Eskutik doaz espetxea eta heriotza. Hango eta hemengo kartzeletan hildako pertsonen zifrak behatu besterik ez dago murru artean heriotza zeinen presente dagoen antzemateko. Instituzioak kustodiapean diren norbanakoen birgizarteratzea eginkizun duela esanagatik ere, espetxe baldintzek suntsitzailetik integratzailetik baino gehiago dutela, ez da gauza berria. Baldintzok preso dauden norbanakoen osotasuna degradatu egiten dute, espetxe barruko heriotza tasa altua izanik horren muturreko adierazle. Iazko urtean distantzian gertu jo du alerta errealitate horrek: Zaballako makro-kartzelan bost preso hil dira 2019an, eta seigarren bat Martutenen.
2019 urte hastapenetatik martxa hartuta ibili da espetxeko heriotzen markatzailea, urtarrilak 17 zituela heldu baitzen Zaballako makro-kartzelatik berri iluna: 28 urteko J.A. bizkaitarraren hilotza aurkitu zuten bere ziegan; heriotzaren kausa gaindosia omen. Atzetik etorri ziren antzerako kasu gehiagoren berriak espetxe beretik: otsailean bigarren preso bat zendu zen, isolamenduan zela bere buruaz beste egin ostean, Espainiako Espetxe Erakundeetako langileen elkartearen arabera; apirilaren 1ean Jonathan Costillas Rituerto, 24 urteko gasteiztarra, bere ziegan urkatuta aurkitu zuten; 28 urteko Xabier Gonzalez Garcíaren heriotza izan zen hurrena, apirilaren 25ean, ustez gaindosiz; eta irailaren 21ean, A.F.N. 50 urteko donostiarra hil zen, hau ere, ustez, gaindosiz. Urtea bukatu aurretik, Arabako espetxeak utzitako zifra beltza gizendu zuen Martuteneko espetxean jazotako beste preso baten heriotzak, abenduaren 20an; heriotza naturala izan zela esan zuen funtzionario talde batek. Azken espetxe horretatik heldu zaigu 2020an Euskal Herrian hildako lehen presoaren berri, urtarrilaren 13an aurkitu baitzuten 41 urteko presoa hilik, gaindosiz, funtzionarioen arabera.
“Ez dakigu zehazki zeri dagokion heriotza kantitate altu hori, baina badakigu kartzelak ez duela ezer egin ekiditeko eta ez dagoela bermerik berriz halakorik gerta ez dadin. Kartzelak opaku izaten jarraitzen du”, egin du irakurketa Zaballako bost heriotzez Salhaketa Arabako Maialen Martinez de Marigortak. Espetxe barruan gertatzen dena jakitea eta kustodiapeko heriotzen gaineko informazioa eskuratzea oztopatzen duen opakutasunaz ari da, Salhaketak iazko urtean behin baino gehiagotan seinalatu duena, halabeharrez. Zaballan laugarren presoa hil berritan espetxeko heriotzen “ezkutatze politika sistematikoa” salatu zuen elkarteak, “barrote arteko heriotza ez-naturalen aurrean eratutako inpunitate estrategiaren parte den” politika, alegia.
Salhaketa Arabako abokatuaren azalpenen arabera, preso bat hiltzen denean, heriotzaren zergatiak argitzeko prozedura abiatzen du epaitegiak. Alabaina, “espetxeak ez du jarrera aktiboa izaten gertakariak argitzeko prozesuan, ezta ere Fiskaltzak; presoaren familiak, ez bada abokatuarekin eta prokuradorearekin prozesuan aurkezten, ez du izango autopsia informea besterik”. Zendutakoaren familiari telefono bidez heriotzaren berri ematera mugatzen da espetxea, “familiak hartu ditzaken legezko akzioak aipatu eta azaldu gabe”. Gardentasun falta horrek, besteak beste, zaildu egiten du heriotza horien gainekoak argitzea, sarri heriotzaren kausa zein izan den egiaztatzea eragozteraino. Horren muturreko adibide dugu Zaballan hildako Xabier González Garcíaren heriotza; espetxeak gaindosiz hil zela jakinarazi zuen, baina lehen autopsiaren emaitzak jaso aurretik gorpua erraustera bideratu izanak, bigarren autopsia baterako aukera hutsera bihurtu eta heriotzaren zergatiak argitzea eragotzi zien senideei. Gazteari eginiko autopsiaren aurrerakinean drogei buruzko aipamenik ez zen azaltzen, eta heriotzaren kausa beste bat izan zitekeela pentsatzeko motiboak baziren. Espetxearen prozedurak, baina, argiari sarrera blokatu zion beste behin.
