argia.eus
INPRIMATU
Amaia Bergara, kale hezitzailea
“Askotan, gazte hauek dituzten konfiantzazko pertsona bakarrak gu gara, epaitu gabe entzuteko prest”
  • Gizarte integrazioa ikasi zuen Amaia Bergara Juanko iruindarrak eta lau urtez aritu da nerabe eta gazteekin kale hezitzaile, Iruñerriko herri batean. Beren lekua aurkitzen ez duten gazteei arreta eskaintzeko aukera eman dio aisialdi giroak, gaztelekuan eta kalean. Duela hilabete batzuetatik haurrekin ari da lanean, gaur dituzten gabeziak ez daitezen bihurtu biharko arazo.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko otsailaren 04a

Esan izan duzu askorentzat zuen lana pailazoarena egitea dela. Ez da ulertzen kale hezitzaileen lana?
Aisialdiko hezitzailea zarela diozunean jendeak pentsatzen du jolasten igarotzen duzula eguna. Ez da ikusten atzean dagoen prestaketa, eta batez ere, denak duela helburu eta zergati bat, baita ping-pongean edo parkean jolasean ari garenean ere. Adibidez, badakizu nesketako bat etxean gaizki dagoela eta bikotekidearekin arazoak dituela, bada bikotekidea futbolinean jokatzera igo denean neska animatzen duzu zurekin kartetan jolastera, eta testuinguru informal horretan harrigarria da nola irekitzen zaizkizun. Niri neska batek behin esan zidan: “Makina bat psikologotan egon naiz, baina gominola poltsarekin hona etorri, zurekin kartetan hasi eta orduan ateratzen zaizkit gauzak”. Ez gaituzte figura hain autoritariotzat, eta horrek haiengana heltzea eta dituzten arazo eta gabeziak lantzea errazten digu. Atetik sartu ahala ikusten duzu zein dagoen egun horretan gaizki, zeinek erre dituen porro gehiegi, zeinek duen arazoren bat…

"Aisialdi giro informal horretan, harrigarria da nola irekitzen zaizkizun. Ez gaituzte figura hain autoritariotzat"

Hezkuntza formalarekiko, eskolarekiko, zer da zuek aisialditik, hezkuntza ez-formaletik egiten duzuen ekarpena?
Irakaslearentzat, curriculuma betetzeko helburua izanik buruan eta 30 ikasle gelan, ikasi nahi ez duena edo beti lo dagoena traba da, ez dago astirik ikasle hori ulertzeko, zergatik ez duen ikasi nahi. Aldiz, horretan jartzen dugu guk fokua.

Gazteak ez daude etortzera derrigortuta, nahi dutelako datoz zentrora, eta hurbileko ikusten gaituzte, ez diegulako agintzen zer egin eta zer ez. Gure egitekoa gehiago da haiei laguntzea euren planteamendua egiten. Adibidez, etortzen zaizu gazte bat eta esaten dizu “pasatzen ari naiz, baina ezin diot erretzeari utzi”, eta guk esaten dioguna da eskuetatik joaten ari bazaio orri batean idatzi dezala zer egin dezakeen, egoera hori hobetzeko. Gero beteko duen edo ez, ez dago gure esku, baina planteatu dezala zer egin dezakeen hobera egiteko, beragandik atera behar duelako, berak jarri behar du borondatea.

Ez ikasi, ez lan egiten ez dutenen portzentajea altua da eta kuadrilla bateko lagunek esaten zidaten, “gu 1.500 euro baino gutxiagogatik ez gara ohetik altxatzen”. Edozein enplegu webgune ireki eta erakusten nien zein zen errealitatea, ikasi gabe zein etorkizun izan zezaketen eta zer lortu zezaketen ikastaroren bat eginda. Landabengo Volskswagenek antolaturiko ikastaro batean hogei bat lagunek izena ematea lortu genuen.

Aisialdia, gainera, hainbat gauzaz konturatzeko testuinguru aproposa da. Bikoteen dinamikak ikusten dituzu, eta maiz errepikatzen den eskema da mutilak neskari aginduak etengabe ematen dizkiola. Hor esku hartzeko aukera dugu, baina aginduak eman gabe, horrek ez duelako funtzionatzen, umoretik egin behar duzu, bestelako tresnak erabiliz… Lorpentzat dut, jazarpena tarteko zen harreman oso toxiko batean 16 urteko neskari begiak irekitzen lagundu izana. Autodefentsa feminista tailerra antolatu genuen, baina ez zuen parte hartu nahi izan. Bere lagunek ordea bai eman zuten izena, “kutsatzen” hasi zen eta egun batetik bestera bat-batean konturatu zen. Guk ez genion esan “mutila utzi behar duzu”, baina berarekin hitz egiten genuen mutilak nola sentiarazten zuen; baliabide guztiak jarri genizkion eskura, eta argi ikusi zuen azkenean. Hori bai, mutilak gero autoko ispilua apurtu zion nire lankideari, mendeku gisa.

