Ikastolako jantoki eredua eraldatzeko proiektu pilotua jarri dute martxan Tuterako Argia Ikastolan, Nafarroako INTIA elkarte publikoarekin eta Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK) elkarlanean. Kontsumo ohiturak aldatuz bizi eredu jasangarriagoetara pasatzeko Nafarroako Gobernuak egindako apustuari erantzuten dio ekimenak: hurbileko, sasoiko eta eredu ekologikoan ekoitzitako produktuen kontsumoa bultzatzea du oinarri. 210 bat otordu ematen dituzte egunero Argia Ikastolako jangelan, eta tokiko eta sasoiko produktuak eskainiz osasunari ez ezik, hurbileko ekonomia, enplegu eta nekazaritza eredu jasangarriari ere mesede egiten diotela argi dute bultzatzaileek.
“Jantokia gure hezkuntza proiektuaren parte izan da beti, eta ez zerbitzu soil bat”, esan du Argiñe Korta ikastolako zuzendariak NNPEKren webgunean egindako elkarrizketan. Duela zenbait urte zuzendaritza, jantokiko kudeatzaileak eta guraso talde bat menuak aldatzen hasi ziren, elikadura osasuntsuagoa helburu. Guraso horietako batek egin zuen produktu ekologikoak sartzen hasteko proposamena, zentroan aplikatu zitekeen proiektu pilotuaren berri bazuelako. INTIA eta NNPEKekin harremanetan jarri eta proposamenarekin aurrera egitea erabaki zuten: “Orain jantokiko menuetako produktuen %50a top 5 deitzen dioguna da: ekologikoak, bertakoak, freskoak, sasoikoak eta lehen sektoretik hornituak. Horiei, bertakoak ez diren produktu ekologikoak gehitu behar zaizkie, %67ra iristen da horrela. 40 produktu baino gehiago daude top 5 horretan, eta pixkanaka portzentaje horiek handitzen joan nahi dugu”, azaldu du zuzendariak.
Baina nola lortu elikagai kantitate handi horiek bertako produktore txiki eta ekologikoei erosiz? Noainen iaz ireki zuten Ekoalde logistika zentroak asko erraztu dizkie gauzak, zuzendariaren hitzetan: “Hornikuntza guztia Ekoalderekin egiten dugu, jangelatik eskaera bakarra eginez. Pentsa hogei hornitzaile jaso beharko bagenitu, hogei eskaera egin… abantaila handia da guretzat”.
Nafarroako beste ikastetxe batzuentzat eredu izan daiteke Argia Ikastolako proiektua, aurrera begira antzeko jantokiak toki gehiagotan ere martxan jartzeko. Kortak proiektura batzeko gonbidapena luzatu die: “Guztion ardura da. Gure osasuna eta ingurua suntsitzen ari gara, eta horretan administrazioak badu zer egin, baina baita gizarteak, eta kasu honetan, gurasoek ere bai”.