argia.eus
INPRIMATU
Oier Zuñiga. Sorkuntza botere
“Ezkerrak, Euskal Herrian bereziki, zor bat du sorkuntzarekin”
  • Margoaren eta antzerkiaren artean bizi da Oier Zuñiga (Iruñea, 1986), barrurako bidaia gisara baliatua bata, erritu kolektibo modura bestea. Euskal Herriko oholtzaz oholtza dabil azkenaldian, Zaldi urdina antzezlan arrakastatsuan aktore, eta berea da azken Durangoko Azokako kartela ere. Unean uneko adierazpideaz harago, eraldaketarako tresnatzat du sorkuntza, errealitate berriak eraiki eta alor sinbolikoan eragiteko gai den jarduntzat. Orduan da sorkuntza arte, eta ez entretenimendu.

Ander Perez @ander_prz 2020ko urtarrilaren 29a
"Uste dut oso inportantea dela jakitea nondik gatozen, hori ere bagara; zalantzan jartzen dudana da hori bakarrik ote garen" (Argazkia: Josu Santesteban)

“Zertarako sortu?”, hori da etengabeko galdera. Zein da zure erantzuna?  

Gizakiak etengabe galdetzen dio bere buruari zer demontre egiten duen hemen, zertara etorri den, eta bereziki, heriotzarena da galdera nagusia. Horretan guztian badago tristezia eta malenkonia kutsu bat. Niretzat, sorkuntzak balio digu galdera horiei bide berriak aurkitzeko. Sorkuntzarekin, errealitate paraleloak eraikitzen ditugu, alegiazkoak, ulertu ahal izateko zer garen, zerk egiten digun min, zerk eramaten gaituen aurrera. Min eta malenkonia horren guztiaren gainetik badago paradoxa handi bat: nahiz eta ez jakin bizitzara zertara gatozen, eta nahiz eta jakin heriotza hor dagoela, etengabeko nahi bat dugu bizitzeko. Sorkuntzak nahi hori goresten du.

Horrek, neurri batean, artearen balio eraldatzailera garamatza. Sarri eskuinari leporatu ohi zaio sentsibilitate eza, baina ezkerrean, ba al dago balio horren kontzientziarik?

Oso galdera interesgarria da, askotan mahai gainean jartzen ez dena. Uste dut ezkerrak, Euskal Herrian bereziki, baduela zor bat sorkuntzarekin. Askotan, ezkerretik defendatzen dira diru publikoaren erabilpen orekatua eta justifikatua, eta aitzakia edo konplexu horren pean, emaitzak behar izaten dira, eta horiek kapitalismoaren logikan daude eraikiak. Oso gauza sinpletan ikusten da; ezkerrak udalak gobernatzen dituenean, esaten da: “Igo dugu kulturarako aurrekontua.” Ja. Baina zer ari gara programatzen, zer motatako kultur sorkuntza ari gara sustatzen?

Zer sustatu beharko lukete?  

Sinboloen kodeak definitzen du kultura jakin bat. Sorkuntzak sinbolo kode horiek kodifikatu, deskodifikatu, zalantzan jarri eta berriak eraikitzen ditu. Ezkerrari, gobernatzean, kontraesana sortzen zaio: politika ekonomikoa oso argia da agian, baina alor sinbolikoan eragiten ez den bitartean ez da eraginkorra. Ezkerrak onartua du artearen logika kapitalista; pentsatzen da artean egindako inbertsioak etekin ukigarriak eman behar dituela, eta epe laburrean. Neurgailu berririk ez badugu erabiltzen, sorkuntza dekorazioa izatera pasatzen da: goazen progamazioan zerbait aldatzera, jarriko ditugu gai sozialak ukituko dituzten gauza batzuk... Goxokiari papera etengabe aldatzea da hori.

Argazkia: Josu Santesteban

Zaldi urdina hortik aldentzen da?

