Airbnb, Uber, Glovo... Industria teknologikoak alderdi nahasgarri ugari du. Kanpotik begiratuz gero, erraza da pentsatzea enpresa guztiak berdinak direla. Guztiek app-ak darabiltzate, antzeko diseinu-estiloak dauzkate, modako hirietan dute egoitza nagusia eta, bitxia bada ere, milioika dolar dituzte nahiz eta mozkinik irabazi ez. Artikulu honetako enpresak erraz nahas daitezke elkarren artean, baina partikularren arteko zerbitzuak (ingelesez, peer-to-peer) eskaintzen dituzten horiek berezko saila osatzen dute “Plataforma-enpresa” moduan dira ezagunak.
Enpresa horiek hornitzaile eta kontsumitzailearen arteko bitartekari lana egiten dute etekinaren puska baten truke. Batzuetan, hornitzaileek eta kontsumitzaileek elkarrengana heltzeko zailtasunak dituzten kasuetan, mota horretako negozioak lagungarriak izan daitezke; izan ere, antzeko zerbitzuak betidanik existitu dira (gasolindegiak, adibidez). Dena den, enpresa askok ikusi du biziki emankorra dela hornitzaile eta kontsumitzaile artean bitartekari lanetan aritzea, hori lagungarria izan ala ez.
Auzoaren suntsipen sortzailea
Silicon Valleyko “suntsipen sortzailea” ideiaren arabera, proiektu handi eta errentagarria sortzeko errezeta bizkor mugitzean eta araurik kontuan ez hartzean datza. Horren adibide argigarria dugu Airbnb, lizentziarik gabe eta legez kanpo alokatutako etxebizitza-sarea sortzeagatik ezaguna den enpresa. Aurreko urteetan, esaterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eskaini zituen alokairuen %54 legez kanpokoak izan ziren. Airbnbk ez du, inola ere, praktika horren aurkako ganorazko neurririk hartu.
Euskal Herrian ez ezik, Bartzelonako iragarkien ia erdia legez kanpokoak dira, baita New Yorkeko erreserben %72 ere. Baina, nolatan urra dezake legea hain modu agerian horren moduko enpresa ezagun eta dirudun batek ondoriorik jasan gabe? Gakoa negozio-eredu horren “plataforma” izaeran dago. Airbnbk legalki argudia dezake bera ez dela bere guneko iragarkien erantzule, baizik eta jendea harremanetan jarri baino ez duela egiten.
Eredu horren bigarren abantaila handia zera da: eskainitako zerbitzuan ez du zertan diru asko inbertitu. Adibidez, Mercedes konpainiak auto bat fabrikatu nahi badu, lantegia erosi eta ehunka langile kontratatu behar ditu; hazkundea zailtzen duten kostu finko izugarriak sortzen ditu horrek. Airbnbk, bestalde, webgune bat dauka, ez besterik. Bere plataforman egindako tratu berri bakoitzak dirua emango dio, eta hazten lagunduko, ia kostu gehiagorik sortu gabe.
Airbnbk sortzen duen arazoaren funtsa bere arrakasta handia da, esan nahi baita, bere suntsitzeko gaitasun handia. 2008ko finantza krisiaren ostean, merke bidaiatzeko aukeren eskaera nabarmen handitu zen, baita “benetakoagoak” diruditen bizipenak bilatzeko joera ere. Airbnbk, orduan, webgune bat armatu eta kitto, eroso eseri zen %10-15eko komisioak bata bestearen atzetik nola jasotzen zituen ikusteko. Webgune bat eta munduan zehar auzoak suntsitzeko gogoa: ez da askoz gehiagorik behar 35 milioi dolarreko enpresa bihurtzeko.
Sen onaren suntsipen sortzailea
Uberrek 100 mila milioi dolar balio du, bere jabeen arabera. Wallapop ere, nahiz eta bere zerbitzuak eskaintzeagatik komisiorik kobratu ez, bostehun milioi dolarretan balioetsia izan zen, hain justu Letgo izeneko mila milioi dolarreko enpresarekin fusionatu baino lehen. Harpidetzetan oinarritutako ereduan gertatzen den antzera, horrelako enpresek arrakasta itxura ematen dute beren milioiak arrisku-kapital moduan taxugabe xahutuz. Eta, halere, Uberrek 5,2 mila milioi dolar galdu zituen 2019ko hiruhileko batean, baita 4 mila milioi dolar ere 2018an. Espainiako Estatuan duela gutxi hasi den beste enpresa bat, Lime, mila milioi dolarretan balioetsi berri dute, nahiz eta espaloira ateratzen duen scooter bakoitzarekin dirua galtzen omen duen.
Konpainia horiek guztiek bi ezaugarri partekatzen dituzte: dirua galarazten duen produktu bana daukate eta bakoitzak bere merkatu-nitxoa monopolizatu nahi du. Nola? Arrisku-kapitalez baliatuz prezio baxuak erabiltzen dituzte konkurrentzia kanporatzeko, gero, behin monopolioa ezarrita, prezioak igotzeko.
Baina arazoa da enpresa horiek ezin dutela modu efektiboan sortu monopoliorik, ezta sare-efektu handirik eragin ere. Airbnb enpresaren gakoa konfiantza da: munduko edozein tokitako ezezagun baten etxean lo egin nahi baduzu, behar besteko konfiantza eta iragarki kopuru nahikoa eskaintzen dizkizun enpresa bakarra da. Facebookek egiten duenaren antzera, lehiakide potentzialak erosten jarraitzen duten heinean, enpresa horiek menuko aukera bakarra izaten jarraituko dute. Hala eta guztiz ere, Uber garraio pribatua lortzeko app bakarra bihurtzen bada eta prezioak igotzen baditu, jendeak berriz ekingo dio ibiltzeari edota garraio publikoa edo bizikleta erabiltzeari. Gidariei gero eta gutxiago ordaintzen badie, autorik gabe geratuko da. Lime enpresak antzeko patua du, bi konpainia horiek oinez ibiltzearen ordezkoak baitira, ez taxiz. Glovok ere jatetxeei ezartzen dizkien kuotak mantendu ahalko ditu, jatetxeen jabeak banatzaileak kontrata ditzaketela ohartzen diren arte.