"16 urteko neskari begiak irekitzen lagundu genion. Ez genion esan 'mutila utzi behar duzu', baina mutilak nola sentiarazten zuen hitz egiten genuen. Argi ikusi zuen azkenean"

Halako eraso eta mehatxuak nola kudeatzen dituzue?
Egoerak gainditu nauenean, gustuko ez izan arren, udaltzainei deitu izan diet. Ikasten ari nintzela galdetu izan balidate, “poliziari deitu? Halakorik inoiz ez” erantzungo nukeen, baina batzuetan hori edo gaztelekua ixtea izan dira ihesbide. Eta ez pentsa, noizbait udaltzainei deitu eta haiek ere korrika alde egiten bukatu dute. Eta mehatxatu nautenean, jarraituko nautela edo joko nautela esan didatenean, erantzun diedana izan da: “Zertarako? Zer lortuko duzu horrekin? Gainera arazotan sartuko zara…”.

Zein profil da nagusi?
14-15 urterekin, ez dute euren lekua aurkitzen, ez dakite nora joan eta diru gehiegirik ere ez dute ezer berezirik egiteko. Gaztelekuan gune atsegin eta segurua aurkitzen dute. Astegun buruzuritan, gehienbat mutilak dira, oraindik 16-17 urte bete ez dituztelarik normalizatuagoa dagoelako mutilak lagunekin kalean egotea astean zehar. Mutilek, gainera, lehenago utzi ohi dute eskola. Denbora guztia kalean egonda aspertu egiten dira edo hotza dute eta gure zentrora hurbiltzen dira.

Eta arazoak ez daude beti lotuta maila sozioekonomiko baxu eta familia desegituratuekin, pentsatu ohi dugun moduan. Nik lan egin dudan herrian maila sozioekonomikoa altua da, dirua eta txaletak ohiko dira, eta ikusten dituzu porroak nahi adina erosteko diru pila duten nerabeak, orduak lanean eman eta seme-alabari nahikoa denbora eskaintzen ez dioten gurasoak, dena onartu zaien gazte mimatuegiak… Burbuila batean bizi dira, uste dute dena egina dutela eta gero talka egiten dute etxetik kanpoko errealitatearekin. Horiekin lan egitea zailagoa da, ez zaielako inoiz mugarik ezarri.

Familiekin lanketa egitea inportantea izango da, orduan.
Bai. Guraso batzuk hurbildu egiten dira gaztelekura eta seme-alabaren arazoa nola landu dezaketen galdetzen dizute. “Amaia, edo [alaba] akabatzen dut, edo nire burua akabatzen dut. Zer egin dezaket?” galdezka etorri zitzaidan ama bat. Beste askok ez dute inongo interesik jartzen eta guk telefonoz deituta ere, gazteaz hitz egin nahi dugula eta gerturatzeko eskatuz, pasako direla esan eta gero ez dira agertzen. Eta azkenean, zuk gauza bat landu baina etxean kontrakoa egiten badute, ez du askorako balio.

Beste behin, gertatu zitzaidan aita batek deitu zidala esateko haren semea ez zela gehiago gaztelekura joango, jendailarekin elkartzen zelako. “Zure semea da-eta okerrena!” erantzun behar izan nion. Badakigu benetan nolakoak diren gure seme-alabak? Begiak estalita dituzte batzuek.

"Dirua duten  gazte mimatuegiekin lan egitea zailagoa da, ez zaielako inoiz mugarik ezarri"

Eta gizarteak zein erantzukizun du? Nola ikusten ditugu gazte hauek eta zer dugu haiei eskaintzeko?
Jendeak orokorrean pentsatzen duena da, “nerabeak dira, nahi duten guztia izan dute eta ez dute aprobetxatu. Zertarako inbertitu hainbeste gaztelekua bezalako guneetan, porroak eta parranda baino ez badituzte buruan?”. Hain bizimodu indibidualista eta zorrotza dugunez, ez dugu harago begiratzeko denbora hartzen, nahikoa dugu gure zamarekin eta ez dugu ondokoarena ikusten; garrasika eta sesioan ari den gaztea zergatik dagoen horrela pentsatzen ez gara jartzen, ahalegintzen gara ahalik eta urrutien egon dadila. Errazagoa da ezikusiarena egitea.

