argia.eus
INPRIMATU
Zalantzaren ederra
Jakoba Errekondo 2020ko urtarrilaren 16a
Fruituaren bizimodua nolakoa, haren jo eta zanpatzetik eskuratuko dugun sagardo edo ardoa halakoa.

Udaren amaieran eta udazkenean egin ziren ardoak. Sagarrarenak, udarearenak, mahatsarenak, fruituen nahasteenak eta abar. Zer emaitza emango dute, ordea? Nork daki? Nork esango du, aurrez, aho sabaira zer dasta emango duten? Sagardogintza eta ardogintza arte baldin badira, ardo horiek egiteko fruitugintza bai dela artea; artegintza da, eta emaitza dituen fruituak, artelanak.
Ondoegi ohituta gaude sagardoekin eta ardoekin. Upategian, ustez, gauzak urtero bezala egin, urtero-urtero botilak ireki eta emaitza dastatzeko unea zalantza nagusiaren unea da. Gauzak onbidean egin badira, bide naturaletik alegia, emaitza ez da txarra izango, baina beti da zalantza bat. Zalantza horren ederra zaila da beste nolabait sentitzea, ahosabaia eta garuna bide motzenetik lotzen dituen zainetik dabilen zalantza da, bide ederrenetik, alegia.

Fruitugintzan zerk du hainbeste eragiten, zalantza horrek urtero, sasoiero bazka izan dezan? Botilan dastatuko dugun emaitza urte bati lotzen zaio, bera egiteko erabili zen fruituaren uzta izan zen urteari. Urte horretan gertatu eta bizitu ziren baldintza ekologikoek (eguraldia, lurraren gorabeherak eta abar) hagintzen dute. Hagindu zuten eta dasta beraiekiko zorra izango da. Edan arte haginduko dute.

Uztatik uztarako aldaketa horren zalantzan eguraldia da eragile maltzurrena. Urte euritsuak onddoek sortutako gaitzak sustatuko ditu, fruituaren kalitatea apalduz. Euria uzta aurretik baldin bada, fruitua puztuko du, osagaiak eta emaitza urardotuz. Lehorte handiko urtea bada fruitu urri emango du; kalitatea baina, bikaina izan daiteke. Udaberriko izotz berantiarrak sasoia moztu edota, okerrena dena, loraldia edota fruitu ernaldu berria zapuztu ditzake. Aparteko eguraldi gorabeherek ere eragin handia dute fruituan: ekaitzek, udazkeneko izozte goiztiarrek eta abar.

Fruituaren bizimodua nolakoa, haren jo eta zanpatzetik eskuratuko dugun sagardo edo ardoa halakoa. Zentzurik gabeko prezio beldurgarrietan islatzen da urte batzuetako ustezko apartekotasun hori. Edaria urte bateko edo besteko izan itxuragabeko prezio aldaketak ematen dira, batik bat ardoetan. Gustura ikusiko dut datozen urteetan sagardoaren munduan gertatuko den bide honetarako aldaketa. Horretarako bertako fruituaren garrantzia goratu beharra. Nik, hala ere, urtetik urterako prezio eromen horri izkin egiten diotenen botilari heltzea nahiago.