argia.eus
INPRIMATU
Hitanoa berreskuratzen
Ia 400 noka hiztun zenbatu dituzte Oñatin
  • “Xaukena xauk!” esaten omen dute oñatiar gazteek “besterik ez zegok!” adierazteko. Boladan jarri omen da esaera. Hikako forma horren erabilera, ordea, ez da hitanoaren osasun onaren adibide. Mutilek hala moduz darabilte toka, “xaukena xauk!” beraren forma zuzena  “dauena xauk” litzateke. Mutilek ez dakite noka erabiltzen eta neskek ez dute erabiltzen. Argi izpi bat sortu da ilunpean: 45 urtetik beherako dozena bat emakume elkartu dira noka indartzeko asmoz.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2020ko urtarrilaren 22a
Nekez aurkituko dugu Oñatin 50 urtetik beherako emakumerik noka egiten duenik. Argazkia: Ingo Xonau! ekimenak utzia.
Nekez aurkituko dugu Oñatin 50 urtetik beherako emakumerik noka egiten duenik. Argazkia: Ingo Xonau! ekimenak utzia.

Egiari zor, emakume eta gizonek osatutako lauzpabost laguneko taldetxoak heldu zion gaiari lehenengo. Toka hala moduz bizirik dago, baina noka desagertzera zihoala konturatu ziren. Taldetxo hura lanean hasi eta gaur egun emakume talde handiagoak noka berpizteko erronkari heldu dio.

Ekimenari Ingo xonau! (egingo dinagu) izenburua jarri diote eta Oñatiko Udala diruz laguntzen ari da. 2019an 54 noka hiztun elkarrizketatu dituzte. Bideoan grabatu dituztenez, noka nola erabiltzen duten ageri da. Nokaz aritzeaz gainera, informazio asko eman dute: zergatik uste duten galdu dela, norekin hitz egiten duten noka, nola baserrian erabiltzen zuten eta kalean ez... Emakumeoi aditz taulak osatzen laguntzeko eskatu diete eta auzoan auzoko formak jaso dituzte. Dagoen apurra biltzea, horixe zen lehenengo helburua, eta bigarrena, egoeraren diagnostikoa egitea. Zenbat nokadun diren jakiteko Oñatiko hamasei baserri-auzoetara jo zuten. Hamahiru datu biltzailek baserri guztietako ateak jo zituzten noka hiztunen bila. 370 emakumeren berri bildu zuten hala, baina argitu behar da horietatik 280tik gora ez direla auzoetan bizi, herrigunean baizik. Herrigunea berriz, ez dute aztertu, lana galanta bailitzateke. Ekimenaren bultzatzaileak seguru daude atez ate ibiliko balira nokadun gehiago aurkituko lituzketela. Atez atekoak kopurua jakiteko balio izan die, eta aldiz, 54 elkarrizketatuen bidez informazio oso baliotsua lortu dute nokaren egoera ikertzeko.

Interneten, edonoren eskura dago egindako lanaren zati bat. 25 minutuko bideo dokumentalean noka hiztunen jardunaz goza daiteke. Bideo-ordu asko dituzte grabatuta eta nokari buruzko pasarteak gaika ordenatu eta zatiok interneten jartzen ari dira. Dagoeneko 600 pasarte daude. Grabazio lanketa Idoia Etxeberria oñatiarrak egin du. Etxeberriak Badihardugu Euskara Elkartean egiten du lan eta elkarte honen egitasmo nagusia ahotsak.eus webgunea da. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzea du helburu ahotsak.eus-ek.

Txapak, ikastaroak eta mintzapraktika

Bildu bai, baina biziberritu ere bai. Horregatik, ondarea batzetik harago, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea nahiko lukete bultzatzaileek. Horren adibide da paparrean jartzeko atera duten txapa. Ingo xonau! dio txapak eta bi helburu lortu nahi dituzte txapak erabilita: noka hitz egiteko gai direnak agerian uztea; eta noka hiztunak ikusgarri egitea eta prestigioa ematea.
2020an noka ikastaroa antolatu nahiko lukete Jabetze Eskolan, emakumeentzat. Noka ikasiko duen emakume multzoa lortu nahi dute, eta aurrera begira interesgarria iruditzen zaie emakume eta gizonentzako ikastaroa antolatzea. Ikastarorako materiala prestatu nahian dabiltza. Ez daukate abiapuntu txarra, herriko emakumeak noka ari direla ordu luzez grabatu baitituzte.
Beste bi lan ere badituzte buruan: poltsikorako liburuxka, Oñatiko hitanoaren aditzak biltzen dituena; eta nokapraktikarako moduak aurkitzea: kafe hartzeak, poteoak...  

