argia.eus
INPRIMATU
Hara España, lur hoberikan!
Jose Ignazio Ansorena 2020ko otsailaren 11

Abuztuan berrehun urte izango dira Jose Mari Iparragirre, lehen euskal kantautorea jaio zenetik. Hara non diran abestiaren lerroaren kontura zenbat eztabaida txotxolo:

Hendaian nago txoraturikan
zabal-zabalik begiak.
Hara España, lur hoberikan
ez da Europa guzian…


Iparragirrek, ez ezpaina eta ez gaztaina, España kantatu nahi zuen. Hitzak ez zion aho patsik uzten egungo euskaldun askori bezala. Oso esanahi desberdinak zituelako Iparragirreren garaietan eta gureetan.

*   *   *

España-k ez zion ezpaina mingosten Gregorio Ordóñezi. ETAk hil zuenetik 25 urte igaro diren honetan, Donostiako Udalak hil zuten leku berean omenaldia antolatu eta han ginen txistulariak. Orduan ezarritako oroimen xafla laidotu duten kirtenei kaskoan sartzea kostako bada ere, Ordóñezen edo inguru horretako inoren omenaldian negarrak eta saminak benetakoak dira. Beste aldeko biktimen kasuan ere berdintsu. Alde guztietakoetan izan naiz eta ziurta dezaket.

Donostian biolentziak sortutako biktima guztiei antzekoa egitekotan dira. Gutxi batzuri eskaini zaie jada, baina oraindik ehundik gora daude burutzeko. Badugu lana. Ekitaldietan eta memoria ongi orrazten ere bai. Biktima nagusiak hildakoak, zauritutakoak eta hauen gertukoak izan arren, beste asko ere biktima gara, biolentzia gerra, tiroak, torturak eta lehergailuak baino askozaz gehiago izan zelako. Eta barruko zauriak askok ditugulako.

*   *   *

Euskara bera ere biktima da oraindik. Egun kontu askoren inguruan ederki jardun daiteke euskaraz. Kazetaritzan, Literaturan, Itzulpengintzan, Teknika eta Teknologian... Baina mamian oraindik katramilatuta gaude kontu zaharrekin. Lokarri itogarri inplizito ugari deuseztatu behar genituzke euskarazko pentsamendua libre hegal dadin. Ezin kendurik gabiltza aspalditxotik gogoan trabatuta ditugun hari ikustezinak. Zailenak.

Nafarroako eskuinak duen birus (euskara ultraezker abertzalearen mozorroa besterik ez dela sinestuta baitaude) antieuskaltzalearen aurkakoak ez al gaitu euskaltzaleok kutsatu? Aurrerazaleenak, sozialistenak, ekologistenak, feministenak, alternatiboenak, agnostikoenak… agertu behar omen dugu. Itxuraz noski. Trintxera infinitoan jarraitzeko bide segurua. Gure kapsulan. Baina gizarte osoari hedatzeko kapsularen tapakia urratu behar. Nondik hasi? Umeetako borroketan bezala? Hasi hi! Eta bestea: Heu hasi!

Argia egin behar digu Argia astekariak eta berritzen lagundu Berria egunkariak. Entzun dezagun ongi Iparragirreren kanta: Eman ta zabal zazu munduan fruitua.