argia.eus
INPRIMATU
Hedabideak publizitate instituzionalik gabe Iruñean
Langa bat gehiago
  • Kalkulua zehatza da. Iruñeko biztanleen %10,5 da euskalduna. Navarra Sumak gidatutako Iruñeko Udalak publizitate instituzionala lortzeko gutxienez audientzia osoaren %10 izatea exijitu die hedabideei. Euskarazko hedabideek publizitatea lortzeko hiriko biztanle euskaldunen %95,6 izan beharko lukete hartzaile. Ariketa zaila.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2020ko otsailaren 05
Argazkiko lau hedabideak publizitate instituzionalaren bidezko diru iturririk gabe geratuko dira.
Argazkiko lau hedabideak publizitate instituzionalaren bidezko diru iturririk gabe geratuko dira.

Euskarazko hedabide guztiak gelditu dira jokoz kanpo, publizitatea esleitzeko lizitazioan sartzeko hedabide bakoitzak bere audientzia potentzialaren %10 behar zuelako izan. Hiriko ia biztanle euskaldun guztiek entzun, irakurri eta ikusi beharko lituzteke euskarazko hedabideak lizitazioan sartu ahal izateko. Bitxia da Xaloa Telebistaren adibidea. CIES hedabideen azterlanaren 2019ko lehen olatuaren audientzia datuek diote Xaloa Telebistak %9ko audientzia duela. Publizitatea jasotzeko irizpide nagusitik puntu batera geratu da. Ehuneko bederatzi oso zifra handia da eta pentsa genezake Iruñeko ia euskaldun guztiak dituela entzule telebistak. Halako ehunekoa izateko arrazoia da hainbat saio, batik bat musika eta kirola, euskaldunek bezala erdaldunek ere ikusten dituztela.

Publizitate instituzionala udal gobernuan EH Bildu egon denean jaso dute euskarazko hedabideek. Euskalerria Irratiak 24.000 euro jaso ditu urtero Joseba Asironen legegintzaldian, Xaloa Telebistak 20.000 euro, Hamaika telebistak 15.000 euro eta Nafarroako Hitzak 18.000 euro. Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegi Administratiboan, Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalaren esleipenaren kontra.

Nork izango du publizitate instituzionala?

Sei hedabidek jasoko dituzte udal gobernuak publizitate bidez banatutako 600.000 euroak: Diario de Navarra (Brandok Comunicación) eta Diario de Noticias (Glocal Multimedia) egunkariek eta haien edizio digitalek, navarra.com (Glocal Influence) agerkari digitalak, Ser eta Cope irrati kateek eta Navarra Televisión-ek.

Irizpide aldaketa

Publizitatea eskuratzeko irizpide nagusia izan da audientziaren %10 izatea. %75eko balioa du, Enrique Mayaren udal gobernuak hala erabaki duenetik. Hedabidearen proposamen ekonomikoak %10 balio du eta hedabidean egitekoak diren hobekuntzek %5. Irizpide sozialek gehienez %10eko garrantzia izango dute.

Ostiko bat gehiago

Hedabide batzuei beste batzuei baino gehiago eragingo die irizpide aldaketak. Hala ere, ez dira hil ala biziko diru-sarrerak izan inorentzat, aurrez publizitate instituzionaletik batere jaso gabeak dira. Beste kontu bat litzateke aztertzea euskarazko hedabideei zein kopuru jasotzea dagokien.

Bien bitartean, udal berriak euskararen aurka ostikoak banatzen segitzen du. 1997ko euskararen ordenantza berreskuratu dute eta duela gutxi jakinarazi dute bi haur eskola gaztelaniara itzularaziko dituztela.