Monopoliogai merke horiek guztiek azkenik porrot egin ostean, orduan nabarituko dugu beren benetako eragina, suntsitu duten garraio-industriaren puskak lurretik jasotzen ditugun bitartean.
Politikaren suntsipen sortzailea
Partikularren arteko optika horren pean aztertu eta gero, enpresa horietako alderdi nahasgarri asko arrazionalago bihurtzen dira. Uberrek ezinezkoa du bere langileei ordain duinik eskaintzea eta, era berean, Airbnbk ezinezkoa du araudiak betetzea. Facebookek ezin du estremismo politikoa elikatzen duen desinformazioa edo fake news-ak egokiro borrokatu, iragarkiak jartzen dituztenen eta jendearen arretaren arteko bitartekaria baita. Zenbat eta handiagoa izan polemika, orduan eta balio handiagoa lortuko du. Horrexegatik, 2019ko urrian, desinformazioa borrokatuko zuela publikoki adierazi eta gutxira, Facebookek 40.000 euro jaso zituen PPren partetik desinformazioa sustatzen zuten iragarkien truke. Horrexegatik gizartearen zatiketa sustatzen zuten iragarkiak inoiz baino sarriago ikusi ziren Facebooken Espainiako Estatuko azaroko hauteskundeetan, eta horrexegatik gastatu zituen Vox eskuin muturreko alderdiak 430.000 euro inguru bere Twitter kontua sustatzeko. Horrexegatik balio dute bi enpresa horiek, sare sozial pare batek azken batean, 200 mila milioi dolar baino gehiago.
Ez galdetu zergatik sustatzen duen Facebookek desinformazioa, zergatik onartzen dituen Twiterrek gorroto mezuak edota zergatik sustatzen dituen Youtubek konspirazio teorien aldeko bideoak, horren erantzuna erraza baita: etekina. Era berean, ez galdetu zergatik ezin duen arautu Airbnbk bere plataforma iruzurrak hobeto borrokatzeko edota legez kanpoko iragarkirik ez onartzeko. Euskal Herriko alokairu-eskaintzen erdia inguru legez kanpokoa baldin bada, irabazien erdiari buruz ari gara. Zeure auzoa baino garrantzitsuagoa zaie etekina, ezustekorik ez hor. Azken finean, enpresa horiek ezin dute beren burua erreformatu hain kaltegarriak ez izateko, izaera hori beren negozio-ereduaren DNAn dago eta.
Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik.
Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.
Multinazionalen Behatoki europarrak –Observatoire des Multinationales, deitura ofizialean– txosten berri batean erakutsi duenez, Uber, Bolt, Deliveroo eta gisako beste banaketa plataforma berri erraldoiak presio egiten ari dira Europar Batasunak aldatu behar duen... [+]
Espainiako lan-ikuskaritzak 78,9 milioiko isuna jarri dio Glovori, 10.000 autonomo faltsu baino gehiagori langile gisa alta ez emateagatik.
Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen... [+]
Hainbat ikerketa kazetarik plazaraturikoa baieztatu du Bruselako Enpleguaren Ikuskaritzak: guneka, plataforma numeriko erraldoientzat dabiltzan banatzaileen erdia baino gehiago papergabea da. Flexibilitatea muturrera eramanik, langileen eskubideen bermea saihesteko tramankuluak... [+]
Glovoren aurka Bilbon edo Iruñean egindako epaiketetek oinarritzat zuten argudioa da gako Gasteizen ere bai. Gizarte Segurantzaren arabera, Araban Glovorentzat lan egin dutenek autonomo faltsuen baldintzapean egin dute lan, eta horregatik epaiketara eraman ditu enpresa... [+]
Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederaziotik atera da Glovo multinazionala. Horrez gain, langileak autonomo faltsu gisa kontratatzeagatik ikertuak diren beste enpresa batzuetako nagusiekin batera haien interesak defendatzeko taldea sortuko du.
Elon Musk munduko aberatsenak Marte planeta kolonizatzeaz gain, Starlink deitu makroproiektuarekin mundu guztian internet konexioa bideratzea du helburu. Horretarako, milaka sateliteren arteko “konstelazioa” osatzen dabil. Saint-Senier-de-Beuvron izeneko herrixkak... [+]
Nola ez, telelanaz hitz egin dugu Fanny Lederlin filosofoarekin. Lanaren esparruak azken urteetan ezagutu mutazioei begira jarri eta hauek dakartzaten arriskuei buruz ari da Les dépossédés de l´open space. Une critique écologique du travail... [+]
Telelana lan-antolaketa berri bihurturik da langile askorentzat. Koronabirusak hala beharturik, azken urteetan helburu zutena egunetik biharamunera errealitate bihurtu zaie numerikoaren sektoreko oligarkei. Jendea etxetik dabil lanean, internet bidez. AEBetako Silicon Valleyn... [+]
Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia batek autonomo faltsu gisa lan egiten duen langile baten alde egin du lehen aldiz.
EAEko araudi autonomikoaren aurka egingo duela jakinarazi du MLBNk, Uberren presentzia Bilbon ahalbidetzeko eskaerari erantzunez.