argia.eus
INPRIMATU
Likido irribarretsuak
Uxue Apaolaza Larrea 2020ko otsailaren 05a

ADEGIk badaramatza urte batzuk “enpresa-kultura berri” bati buruz hizketan. Kontzeptu hori harri bilakatzen ikusi dugu berriki, Fabrika izeneko enpresa fisiko bat abiarazten. Berrikuntza gutxi irudietan. Gizonak gizonen inguruan, enpresari eta politikariak, eta proiektua gauzatuko duen enpresa eraikitzailea ere aspaldiko ezaguna. Eta hitzak. Berria egunkarian jasotakoak: pertsona “transbertsalak, moldagarriak eta likidoak” behar dituzte. Sagarzazu kazetariak zorrotz azpimarratu bezala “langileak ez, pertsonak”. Ea langile entzun eta “klase” pentsatuko dugun; “sindikatu”, “konfrontazio”, “haserre” eta likido eder beharrean, talentu irribarretsu, enpresa bateko arraunlari, kontzeptu zaharkituei eutsiko diegun, eta jarraituko dugun hitz likidoen ordez errealitate solidoak ikusten, beti itsusiagoak. “Patronalaren esklaboak” irakurri genien Gipuzkoako egoitzetako langileei, emakumeak horiek.

Likido nahi gaituztela entzun eta niri hormigoizko gorputza jartzen zait, zurruna, materialista… Lasai, ez dut komunista esango, likido karbonatatu horren hurrengo burbuilak eztanda egin eta harrizko bihurtzen garen arte.