Kanpotik ikusezina den horma arteko errealitate horren adierazpide muturrekoenak ditugu presoen heriotzak. Iazko datu ofizialik oraindik ez dagoen arren, Espainiako Espetxe Erakundeetako langileen elkarteak emandako informazioaren arabera, 2018ko abenduaren lehenetik 2019ko abenduaren azkenera bitarte 178 preso zendu ziren Espainiako Estatuko Kartzeletan; datuok ez dituzte barne biltzen Kataluniako espetxeetan jazotako presoen heriotzak, horien konpetentziak Generalitateak baititu, baina bertako datuak gehituz gero 198ra igotzen da hildakoen kopurua. Urtez urte, gorabeherak gorabehera, altu mantentzen den zifra batez ari gara: Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 2017an 147 preso hil ziren Espainiako Idazkaritza Nagusiaren mendeko espetxeetan; 2018an, berriz, 210 –zifra horiek ez dituzte barne biltzen baimenarekin espetxetik kanpo zirela hildako presoak, ezta “parekagarriak diren egoeretan” hildakoak ere; 20na pertsona aipatu urte bakoitzeko–. Datu horiei Kataluniakoak gehituz gero, 246 lirateke 2018an hildako presoak Espainiako Estatuan, eta 2019an zendutakoak 188. Frantziako Estatuari dagokionean, 2017koak ditugu Espetxeen Nazioarteko Behatokiaren Frantziako sailak publiko egindako datuak: 162 presoren heriotza zenbatu zituen urte horretan.
Heriotza bat bi egunean behin, hiru asteko. Espainiako Estatuan maiztasun horrekin hiltzen dira presoak, espetxeei begira lan egiten duten hainbat eragile eta adituk etengabe azpimarratzen dutenez –datu hori puztu egingo litzateke kontuan hartuz gero hiltzear daudela aske utzitako presoak, salatu izan dutenez murru arteko heriotza kopurua jaisteko espetxeak darabilen estrategia baita–. Heriotzen kausa nagusiak mantendu egiten dira urtetik urtera: suizidioak, gaindosiak eta “heriotza naturala” izendatutakoak. Suizidioei dagokienez, jendartean ematen diren kasuen boskoitza jazotzen da espetxean; eta zifra hori hiru aldiz handiagoa da isolamendu erregimenean, kalean baino hamabi aldiz handiagoa. Europako Kontseiluaren azken espetxe estatistiken (SPACE) arabera, Espainiako zein Frantziako espetxeetan ematen den suizidio kopuruak Europako media gainditzen du. Gaindosiei begiratuz gero, horietako asko presoek astebururako medikazio guztia kolpean kontsumitu ostean gertatu ohi dira. Heriotza natural izendatutakoen atzean, berriz, gaizki artatutako osasun arazoak eta gaixotasunak gordetzen dira maiz. Horren adibide, askatasuna ukatuta duten pertsonen osasun eskubideen aldeko Osabideak elkarteko Nahia Aia medikuak Públicori adierazitakoa: ustez bihotzekoak jota hildako preso baten familiak laguntza eskatu zien, eta kasua aztertzean jakin zuten diagnostikatu eta tratatu gabeko bihotzeko batek eragindako bihotz-hausketa baten ondorioz hil zela; bihotzekoak eman zionean antsietatea diagnostikatu zioten, eta trankilmazin batekin arazoa konpondutzat eman. Informazio faltan, baina, antzerako prozedura okerrak identifikatzea zaila da. “Arreta eza ezkutuan geratzen da beti”, Aiaren hitzetan.
