argia.eus
INPRIMATU
Lagun loratuak amets
Jakoba Errekondo 2020ko otsailaren 24a
Lizunak gauza onak biltzen ditu. Borobiltzen ditu. Bizitza burutzera darama lizunak azpian harrapatzen duena.
Lizunak gauza onak biltzen ditu. Borobiltzen ditu. Bizitza burutzera darama lizunak azpian harrapatzen duena.

Loratu da ogia. Ogia bakean utzi eta denboraren poderioz, bere azalean soinekoa josteko gai da. Hezetasunaren laguntzaz lizuna itsasten zaio, eta lizurdinduta, loratu egiten da. Lizun dotorea hazten du.

Loratzen denak badauka zer emana. Loreak ondorengoa du fruitua, hazia duen fruitua, bizitza berriari ekingo dion hazia. Nik loratzen den jendea nahi dut inguruan. Lagun loratuak amesten ditut, eta ogi loratuak, eta jogurt loratuak, eta lukainka loratuak, eta erreximenta loratuak, eta gazta loratuak, eta marmelada loratuak, eta muztio loratuak… Lizunak gauza onak biltzen ditu. Borobiltzen ditu. Lorea burutzen edo aletzen den era berean, bere bizitza burutzera darama lizunak azpian harrapatzen duena.
Loratzea gauza handia da, gorena, gailurraren ataria. Handinahikeriatan dabilenari, kaka-loratu deitzen zaio. Izan ere kaka ere loratzen da; kaka-lore esaten zaio kaketan sortzen den loreari. Baina ba al da kakatan ateratzen den lorerik? Nik ez dut ezagutzen. Kaka simaur bihurtu eta ondo luartu denean ia edozein landare haziko da bere gainean. Baina kakatan bertan hazten denik ez dut gogoan.

Baina kaka bera loratu daiteke bai. Lizunetan loratzen da. Aziendaren azpitatik ateratako simaurra kalitate oneko ongarri bihurtzeko behar bezala luartu behar da. Garai batean simaurrari beste osagai organiko batzuk nahasten zitzaizkion: orbela, arto-zuztarrak, otea eta abar. Horrek luartzearen lehen hartzidura sustatu eta onbidean jartzen du. Hartzidura hori oxigenoa arnasten duten mikroorganismoen esku dagoenez, luar pila zenbat eta oretuago orduan eta hartzidura hobea. Ukuilutik atera eta luartokian pare bat aldiz irauli egiten da luar pila. Iraultza ilbeheran egiten da. “Ilbeheran nahastutako simaurra ondo mantendu eta indartsua ateratzen zen”, zioen Altzoko Otsegi baserriko Migel Murua Mendizabalek 2001ean Euskonews aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean. “Ilberrian nahastu ezkero, simaurra zuri-zuria gelditzen da, arin-arina, eta ez du ezertarako balio”.

Simaurra zuri-zuri? Satsa urdindu egin dela esango luke Atxondo bailarako Arrazolako Agarreganekoa baserriko Antton Arkarazo “Otxorpo” zenak. Eta, sats zaharraren lizun horrek simaurra alferrik galtzen baldin bazuen ere, Anttonek erabilera ederra ematen zion. Zauriren bat zuenean lizun edo bizar zuri hori labanarekin garbi-garbi kendu eta gainean jartzen zion sakitutako azalari. Azal lorean. Ederki arraperdatzen omen zen.