argia.eus
INPRIMATU
Elikadura eskolak Durangaldeko ikastetxeetan
Garazi Zabaleta 2020ko otsailaren 06a

Durangaldeko hamabi eskola publikotako gurasoetatik sortu zen Berton Bertokoa mugimendua, 2015ean, eta eskoletako zuzendaritza taldeekin elkarlanean ari dira geroztik. “Gure asmoa hasieratik bestelako jantoki eredu bat aldarrikatzea eta eskoletan sukaldeak lortzea izan da”, azaldu digu Isa Gonzalez Durangoko Zabalarra eskolako amak. Ekimen ugari eta oso desberdinak egin dituzte plataformatik urte hauetan zehar, eta oraingoan proposamen berri batekin datoz: elikadura eskolak.

Lau saio praktiko

Otsailaren 10ean, 17an, 24an eta martxoaren 5ean elikadurarekin lotutako hainbat saio praktiko eginen dituzte Durangaldeko ikastetxeetan. Lehena, Durangoko Zabalarra ikastetxean izanen da eta elikagaien jatorriaren eta banaketa kanalen inguruan arituko dira: “Zergatik erosten ditugun elikagai batzuk eta ez beste batzuk? Korporazio handiek nola eragiten duten aukeraketan?... Lehen sektorearen eta elikaduraren inguruan kontzientziatzeko izanen da lehen saioa”, dio Gonzalezek.

Bigarren saioa Zornotzan eginen dute, eta elikaduraren ikuspuntu nutrizionalera begira jarriko dira. Hirugarrena, Zaldibarko eskolan eginen dutena, eskola-jantokietako elikadurari buruzkoa izanen da: “Hitz egingo dugu gurasook zer egin dezakegun, jangela gune hezitzaile bihurtzeko”. Azken saioa, berriz, eskoletatik jatetxera pasatuko da. Izan ere, Atxondoko Akebaso jatetxean sukaldaritza saioa eginen dute Iñigo Fuertes sukaldariarekin.

Umoretik eta talde indarretik borrokan

“Hamabi eskola gara mugimenduan, 20-25 bat pertsonek hartzen dugu parte bertan, eta ikaragarria da bertan dagoen konpromisoa eta elkarrenganako errespetua”, dio Gonzalezek. Nabarmendu du Berton Bertokoa ez dela elkarte bat, mugimendu zabala baizik, eta taldean eta elkarlanean dago indarra Gonzalezen ustez. “Asko ikasten dugu batak bestearengandik eta elkar babesten dugu, hor dago gure indarra”. Beraien ekimenetan umorea ere asko erabili izan dute, aldarrikapenak egiteko.

Hainbat lorpen txiki izan dituzte urteotako ibilbidean:  esaterako, sukalderik ez zuten Durangaldeko lau eskoletatik hirutan lortu dute sukaldea. Bide horretan, giltzarri izan da mugimenduak eskualdean lortu duen babes zabala: eskualdeko alderdi politiko guztiek, sindikatuek, sukaldariek eta beste hainbat alorretako jendeak babestu dituzte mugimenduaren eskakizunak: katering enpresek menuetan tokiko eta sasoiko produktuak sartzea eta eskola bakoitzak sukaldea izatea.