Heriotza bat bi egunean behin, hiru asteko. Espainiako Estatuan maiztasun horrekin hiltzen dira presoak
Naturalizatutako heriotza horien artean gaixotasunek eragindakoak dira beste asko, nahiz eta ez lukeen hala izan behar. Espainiako Zigor Kodeko 91. artikuluak eta Espetxeen Erregelamenduko 196. artikuluak baldintzapeko askatasun eskubidea ezartzen dute larriak edo osatu ezinezkoak diren gaixotasunak dituzten presoentzako, edo hirugarren gradura igarotzea Espetxeen Erregelamenduko 104.4 artikuluaren arabera. Legea betetzeak osasun arreta hobea erraztuko lioke larriki gaixo den presoari, baina hainbat kasutan espetxeak oztopoak jartzen ditu hala izan dadin. Preso politikoen artean maiz ematen den egoera da: gaixotasun larrien sorburu dira espetxe zigor luzeak eta denbora horretan guztian pairatutako osasun arreta gabeziak; eta gainera “preso mota honentzako ad hoc asmatutako baldintza berriak txertatu dituzte Kode Penalean, non preso gaixo larrien irtetea damu politikoarekin eta poliziarekiko kolaborazioarekin lotzen den”, euskal preso politikoei begira lan egiten duen medikuen Jaiki Hadi elkartearen hitzetan. Osasun irizpideei beste irizpide batzuk gainjartzen zaizkie, alegia. Horren albo kalteek, esan beharrik ez da, presoaren osasuna dute jopuntu.
Suizidioei dagokienez, jendartean ematen diren kasuen boskoitza jazotzen da espetxean; eta zifra hori hiru aldiz handiagoa da isolamendu erregimenean, kalean baino hamabi aldiz handiagoa
Heriotza naturala terminoari “falazia” deritzo Salhaketa Arabako Martinez de Marigortak, “naturalak ez diren heriotzak naturalizatzeko eta kartzelako testuingurua kaltegarria ez balitz bezala aurkezteko saiakera”. Ildo berean mintzo zen abenduan Salhaketa Nafarroa, iaz Espainiako Estatuko espetxeetan hildako preso kopuruaren harira publiko egindako idatzian. Espetxeak ez luke izan behar heriotza kondena artikuluan “heriotza naturala” terminoa ezabatzea ezinbestekotzat jo zuen elkarteak, ondokoa argudiatuz: “Nahiz eta kontzeptu medikoa izan, kasu hauetan leungarria da bere erabilera, eta batez ere, arazoaren dimentsioa ezkutatzen duen tranpa da”. Elkarteak defendatzen duenez “naturaltzat” jotako espetxeko heriotzen kopuru handi bat gaixotasunen baten zein “oinarrizko eta ezinbesteko” osasun arretaren utzikeriaren ondorioz gertatzen da, ez bat-batean. “Espetxean jazotzen diren heriotza asko itxialdi baldintzek maila fisiko zein psikologikoan osasunean eragiten duten eraginaren ondorio zuzena dira. Beste era batera esanda: espetxeak gaixotu egiten du, itxialdi baldintzek hil egiten dute”, azpimarratu du Salhaketa Nafarroak.
Maialen Martinez de Marigorta: "Kartzela da kartzela barruan ematen diren heriotzen kausa"
Salhaketa Arabakoak Nafarroako kideen uste berekoak dira. Halaxe dio Martinez de Marigortak: “Kartzela da kartzela barruan ematen diren heriotzen kausa. Aurten Zaballan hildako bost presoetatik lauk 30 urtetik behera zuten, heriotza horiek ez dira naturalak eta testuinguru horretan ulertu daitezke bakarrik. Kartzelako heriotzek ere egiturazko logika bati erantzuten diete”. Elkarteak azpimarratu izan duenez, heriotza horiek arreta psikosozial faltaren icerbegaren punta dira.
