argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
H.
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko otsailaren 04a

Iñaki Uriarteren eguneroko jada mitikoak ezagutzen dituenak jakingo du: tipoak badu leku kutun bat, erlaxatzeko, ihes egiteko: Benidorm. Benidorm, sinpatikoa zait, batez ere Rafael Chirbesen Mediterráneos saiakera bilduma irakurri nuenetik. Are gehiago Uriarterenak leituta: “Berriz egon gara Benidormen, astebete. Berriz oso ondo. Han beti sentitzen naiz lasai eta buruargi. Ia ezer egin gabe. Ez dakit zer gertatuko litzatekeen denboraldi luze bat emango banu. Edonola ere, ona da halako leku bat izatea”.

Kontrastean, zera diosku jarraian: “No sé estar en S.S.”. Ez dakiela egoten Donostian alegia, beti sartzen zaiola nolabaiteko malenkonia itogarri bat: “Oraina korapilatzen zait haurtzaroko geruza oso antzinakoekin, eta horrek nahasmena sortzen dit eta inondik inora Benidormekoa bezain erlaxagarria ez den animo egoera bat. Itsasoa begiratzera ateratzen naiz. Begiratzen dut, dena bere lekuan dagoela konprobatzen dut, baina etxera itzultzen naiz bilatzen nuena ikusi gabe”. Kuriosoa da, Chirbesek hau esaten baitu aipatu liburuan: “Donostiako Parte Zaharraren fotokopia lauso eta eguzkiak erretako bat osatzen dute Benidormeko euskal taberna horiek guztiek”. Psikoanalistaren batek analiza dezala Uriarterena.

Haren jolasa jarraituz, aste batzuk daramatzat bizitzen berriz H. deituko dugun herrian, nire herri betikoan. Eta, hasierako ustearen aurka, azken hamabost urteetan ezagutu dudan herri oporretakoaren oso bestelako gauza bat aurkitu dut, gauza bat ezaguna, orain hamabost, hogei, hogeita bost urte bizi izan nuenarekin antz handia duena. Eta, onena, ez dut sentitu nostalgiarik batere, kontrara. Agian Mediterráneos irakurrita nagoelako, eta Chirbesen hitz hauek dauzkadalako burmuinean tatuatuta: “Zure nerabezaro galduagatik negar egitera dedika zaitezke. Hezigarriagoa iruditzen zait, ordea, mutiko haren irrikek hartu zuten norabidea argitzen saiatzea”.