Bidea asmatu beharko dute, Etxeberriak behintzat dio eredurik ez dutela, formula magikorik ez dagoela. Hainbat herritan egindako ikastaroen berri dute eta, Azpeitian eta Zumaian ikastetxeetan gaztetxoekin egin den lana ere ezagutzen dute. Epe luzera pentsatu behar dutela dio Etxeberriak, bai baitakite urtean behin ikastaroa eginda ez dela nahikoa, hizkuntza ohiturak ez baitira aldatzen gauetik goizera.

Ahotsak.eus ekimeneko kide den Idoia Etxeberriak egin dizkie elkarrizketak Oñatiko noka hiztunei. Argazkia: Ingo xonau! ekimenak utzia da.
Debagoienan antzuola eta oñati nagusi

Oñati eta Antzuola dira eskualdean hika gehien erabiltzen duten herriak. Gainerakoan, hika erabiltzen den Euskal Herriko beste txokoetako egoeraren bestekorik ez dute: mutilak nola edo hala toka ari dira eta 50-55 urtetik beherako emakume noka hiztunak aurkitzea oso zaila da. Galeraren arrazoiak berberak dira: hika baserritarren kontua da, prestigio gutxikoa, hizkera zakarra, emakume dotoreentzakoa ez, gertukoekin erabiltzeko baino ez du balio...

Taldean bildu diren dozena bat emakumeek argi dute hika berreskuratzeko ahaleginak egin daitezkeela Oñatin, besteak beste, euskara bera osasuntsu dagoelako.

Taldea ere osasuntsu dago, 26 eta 45 urte bitartekoak dira denak, noka jaso ez dutenak. Ez dute aurrejuzkurik nokarekiko, jakin-minez luzatu dute muturra.

 

Gutxienez 370 emakume nokadun

- Oñatiko hamasei baserri-auzoetan jaiotako 370 emakumek daki noka. Oñatin noka hiztunak gehiago izango dira, izan ere, herriguneko datuak ez dira jaso.
- Gaur egun, emakume horien %77 ez dira beren jatorrizko baserri-auzoetan bizi. Gehienak Oñatiko herrigunean bizi dira.
- Hamasei auzoetan bizi diren emakume nokadun gazteenen batez besteko adina 55 urtekoa da.

Eten handia transmisioan

- Noka dakiten 54 pertsona elkarrizketatu dituzte, ia denak emakumeak. 45 baserritar eta bederatzi kaletar. 45 baserritar horietatik 34 herrigunean bizi dira.
- Elkarrizketatutako gehienek etxean jaso dute hitanoa: 32k zuzenean gurasoengandik eta 18k familia-giroan. Gainerako lauek etxetik kanpo, lagunartean.
- Guraso diren 42 elkarrizketatuetatik 29k ez diete seme-alabei hika egin: %69k. Hamahiruk bai, baina batzuek ez beti -zuka-hika nahastuta- eta beste batzuek semeei egin diete, baina alabei ez. Transmisioa kasu gutxitan izan da oso-osoa.
- Araotz auzoan egin da zuzeneko transmisioa ondoen.
- Elkarrizketatutakoen artean, hamaseitik hamalauk zuzenean jaso dute. Aldiz, hamasei horietatik zazpik baino ez dute transmititu, edadetuenek. Gainera, zazpi horietatik bostek seme-alabei bai, baina bilobei ez diete transmititu.

Zergatik uste dute noka galdu dela?

1. Euskara zapalduta egon delako, gaztelaniaren mesedetan: zuka ere ez zuten egiten.
2. Hika ‘baserritarren hizkeratzat” hartua izan delako, kalerako aproposa ez den hizkera.
3. Generoarekin lotutako arrazoiak: hika mutilen kontua delakoan, ez emakume dotore eta finena…
4. Erregistroak bere mugak dituelako: zaharragoei ez, ume txikiei ez, gurasoei ez, “ka tegoria handiagokoei” ez, konfiantzarik egon ezean ez…

Nokari buruzko ikuspegia aldatu da: gaur egun balorazioa positiboa da, batez ere gazteen artean.  


Iturria: Ingo Xonau ekimena