argia.eus
INPRIMATU
Gatz bako jendea? Ez!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2020ko urtarrilaren 21
Zertan sinetsi
 GATZ
Autoekoizpena, 2019

Ondarroarrek gatza sobera daukate, ez dira inoiz geldi egotekoak, musikazaleak ere badira eta ekimentsuak, baina esango nuke aspaldian ez dela hango musika talde berririk nabarmendu, ez behintzat kaleko soinu gogorretan nahiz eta jakin hori lortzea “gaitza” dela.

Horregatik poztu naiz Gatz taldearen berri izan eta entzun dudanean: jarreragatik, eskaintzagatik eta ezer asmatu gabe egiten dutena eta transmititzen dutena ona delako. Gerora jakin dut gatzdun herriak izan dituen hainbat musika talde gerlarietako kideak batzen dituela talde honek: Eskandalu Publiku, Gominols, Ukabil, Pater Noster, Sikofoni, Drongeners eta Jonny Gerriwelt, besteak beste. Eta, hain zuzen ere, azken talde horietako kideak dira gaur egun Gatz laukotea osatzen dutenak.

Jonny Gerriwelt albo batera utzi eta denbora ez luzera poliki-poliki batzen joan ziren berriro kanta berriak –punk-rockeroak eta aldi berean melodikoagoak– idatzi eta plazaratzeko asmotan. Hala, 2014an lau kantako demo bat argitaratu zuten; 2018an, berriz, Ez dut nahi izeneko lan luzea; eta orain Zertan sinetsi ateo eta erabat gertuko disko luzea, Mikel Kazalisekin Fidelenea estudioan grabatutakoa.

Antzematen da street-punka oso presente izan dutela, batez ere zenbait koro eta melodiatan, baina hemen batutako bederatzi kantatan bestelako sonoritatea bilatu dute: Noraezean-ek badu Turbonegrotik adibidez gitarretan eta irmotasunean, hit!etako bat da. Galtzaileen mendekua punk-rock azkarra da, 80ko hamarkadan hankak dituena. Putreei so ere azkarra da, baina 77tik eta Alemaniako punketik hurbilago dago. Prostitución da 77koa eta rock-and-rolleroa NCC eta Eskandinabiarrak gogora ekarriz. Zainetan jai-girokoagoa da, punk-rock-and-rolleroa. Zertan sinetsi, beste hit!a, punk-rock indartsua da 80ko doinu eta tempo erdiekin aberastua. Queen of the living dead gitarra riff martzianoa duen punk-rock zapalgailua. Adikzio Daily Terror gogora ekarri didan punk-rock itsaskorragoa. Eta, azkenik, Lagun, Social Distortionen malenkonia eta melodia tamaina duena.