Saihestezinak izatetik urruti, espetxe barruko heriotza asko eta asko ekidin daitezkeela azpimarratu ohi dute aipatu elkarteek. Egiteko horretan, baina, espetxearen egitura bera da oztopo. Batetik, espetxeen egoera dago: 2018ko SPACE txostenaren arabera, Espainiako Estatuko espetxeratze-tasak Europako media gainditzen du, eta horrek espetxeen saturazioa erraztu dezake. Espetxeko Idazkaritza Nagusiaren 2018ko Giltzapetutako biztanleria Espainian txostenak 321 preso zenbatzen zituen Bizkaian, 292 Gipuzkoan, 308 Nafarroan eta 701 Araban; Frantziako Estatuaren espetxeratze-tasa, aldiz, Europako mediaren bueltan dabil SPACE txostenak dioenez, baina horrek ez du saturazioa ekiditen nahitaez: Baionako espetxeak emandako datuen arabera, 2019ko urtarrilean 104 pertsona zituen 66 ziegatan. “Saturazioari preso askoren egoera gehitzen badiogu –droga-menpekotasunak, miseria, bazterketa, desesperazioa, etab.– haztegi perfektua dugu zorigaiztoko ondorioa gerta dadin”, ohartarazten zuen Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduak idatzi batean.
Heriotza haztegi horretan ongarri da espazioaren egitura. Espetxea eta Osasuna txostenean egitura horrek osasuna nola kaltetzen duen azaldu du Jaiki Hadik. Kartzela espazio fisiko itxia, mugatua eta murritza izanik, erabat eragiten du presoaren zentzumenetan. Batetik, “espetxeko itsumen” delakoa eragiten du: eremu oro mugatua egonik, presoaren ikus-distantziak urriak bilakatzen dira, eta horrek ikusmen galera dakar. “Buruko minak eta ikusmen somaketaren deformazioa eragin ditzake, itxura eta koloreen pertzepzioa galtzeraino”, elkartearen hitzetan. Ikusmenaren bide beretik, usaimenak ere galerak pairatzen ditu: aireratze eta bentilazio eskasaren ondorioz espetxeak berezko usaina izan ohi du, usain hori gailenduz beste guztien artean eta “usaimen pobrezia” eraginez presoarengan. Entzumena, kontrara, murriztu ordez saturatu egiten da, espazio itxian zarata maila ohi baino altuagoa bilakatzen baita; egunez burrunba aditzen egotetik gaueko isiltasunera igarotzeak alerta egoera sor dezake, antsietate arazoak izateko aukerak puztuz. Bestetik, espazioarekin batera mugikortasuna ere mugatzen da, arazo traumatologikoei bide emanez. Horrekin guztiarekin batera, uda zein negu izan, hotz zein bero egin, presoak euritarako zein eguzkitarako babesik ez duten patioetan egon behar dute “kanpora” atera nahi izatera, eta horrek azal gaixotasunak sortzen ditu. Elikadura nutrizionalki desegoki eta desorekatuak ez du aurreko guztiaren mesedetan jokatzen.
Maila fisikoaz haragoko mugak ere xedatzen ditu espetxe arautegiak, presoari exijitzen diotenak bere “izaera eta egitura mentala espetxeko espazio hertsira egokitzea”. Batetik, espetxeak zehaztutako denboraren erabilera inposatzen da, norbanakoei denbora beren erara kudeatzea ukatuz. Bestetik, kanpotik datorren oro –izan bisita zein korrespondentzia- instituzioaren galbahetik igaroko da, kanpoko errealitatearekin eta harremanekin dituen loturak desitxuratuz presoaren begietara. Funtsean, espetxera sartzearekin bat, presoak egokitzapen prozesu bati aurre egin beharko dio, testuinguru eta arau berrietara egokitzeko. “Egokitzapen prozesu hau norberaren gaitasun eta trebetasunetan oinarritzen da; baina gaitasun horiek huts egiten dutenean, prozesua traumatikoa eta patologikoa bihurtzen da”, dio Jaiki Hadik. Ondorioztatu daitekeenez, behin traumari edo patologiari atea irekita, laburtu egiten da heriorengandik distantzia.
Kartzela barruko kartzela bezala irudikatu dezakegun isolamendu erregimenean, aipatu albo-kalteak esponentzialki indartzen dira. Eta horrek, nabarmena denez, arrisku faktoreak izugarri igotzen ditu. Egoera horien guztien aurrean, presoaren familiak beren senidea gaizki pasatzen ari dela ikusiz gero, kartzelari horren berri emateko bitarteko eta baliabiderik ez dagoela azpimarratu du Martinez de Marigortak.
