaso. Hala eta guztiz ere, 32 langileetatik bospaseik dute euskara mintzo; “arrunt guttik” Etxebestek aitortzen duenez. “Funtzio publikoa izanez, nahi duenak segi dezake formakuntza, borondate kontua da, ez da behartua”. Ofizialtasun ezak dakar hori. Hala ere, azken hiru enplegatzeetan euskal hiztunak lehenetsi dituztela dio, komunikazioa elebitasunean egiten ari direla eta harreran euskara segurtatzen dutela gehituz. “Eta horretan segituko dugu”.
Baionak berriz hizkuntza politika dauka adosturik eta bi euskara teknikari ditu. Bere kargualdian eramandako euskararen aldeko lanaz duen balorapena galdeturik, “zintzoki, balantzea ez da espero nuena bezain aberatsa, kritika nire buruari ere egiten diot”. Hizkuntza politika “boluntarista” gauzatzeko bidean “zailtasun teknikoak eta pratikoak” kausitu izana deitoratzen du. Adibidez, Baionan gaskoia ere izateak ez du euskararen erabilpena errazten: “Ezin ditugu hiztun komunitate baten eskubideak kontuan ez hartu; hiruak erabiltzeak ikuspen eskasa dakar usu. Noski, horrek ez du aitzakia izan behar eta gainditu behar ditugu oztopo horiek”. Dioenez, ez da nahikari politiko eskasagatik. Nahikari politiko hori Baionako euskal hiztunek gutti sendi dutela erran eta ondokoa erantzuten du: “erraten didazu ez dutela sendi, baina nik erraten dizut zintzoki, nahikaria hor dela, nitan baita nire ingurukoetan ere”. Sei urte horietako esperientziatik ikasiko duela zehazturik, “helburu kuantitatibo argiak eta horiek betetzeko baliabideak” jartzeko konpromisoa hartzen du Baionako auzapezak.
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]
Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.
2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.
Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.
Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]
EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legean edo Administraziorako Euskararen Legean eragin nahi du Kontseiluak; Nafarroan, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jarri; eta Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea... [+]
Pantailaldiaren Arabako ordezkaria izan da Mitxel Elortza Exea. Ekimena arrakastatsua izan dela uste du herritarren parte hartzeagatik, baina astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik ikusteko erronka egunerokoan bete dadin lan asko geratzen da egiteko Elortzaren ustez... [+]
Euskararen Legea aldatzeko eskatu du Euskaltzaindiak eta bat egin du Euskararen Nafar Kontseiluak irailean egindako adierazpenarekin. Gogorarazi du euskararen akademia dela lurralde guztietan, hizkuntzari dagokionez, "instituzio aholku-emaile ofiziala".
Arangurengo Gongora jauregian Irulegiko eskuaren aurkezpenean María Chiviteren diskurtsoa izan da, askoren harridurarako, Aranzadiren aurkikuntzaren garrantzia azpimarratzeko indartsuenetakoa eta mamitsuenetakoa.
Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrenean, Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dute XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia, XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta... [+]