argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunberrioi egin diezaguketen aitortzarik onena
Sonia González @sonetska 2020ko urtarrilaren 28a

Duela pare bat urte elkarrizketa batean galdetu zidaten ea ez ote den zailagoa euskaraz idaztea euskaldunberria izanda, euskal idazle euskaldunberria izatea, alegia. Ez da galdera txarra eta, gainera, ertz askotatik hel dakioke kontuari. Hizkuntza ez baita komunikazio tresna aseptiko hutsa, askok hala sinetsarazi nahi duten arren. Hizkuntza pentsamendua da, berben bitartez baino ezin baitira eratu pentsamendu konplexuak. Eta hizkuntza, batez ere, sentimenduak dira. Makroan eta mikroan. Hitzek, erabiltzen edo baztertzen ditugun hitz bakoitzak, adiera eta konnotazio bereziak dauzkatelako botatzen edo gordetzen dituen norbanakoarentzat.

Edozelan, gatazka psikolinguistiko eta filosofiko-existentzial propio batzuk gorabehera, ez dut uste euskaldunberria izateak bereziki zailtzen duenik. Benetan gatxa dena da euskalduna izatea. Kito.

Aurrekoan ETB1ek Ihesaldia seriea eman zuen. Fikzioa euskaraz. Txintxo-txintxo jarri nuen. Domekan, astelehenean, martitzenean, eguaztenean eta eguenean. Ez ninduen harrapatu. Horrelako gauzak batzuetan gertatzen dira. Dena delakoagatik. Eta, hala ere, egunero egon zen ETB1 salan jarrita, beste ezein katearekin sekula egin izan ez nuena: “E, Sonia, fikzioa euskaraz eskatu dugu eta zerbait eman digutenean, akaso muzin egingo al diozu? Jar ezazu seriea, sharea-ren datuak hobetzeko, besterik ez bada ere”. Euskaldunok, gustuagatik baino, militantziagatik egin behar izaten ditugu hainbat eta hainbat gauza. Edo, behintzat, hala uste dugu, funtsean horrela izan badelako.

Pedro Mari Otañoren gizon bizar zuria datorkit gogora, hantxe, “bi makuluren gainian, limosnatxo bat eskatutzen Jainkuaren izenean”. Euskaldunok eskatu eta eskatu ibili behar izaten baikara etengabean. Eta uste zabala da kale kantoiko eskalea ogi koskor batekin konformatu beharko litzatekeela, ezer ez edukitzetik ahora dezakeen zerbait izatera pasatu baita. Jatetxera doanari, ostera, ez liokete sekula ogi koskor hutsa emango. Azken honek bezero edo kontsumitzaile moduan eskubideak badauzkalako. Baina guk premia daukagu. Premia bizia. Eta urteetan behar horretaz baliatu dira gu behartsu bihurtzeko. Erromes sentiarazi, eskubidedun subjektuak garela ahantz dezagun.

Gure biziraupena baino ez dugu aldarrikatzen, benetan izan ahal izateko eta gure eskubideak gauzatu ahal izateko behar diren gutxienekoak baino ez. Limosnatxoak, oro har. Hala ere, beste batzuei gure existentzia hutsak min ematen die, antza.
Nafarroako CCOO sindikatuari “molestatzen” dio euskarazko berbak nonbait idatzita ikuste hutsak. Edozein berbak. Euskaldunon existentziak ematen dio min. EAEko CCOO, ordea, epelago, euskaldunberrioi kale eta plazak eskaini behar zaizkigula esatera ere heldu da iritzi artikulu batean –gazteleraz, jakina–. Ez dut nik ukatuko euskaldun bihurtzea lan eskerga denik. Euskaltegian hasi eta bizi osoan luzatzen den prozesua da. Baina gauzarik inportanteena nahita ahanzten dute: euskaldunberriok euskaldunak gara eta egin diezaguketen aitortzarik onena da euskaraz bizitzen uztea eta oztopo gehiagorik ez jartzea. Ez daitezela ezkutatu darabilten “askatasun” kontzeptu neoliberal eta maltzurraren atzean, jakin badakigu eta jakin badakite gutxiengoaren zapalketaz baino ez direla ari.

Koda: Euskaldunberri esaten dutenean, agian, molestatzen ez duen hori baino ez daukate gogoan, zenbait urte ikasten eman ostean, ikasitakoa gela barruan utzi zuena, alegia.