Facebook-eko Hondarbiko Hitzak orrialdeak bertako hitz, esamolde eta abarrak argitaratzen ditu tarteka. Arrakastatsua da; post-ek erreakzio andana sortu ohi dute herritarren artean.
Behin irakurritakoaren arabera, gaztelaniaz ohikoa den esaera zaharra honela esaten da Hondarribian: “Pittittua ikusita mutilla”. Uste dut esanahia argi dagoela. Lagunei esan nien gustatu zitzaidala, horrela, bustidura eta guzti, eta nire euskal atsotitzen errepertorio urrian sartuko nuela. Berehala txarretsi zidaten proposamena, algara artean: “Ondo dago, bai… Hazte oir-en hurrengo kanpainako eslogana izateko! Kar, kar!”. Orduan konturatu nintzen ez dela oso baliabide garaikidea, eta geroztik ez dut ia erabiltzen.
Pasa den astean neuri bururatu zitzaidan atsotitz berri bat, Jean-Paul Sartreren esaldi hura egokituta: “Piztia beti da bestia”. Aproposa iruditu zitzaidan norbere ardura asumitu ez eta besteari dena leporatzeko joera adierazteko.
Gustura geratu nintzen ideiarekin, baina bat-batean gogora etorri zitzaidan Eneko Bidegainen iazko txio bat: euskal hedabideei errieta egiten zien Oro ez da urre atsotitza hainbeste erabiltzeagatik. Izan ere, ez da “euskal esaera bat” eta, are, “ez da existitzen”, irakasle lapurtarraren iritziz.
Pena da, bada. Izan ere, zenbat esaera zahar-berri sortu ditugu euskaraz? Horietako zenbatek biziraun dute eta noraino hedatu dira? Gutxi, bakanen bat. Gure erresonantzia-kutxa txiki-hauskorrekin, ez sinestekoa da Oro ez da urre atsotitzak urratu duen ibilbidea, eta barra-barra erabiltzen da gaur egun, Bidegainek berak aitortu bezala. Barra-barra erabiltzen da, baina “ez da existitzen”.
Eta hasi nintzen bueltaka, “piztia beti da bestia”, “piztia beti da bestia”… Hasteko, argi dago gaztelaniaz jakin ezean ez dela hitz jokoa ulertzen, eta gure Iparraldeko anai-arreba askok ez luketela bere osotasunean gozatuko esamoldeaz. Gainera, ez dezagun ahaztu ez duela idazkera forma estandarra errespetatzen. Hau da, euskalkian dagoela esaldiaren zati bat. Eta ez dugu enegarrenez alferrik hauspotuko azkenaldiko euskalkien eta batuaren arteko gatazka. A, eta ez dut ahazten jatorrizko forma erdarazkoa dela, aitortzen dut. Beraz, niri bururatutakoa ez da “euskal esaera bat”, “ez da existitzen”.
Etsipen puntu batekin, azkenerako pentsatu dut nire atsotitz berria baztertzea, eta aurrerantzean ere erdarazkoak erabiltzen segitu dut; aurretik, noski, “esaten den bezala” gehituta nire burua salatuz.
Baina hori, piztia beti da bestia.