Hamabost egun egin ditut Euskal Herrian barrena. Izpegin hasi eta Natxituan bukatu. Inoiz baino ordu gehiago egin ditut bakarrik, autoan, musika entzuten. Spotifyk oroitarazi dit behin eta berriro entzun ditudala Willis Drummonden Lehentasuna eta Anariren Epilogoa; Cigarettes after sexen Falling in Love eta The Retrosettesen You got the love kantaren bertsio bat. Maitasuna eta hutsunea zeinen lotuta dauden pentsatu dut, gauza bera ez ote diren tarteka, ez al da maitatzea gure baitako zuloa estaltzeko modurik errazena. Andoaingo aparkaleku batean nago, Bilatzailean Lorelei idatzi eta duela hogei urteko bi disko atera dira. Hitzekin akordatzen naizela egiaztatu dut. Kontzerturako sarrerak poltsan daramatzat. Bada hiri gorri bat kantatzen genuen garai batean. Poema prebisibleak idazten genituen, txarrak ez esateagatik. Orduan ere maitasunaz eta hutsuneez idazten genuen. Gure obsesioak ez dira aldatu. Gure lagunak ere ez. Ahotsa aldatu zaiola esateko deitu dit Asier Serranok. “Ez naiz akordatzen nolakoa zenuen ahotsa orduan”, esan diot. Bakarrik akordatzen naiz tristurarako joera gogaikarri bat genuela. Orain ere bai.