Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldeen artean badago bat landareei begira dagoena beti: Botanika saila. 1980ko hamarkadan jaioa, ibilbide luzea du honezkero taldeak. Bere helburu nagusiak landareen eta landarediaren kontserbazioa, sentsibilizazioa eta dibulgazioa egitea dira, eta horretarako hainbat proiektu dituzte martxan. “Landare mehatxatuen kontserbaziorako jarraipen lanak egiten ditugu: non dagoen, nola, ze arrisku dituen… hori guztia biltzea eta baloratzea da gure lana”, azaldu du Maialen Arrieta Aseginolaza botanika saileko zuzendariak.
“Germo… zer?”. Azalpenak eman dizkigu Arrietak: “Espezie baten genetika guztia mantentzen duen landarearen zatia da germoplasma, bera bakarrik beste ale berri bat sortzeko gai dena: izan daiteke aldaxka bat, hazi bat, tuberkulu bat…”. Espezie basatiekin soilik egiten du lan botanika lantaldeak, mendian daudenekin, eta ez baratzekoekin. Batez ere Euskal Herrian aritzen dira, baina inguruko beste zenbait probintzietan ere badituzte proiektuak martxan: Asturiasen, Burgosen, Errioxan, Huescan eta Lleidan, esaterako.
Iaz 87 landare espezie bildu ditu botanika lantaldeak, eta 2006tik 2019ra bitartean bildu dituztenak kontuan hartuta 476 espeziera iritsi da kopurua. Horietatik gehienak mehatxupean daude. “Segurtasun kopia bezala ulertu behar da germoplasma bankua: gertatu litekeen edozein hondamendiren aurrean, landare horren segurtasun kopia edukiz gero gai izanen gara hortik landarea atera eta berriz mendira bueltatzeko”. Administrazioak bere lurraldeko espezieen %75 hazi bankuetan gordeta edukitzera behartzen ditu Europako arautegiak, eta horretan ari dira lanean lantaldekoak, pixkanaka.
Eta, nola da landareen haziak gordetzeko prozesua? “Mendian haziak bildu, laborategira eraman, garbitu, pisatu eta datu horiek guztiak datu basean sartzen ditugu lehenik”, dio Arrietak. Segidan, hozitze testak egiten dizkiete, hazi horretatik landarea sortu daitekeela bermatzeko. Behin hori egiaztatuta, haziak deshidratatu eta izoztu egiten dituzte. Ex situ kontserbazioa deitzen diote mendiko eta laborategiko jarduna uztartzen duen lan horri.
Beharrezkoa denean, gordeta dituzten hazietatik landarea atera eta berriz ere mendian sartzen dute. “Munduan soilik Kantaurialdeko dunetan zegoen Galium arenarium espeziea ia desagertu egin zen 2014ko itsasaldi indartsuen ondorioz, baina zorionez espezie berezi horren segurtasun kopia egina zegoen, eta berriz ere landarea atera eta dunetara bueltatu ahal izan genuen”.