Presoaren bizitza mesprezatzen duten dinamikak eta osasun eskubidearen ukapenak, bakoitzak bere aldetik kalte larriak eragin baditzakete, zer esanik ez elkarrekin nahasten direnean
Zuzenbide penalean doktorea den Paz Francés Lekunberri ahoan bilorik gabe mintzo zen El Salto bidez argitaratutako artikulu batean: “Espetxeak, ezer ez konpontzeaz gain, giltzaperatzen dituen pertsonen aurka atentatzen duten prozesuei ematen die bide, zenbait alditan –askotan–, horiek hiltzen amaituz”. Espetxeetan bizitza gutxiesten duten dinamikak existitzen direla zioen, umiliazio etengabekoak tarteko “pertsonaren suntsipen prozesuak” bultzatzen dituztenak. Horrez gain, askatasun gabetze zigorrak askatasuna ez ezik beste hainbat eskubide hertsatzen dituela gehitzen zuen; horien artean legoke osasun eskubidea. Presoaren bizitza mesprezatzen duten dinamikak eta osasun eskubidearen ukapenak, bakoitzak bere aldetik kalte larriak eragin baditzakete, zer esanik ez elkarrekin nahasten direnean.
“Izan gaitezen zintzoak errealitate horren aurrean eta egin gaitezen berorren kargu, espetxea ere Administrazio Publikoa baita (…) exijitu diezaiogun Espetxe Administrazioari beste administrazio publiko guztiei eskatzen diegun berbera”, dio Francések. Mintzagai dugun problematikaren urgentzia ikusirik, eskakizun printzipalen artean behar luke presoen osasun eskubidea errespetatzeak.
Berez, preso dauden pertsonek askatasuna ukatua ez dutenen osasun eskubide bera daukate. Hala dio Espetxeen Erregelamenduko 208.1 artikuluak: “Preso guztiei, salbuespenik gabe, bermatuko zaie hiritar guztiei ematen zaien arreta mediko-sanitarioaren baliokidea”. Bistan denez, baina, errealitatean gauzak ez dira hala, osasun irizpideei beste batzuk gailentzen baitzaizkie –segurtasunezkoak, erregimenaren araudiari edo aurrekontuei loturikoak, politikoak...–. Zentzu horretan, espetxeko osasunaren eskumena nork izan, bada ezberdintasunik. Espainiako Estatuan eredu orokortua 1986tik datorrena da: Espetxe Administrazioa arduratzen da lehen arretaz, eta Espainiako Osasun Sistema Nazionala artatze espezializatuez. Lehen arreta Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiaren esku geratzen da, eta erraztu egiten du osasun irizpideen aurretik bestelakoak jartzea. Hala dela baieztatu du Jaiki Hadik: “Sendagileak espetxe funtzionario izateak espetxe arauak presoaren osasun beharraren gainetik ezartzea eragiten du behin baino gehiagotan”. Hori gutxi ez, eta beraiek, kanpoko mediku bezala presoak artatzerakoan, “asistentzia, diagnostiko eta tratamenduak” burutzeko oztopo eta arazo larriak izaten dituztela diote. Argi mintzo dira: “Kontraesan nabarmenak daude Espetxe Kodearen eta [Medikuntzako] Kode Deontologikoaren artean”.
Jaiki Hadi: “Sendagileak espetxe funtzionario izateak espetxe arauak presoaren osasun beharraren gainetik ezartzea eragiten du behin baino gehiagotan”
Nafarroak, EAEk ez bezala, eredu hori mantentzen du. Iruñeko espetxeko osasunaren eskumenak Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiaren eskuetan jarraitzen du. Salhaketa Nafarroak “ezinbestekotzat eta urgentziazkotzat” du Nafarroako Gobernuak eskumen hori bere egitea, “moteltasunak, blokeo burokratikoak eta desadostasun politikoek” egoera bere horretan mantendu bitartean presoen osasun eskubideak urratzen ari direlako, “hori izanik urtero espetxeetan ematen den heriotza marearen benetako eragilea”.
