argia.eus
INPRIMATU
Burdeletik animera
  • Japonia, XVII. mende hasiera. Tokugawa shogunaldian herrialdea bateratu zenean, Edo garaia hasi zen. Gatazka luzeen ondoren, bakea iritsi zen Japoniara, hirietako burgesia entretenimendu gosez zegoen eta giro egokia sortu zen arte eta kultura jardunetarako.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko urtarrilaren 21a
1850 urte inguruko grabatua, kabukiko aktoreak irudikatzen dituena, guztiak gizonezkoak –erdikoa ere bai–. (arg. Utagawa Kunisada)
1850 urte inguruko grabatua, kabukiko aktoreak irudikatzen dituena, guztiak gizonezkoak –erdikoa ere bai–. (arg. Utagawa Kunisada)

Izumo no Okuni Izumoren tenpluko apaiza zen, baita dantzari trebea ere. Tenplurako dirua lortzeko prostituta talde bat bildu eta dantza eta poesia ikuskizunak egiten hasi zen. Baina, berehala, lortutako arrakasta medio, tenplua baztertu eta ikuskizunei eskaini zien lan jardun osoa. Berez, ikuskizuna prostituten bezeroentzako erreklamoa zen. Okuniren dantzariek eskaintzen zuten zerbitzu gehigarri hori ez zen berria, aurreko ikuskizuna ordea bai. Ez zuen ezer asmatu, baina zenbait dantza eta testu moldatuta, kabuki antzezpen moldearen oinarriak jarri zituen.

Eduki sexualek, estetika transgresoreak –maiz Okunik berak gizonezkoen jantziak erabiltzen zituen eszenatokian–, istorioak kontatzeko molde berritzaileak, aktoreekin sexu harremanak izateko aukerak... herritarren pasioak piztu zituzten. Orduko japoniarren herenak aldioro katana edo ezpata bizkarrean zeramatela kontuan hartuta, Ikuskizunek amaiera odoltsua izaten zuten sarri. Horregatik, 1629an agintariek liskarrak saihesteko neurriak hartu zituzten. Kabukian armak debekatu zituzten? Ez, emakumezko aktoreak debekatu zituzten.

Emakumezkoen rolak egiteko itxura androginoa zuten mutiko gazteak erabiltzen hasi ziren, onnagata izenekoak. Harreman homosexualak ez ziren tabua Edo garaian, eta onnagatek ere sexu zerbitzuak eskaintzen zizkieten ikusleei. Eta emakumezko ikusle batzuk ere hasi ziren zerbitzu horiek kontsumitzen. Arazoa konpondu ez ezik, areagotu egin zen. Shogunaren ministroek emakumezko rolak ere –eta ondorioz onnagatak– debekatzea erabaki zuten orduan.

Berriro ere, alferrik. Gizon helduek antzeztutako gizon helduei buruzko istorioak ez zuten publikoaren interesa piztu. Antzerki enpresariek orotariko trikimailuak asmatu zituzten zentsura gainditzeko eta gizonez jantzitako emakume aktoreak sartzen hasi ziren. Erremedioa gaitza baino okerragoa zela ikusita, emakumezko rolak eta onnagatak berriro onartu zituzten kabukian. Emakumezko aktoreak ez, ordea. Horregatik, takarazuka asmatu zuten, rol guztiak emakumezko aktoreek soilik jokatzen dituzten antzerki moldea.
Izumo no Okunik duela 400 urte abiatutako eta debekuek taxututako molde hura erabat errotuta geratu zen japoniar kulturan eta eragin hori oraindik oso handia da gaur egun. Animean, mangan eta Japoniako beste adierazpen artistiko eta estetikoetan androginia eta genero muga lausoak oso nabarmenak dira.