argia.eus
INPRIMATU
Greensboroko lauak
  • Duela 60 urte, 1960ko otsailaren 1ean, Joseph McNeil, Franklin McCain, William Smith eta Clarence Henderson unibertsitateko ikasle beltzak Greensboroko (Ipar Karolina, AEBak) Woolworth kafetegi segregatuko barrako eserlekuetan eseri ziren, debekatuta izan arren.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko urtarrilaren 29a

Aurrez ondo prestatutako ekintza zen, eta prentsari ere deitu zioten. Ezkerreko argazkia eta antzeko ekintzak berehala zabaldu ziren. Biharamunean, bezperako lauei beste 20 ikasle gehitu zitzaizkien, eta egun gutxiren buruan ekintzaile askok kalean geratu behar izan zuten, kafetegian ezin sartuta.

Uda horretan, Woolwortheko barran beltzei zerbitzua ematen hasi ziren, baita AEBetako hegoaldeko beste hainbat saltoki eta tabernetan ere. Eskubide zibilen aldeko borrokaren lehen mugarrietako izan zen, Rosa Parks autobusean eseri eta lau urtera.