Uste dut parte batean hortik ateratzen dela, enfasi handia jarri diogulako zer eta nola kontatu horri. Bat-batean, erokeria bat zena –euskarazko antzerki produkzio bat, zazpi aktore, hogeitik gora pertsona lanean, ia bi urteko lana–, errealitate bilakatu dugu. Noski erabiltzen dituela kapitalismoaren mekanismo batzuk, adibidez, finantzazioa. Baina uste dut gailentzen dela nahi bat: goazen gu egiten gaituen historiaren zati bat berreskuratzera. Eta horrekin alor sinbolikoa ukitzen ari gara, ari gara ahanzturan zegoen errealitate bat erreskatatzen, gu, euskal komunitatea, eraikitzen gaituena. Nola eta teatroaren bidez, bere liturgiarekin: hor sinbolo guztiak bilakatzen dira beste gauza bat, arrazoia gailentzen duen zerbait. Eta hor dago sorkuntzaren funtsa eta muina.

Hor dago obra izaten ari den arrakastaren gakoa?

Bai, parte batean bai. Kristoren lana dago atzean, eta ibilbide bat ere badago, hiru konpainia hauek dutena. Baina fenomeno bat izatera salto egiteko gakoa hain zuzen hori da: liturgia horretan zerbait gertatzen da, deitu diezaiogun magia, eta horrek eragina du bertaratu direnen emozio indibidual eta kolektiboetan. Ni banoa antzokira, eta ez naiz ateratzen sartu naizen gisan. Hori da gakoa. Eta hori lortzen ez badugu ez da inoiz artea izanen, entretenimendua izanen da. Eta ongi dago, neronek ere entretenimendua egin dut askotan. Baina beste alor batean kokatzen da.

Zure obran konstante bat da iruditegia berritzeko premia. Orain artekoak ez dizu balio.

Motxila eta itzal bat baditugu, eta hori ezagutzea eta presente izatea oso inportantea da. Nik duela gutxi berrirakurri dut Oteiza, eta bat-batean, ikusten dituzu ideia batzuk gaindituta egon daitezkeela, baina beste batzuek erabateko gaurkotasuna dutela, nahiari eta bulkadari dagokionean. Uste dut oso inportantea dela jakitea nondik gatozen, hori ere bagara;  zalantzan jartzen dudana da hori bakarrik ote garen.

Zer bakarrik?  

Zalantza dut, euskal komunitateaz ari bagara, edo Euskal Herriaz proiektu politiko bezala, bakarrik ote garen ikurrina bat, lauburu bat eta aurresku bat. Edo trikiti bat edo... jarri nahi dituzun hitz guztiak. Eta hori ere bagara. Baina subjektu politiko bezala, iruditzen zait sinbologiaren eta iruditegiaren berrosatze bat beharrezkoa dela. Nik kezka hori dut, eta konpartitzen dut, baina ez diot soluziorik aurkitu. Ez dut makiltxo magikorik.

Bide horretan, zertan laguntzen dizu antzerkiak, eta zertan margoak?

Bakoitzak berea ematen dit. Hori da sorkuntzaren paradoxa: hizkuntza artistiko ezberdinak erabilita ere, abiatzeko orubea berdina da. Egia da margoak baduela niretzat intimotik zerbait, niretzako margotzen dut, nahiz eta gero beste batzuk ikusi; badu introspekziorako nahi handiago bat. Antzerkia, aldiz, erritual kolektibo bat da. Nik biak behar ditut.

ARTEAK ERDIBITUA
"Iruñean jaioa eta hazia. Hiri buruzagikoa, nongotarra zaren izategai bilakatzen denean. San Fermin festen zale amorratua. #Zezenketarikez! Barrea eta negarraren arteko tribunan bizi naiz. Antzerkia. Margoa. Pintura edo gorputza, biak lanabes –erdibiturik bizitzea ez da gauza batere xamurra–. Biak ala biak, bidea topatzeko. Bidean ni naizen hura aurkitzeko. Ideiak bueltaka buruan, hauek ukigarri bilakatzerako ileurdinak agertuta. Zer naizen, nor naizen agian jakin gabe".