EAEn bestelakoa da espetxeetako osasunaren kudeaketa 2011 urteaz geroztik. Espainiako Kongresuak 2003an Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitate Legea onartu ondotik, Espainiako Gobernua derrigorturik dago Espetxe Erakundeen menpeko osasun zerbitzuak autonomia-erkidego bakoitzari transferitzera; izatez hemezortzi hilabeteko epea zuen egiteko hori gauzatzeko, baina gaur egun oraindik osasunaren eskumenak Espetxe Erakundeena izaten jarraitzen du kartzela gehienetan. Espainiako Estatu osotik, soilik EAEn eta Katalunian aldatu dira eskuz osasun eskumenak. 2011tik Osakidetzaren menpe daude Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako kartzeletako osasun konpetentziak, eta horrek badakar onurarik presoen osasun eskubideak errespetatzeari dagokionez. “Positibotzat” du Martinez de Marigortak: “Horrek esan nahi du konpetentzia dutenak ez direla espetxe funtzionarioak, baizik eta kanpotik datozen osasun langileak; horiek beste ikuspuntu bat izan dezakete, eta presoen osasunaren alde jardun”. Alabaina, eskumena Osakidetzak izanik ere, heriotzak espetxeetan gogor kolpatzen jarraitzen du, Zaballan jazotakoak horren adierazle garbi. Horren aurrean, Salhaketa Arabak bere eskakizuna argi helarazi dio Eusko Jaurlaritzari: “Espetxeko konpetentzia bakarra osasunarena duen heinean, hori indartu dezala”.
Salhaketa Arabak bere eskakizuna argi helarazi dio Eusko Jaurlaritzari: “Espetxeko konpetentzia bakarra osasunarena duen heinean, hori indartu dezala”
Barrote artean bizi duten osasun egoera prekarioaren eta beste hainbat baldintza negargarriren aurrean borrokan diraute presoek. Espainiako Estatuko espetxeetan, 2019ko azarotik gose greba birakaria ari da gauzatzen Presxs en lucha (Presoak borrokan) kolektiboa, eta beste hainbat exijentziaren artean dituzte osasun arreta egokia eta preso gaixoen kaleratzea: “Legea ez bete izanagatik atxilotu gaituztela uste den bitartean, teorikoki lege hori defendatu beharko luketen horiek trufatu egiten dira gure eskubideak defendatzeari dagokionez (…) hasteko, beraz, hori besterik ez dugu exijitzen: gure eskubideak bete daitezen, eta ez soilik guri exijitu gure betebeharrak”.
Espetxe barruan abiatutako ezein borrokak, baina, badu bere ordaina mobilizatzen diren presoentzat. Menderakuntza-sisteman oinarritutako instituzioa izanik, bere arauen aurrean sumisioa agertzen duen presoa saritu egiten du, eta altxatzen dena, berriz, zigortu. Jarreraren arabera, presoak aukera gehiago edo gutxiago izango du senideen bisitak jasotzeko, kalera ateratzeko baimenak lortzeko edo etxetik gertu kondena betetzeko, besteak beste. Hala bada, hainbat dira borrokara batzen den presoak arriskuan jartzen dituen aspektuak, eta osasuna ez da salbu. “[Espetxeko] menpekotasun sistema artikulatzen duen mekanismoa sailkapen graduak eta tratamendua dira”, dio Jaiki Hadik. Borroka egiteak eskutik dakar mekanismo horren ondorioak pairatzea, tratu txarrak jasotzeko eta lehen graduan isolatuta egotera igarotzeko aukera nabarmen handituz; eta horrek, era berean, eragiten du presoaren osasuna kinka larrian jartzea. Abolizioak soilik eten dezaken gurpil zoroa.
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]
Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.
Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.
Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den seigarren presoa... [+]
Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]
Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.
Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]
Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.
Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]
Salhaketa Arabak eman du heriotzaren berri. Elkartearen arabera, 47 urteko jatorri hegoamerikarreko gizonezkoa da hildakoa, eta bere burua urkatu du. Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik Arabako espetxean hiltzen den bigarren presoa da.
Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.
Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]
Presoen arteko liskar batek eragin ditu hilketak, polizia iturrien arabera. Azken urteetan Honduraseko espetxe batean gertatu den ezbehar handienetarikoa da.
Preso dauden pertsonen artean portaera suizida areagotu egiten da, faktore psikologiko eta soziodemografikoengatik. Hego Euskal Herrian, 2023an, bi presok egin zuten beren buruaz beste astebetean. Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak “laguntzarako presoen” irudia... [+]