Zein dira zure lanaren gakoak?
Nik umorera asko jotzen dut, erasokorra eta aginduzkoa ez den tonu batean gauza asko esateko aukera ematen didalako. Mugak ere etengabeko borroka dira: goraka, umorearekin, eta beheraka, haserrearekin. Jakin behar duzu bakoitzarekin zein punturaino iritsi eta norbaitekin adibidez txantxetan bazabiltza zein puntutan jartzen duzun muga. Gertutasuna eta errespetua mantentzea oreka zaila da.

Lagunen eta helduen munduaren artean ikusten gaituzte eta kasu askotan, gazte hauek dituzten konfiantzazko pertsona bakarrak gu gara, esango digutena epaitu gabe entzuteko prest. Hori da egiten dugun lehenengo gauza: entzun, zer egin behar duten esan gabe. Ondoren, elkarrekin hitz eginez eta galderak planteatuz, joango dira ikusten zein bide hartu nahi duten.

Baliabide nahikorik ez duzuela salatu izan duzu.
Hilabetean ehun gaztetik gora doaz gaztelekura; bada, astegunez ni bakarrik izaten nintzen eta asteburutan bi ginen. Gehienak, gainera, lanaldi erdian. Nekatuta eta erreta, epe bat bertan eman eta gero baldintza hobeak eskaintzen dituen lan batera aldatu ohi gara. Ni aritu nintzenean, asteburutarako pertsona bat egoten zen goiz eta arratsalde, eta inork ez zuen postuan sei hilabete baino gehiago iraun. Pena da, gazteei maiz geratzen zaien sentsazioa delako bazter utzi dituzula.

"6 urterekin gaiztoa dela sinetsita dagoena 16 urterekin gaiztoetan gaiztoena dela barneratua du eta istiluak sortzen arituko da"

Zuk zeuk duela bederatzi hilabete aldatu zenuen lanez, bizi baldintza hobeen bila. 4-12 urte arteko haurrekin aritzen zara orain. Beharrak eta gabeziak ezberdinak izango dira…
Aisialdia eta eskola-laguntza uztartzen dituen gune bat da eta haur batzuk behar bereziekin datoz. Gazteekin jarrera arazoak ziren nagusi eta txikiekin familian dituzte arazoak, baliabide gutxiko familiak direlako edo gurasoek problemak dituztelako: umeari galdezka konturatu nintzen etxe batean galletak eta esnea baino ez zituztela jaten; mutil bat dugu nahiago duena pixa kalean egin, esaten duelako etxeko komuna kalea baino zikinago dagoela; beste batek 8 urte ditu eta ez daki zenbatzen, gurasoek ere apenas baitute ikasketarik eta ez diotelako ikasteari garrantzirik ematen… Hutsune handiak dituzte. Kasu bat iritsi zaigu alaba bi hilabete egon dena etxetik atera gabe, ama senar ohiak mehatxatuta dagoelako eta etxean gordeta egon direlako. Hainbatetan zerbitzu sozialekin aritzen gara elkarlanean, eta familia zerbitzua ere badugu: sare lana hobeto egiten da, baina sarri ez da erraza, guraso askok behartuta ekartzen dituztelako umeak, ez dute uste beharra dutenik.

Haur hauek izan daitezke gero gaztelekura joaten zitzaizkizun gazteak?
Asko bai, ez bazaie behar bezalako arreta eskaintzen. Badugu mutiko bat 6 urterekin esan didana: “Neska horrek buruko mina du eta nire errua da, gaiztoa naizelako”. 6 urterekin gaiztoa dela sinetsita dagoena 16 urterekin gaiztoetan gaiztoena dela barneratua du eta istiluak sortzen arituko da. Ume horri sinetsarazi diote gaiztoa dela.

Zenbat eta lehenago heldu arazoari, hobeto.
Prebentzioa adin guztietan da funtsezkoa, haur, gazte nahiz heldu, baina gero eta lehenago hobe da, bai, txikitan lantzen duzuna egina duzulako nerabe denerako. Besterik ez bada, bizitza pixka bat ordenatzen ikastea, baditugulako 8 urteko haurrak goizeko 2ak arte telebista ikusten egon daitezkeenak logelan, eta horrek errestan beste arazo batzuk dakartza.

Gustatuko litzaidake jendeak baloratzea prebentzioaren garrantzia. Arazoak dituztenentzako erreformatorioak, pisuak eta halakoak aise onartzen ditugu, baina prebentzio guneetan inbertitzea ez da hain ongi ulertzen, eta funtsezkoak dira.