argia.eus
INPRIMATU
EH Bioeraikitzen
Material naturalekin eraikitzen
Garazi Zabaleta 2020ko otsailaren 24a
“Material naturalak, berrerabiliak eta birziklatuak erabiltzea eta diseinu bioklimatikoak egitea dira bioeraikuntzako oinarrizko irizpideetako batzuk”.
“Material naturalak, berrerabiliak eta birziklatuak erabiltzea eta diseinu bioklimatikoak egitea dira bioeraikuntzako oinarrizko irizpideetako batzuk”.

Urtebete inguruko ibilbidea du Bilbon jaiotako EH Bioeraikitzen proiektuak, nahiz eta lehenagotik alor horretako UKnatura kooperatiban ziharduten bertako zenbait kidek. “Hainbat proiektu aurrera atera ditugu jadanik, esaterako, baserri baten eraberritze lanetan parte hartu genuen duela gutxi material naturalak erabiliz”, azaldu du Antxon Alkalde proiektuko kideak.

Eredu jasangarriagoetarantz

Gaur egun nagusi den eraikuntzak ingurumenean eragiten dituen kalteez jakitun, bestelako eredu baten aldeko apustua egin dute proiektuko kideek. Ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena eragitea eta habitat osasungarriak lortzea dute helburu. “Bioeraikuntzako oinarrizko irizpideen artean daude material naturalak, berrerabiliak eta birtziklatuak erabiltzea, baita diseinu bioklimatikoak egitea ere”, azaldu du Alkaldek. Energia eraginkor eta berriztagarriak erabiltzea bultzatzen dute.

Zein dira bioeraikuntzan darabiltzaten material ohikoenak? Buztina edo lurra, lastoa, egurra eta karea, besteak beste. “Karea, adibidez, antzinan asko erabiltzen zen eraikuntzan inguru honetan, baina zementuaren eraginez desagertzen joan da. Guk esfortzua egiten dugu material horiek berrerabili eta berreskuratzeko”. Alkaldek ez dio uko egiten eraikuntzan bestelako materialak ere erabiltzeari, ahal den guztian material naturalak erabiltzea da asmoa.

Teorian sakondu eta praktikara eraman

Profil ezberdinetako taldea batu da EH Bioeraikuntza proiektura: arkitektoak badaude tartean, baina baita psikologo bat, arte ederretako eta errestaurazioaren mundutik datorren beste bat eta nekazaritza eta mendi ingeniari bat. “Gu gara proiektuaren talde motorra, baina inguruan badugu sare zabalago bat gure egitasmoetan parte hartzen duena”. Edonork har dezake parte EH Bioeraikuntzatik planteatzen dituzten ekimen eta tailerretan, edozein dela ere beren ezagutza maila.

“Norbaitek bere etxea eraberritzeko informazioa behar badu, edota proiektua bakarrik aurrera eramatera ez bada ausartzen, gure lantaldeak lagun diezaioke”. Izan ere, ezezagutzaren eta beldurraren ondorioz horrelako egitasmo asko egin gabe geratzen direla uste du Alkaldek. Areto barruan nahiz kanpoan, naturan, antolatzen dituzte ikastaro eta tailerrak. Horien inguruan gehiago jakiteko aski da ehbioeraikitzen.eus webgunean sartzea.