Datozen urteotan milaka lanpostu sortuko dira euskal administrazioetan. 80ko hamarkadan instituzio sortu berrietan lanean hasi ziren gazte haiei erretreta hartzeko ordua heldu zaie. Euskaltegietan ere jende ugari hasi zen lanean. Ilusioz beteta zeuden eta, euskal rockak eta garaiko giroak lagunduta, jende mordoa euskalduntzen zuten.
Azkar pasa da denbora eta gazte haiek utziko dituzten postuak bete egin behar dira.
Hizkuntza eskakizunetako “gai” eta “ez gai” horiek fidagarritasun urria dute. Horien ondoan, zergatik ez diogu “gai baina” emaitzei bidea zabaltzen?
Instituzioetako oposaketak prestatzen hasiko dira herritar asko, eta akademiek eta euskaltegiek lan-karga handia izango dugu. Goraino beteko zaizkigu ikasgelak hizkuntza-eskakizuna eskuratzeko helburua duten ikaslez. Iritzi artikuluak milaka, milioika. Txispa handirik gabeko argudioak antolatzailez eta lokailuz josiak. Baldintzak, subjuntiboak eta ahalerak nonahi eta nolanahi txertatuta, ustezko maila baten erakusgarri. Ahozkoan, berriz, kaiolan ezezagun batekiko eztabaida eta bost minutuko monologoa prestatuko dute.
Askok emozio eta sentimenduetatik urrun landuko dute euskara. Alde batetik, ikasleek horixe eskatzen eta aldarrikatzen dutelako sarri, baina, bestetik, irakasleok ere ohitura handia dugu hori egiten. Kohesioaren eta koherentziaren garaian gaude. Baina kontzeptu horiek ez dute zerikusi handirik 80ko kohesio eta koherentziarekin.
Eta horrela ez dugu bermatuko administrazioa euskalduntzea. Gure ikasleentzat oso ezberdina izango da lanean hasi osteko errealitatea. Iritzi artikulu gutxi eta batzarrak eta solasaldiak kafe-makinaren ondoan. Ohitura zaharrek, askoren jarrera eskasek eta batzuen berbetarako erraztasunik ezak ez dute ahalbidetuko euskaraz lan egitea kasu gehienetan.
Hizkuntza eskakizunetako “gai” eta “ez gai” horiek fidagarritasun urria dute. Horien ondoan, zergatik ez diogu “gai baina” emaitzei bidea zabaltzen? Non “baina” horrek “baina trebakuntza programan integratu behar da bere lana euskaraz egiteko gai dela erakutsi arte” esan nahi duen?
Euskaltegiak klaseetan zain egon beharrean, langile horiek arituko diren testuinguruetan arituko lirateke, testu errealak landu eta ikasleei konfiantza eskuratzen lagunduko. Euskaltegiak 80ko hamarkadako ilusio sortzaileak izango lirateke berriro, errealitateari eta emozioei lotuta erakutsiko lukete, eta berriro ere biziberritze prozesuaren motore eraginkorrak bilakatuko lirateke. Baina errealitatea gordina da, eta euskaltegietako lanpostuak betetzeko ez dago lan-eskaintzara aurkeztu nahi duen belaunaldi berririk.