argia.eus
INPRIMATU
Emozioen txirrista
Joxi Ubeda Goikoetxea 2020ko urtarrilaren 14a
Metamorphosis | Arima | Bonberenea Ekintzak, 2019

Paule Bilbaoren proiektua da Arima. Bere behar emozionalak eta sentimentalak modu ezberdin batean azaleratzeko helburuarekin sortu duela dio. Kanten bidez. Horrela, Arimaren lehen diskoan dauden lau kantek bidaia pertsonal eta berezi batzuetara eramaten dute entzulea, intentsitate eta erritmo aldaketekin, une batzuetan bizitasun eta tentsio handiarekin, eta lasaiak eta etereoak diren beste une batzuetako leuntasunarekin. Pasarte batzuetan melodia politak entzun daitezke, xarmagarriak, eta beste zati batzuk oso indartsuak dira, bortitzak. Emozioen txirrista moduko bat, azken batean. Emozioek gainezka egiten dute, Paulek abesten dituen doinuen bidez eta bere oihuen eta aieneen bidez, erreberberazioarekin, eta gitarrak, baxuak eta bateriak ongi lagunduta. Gitarra indartsu aritzen da, distortsioarekin, eta fintasunarekin ere bai, marrazki eta ukitu politak egiten, eta azpimarragarria da baxuak eta bateriak osatzen duten oinarri sendoa, zehatza eta trinkoa. Taldekideak arreta handiarekin aritu dira kantak moldatzen eta biribiltzen, xehetasunekin, feedbackekin eta bestelako zaratatxoekin.

Post-rock, dream-pop eta shoegaze estiloen eragina dutela onartzen dute, baina ongi uztartzen eta bereganatzen dituzte, beren erara jotzeko eta barruan dutena ateratzeko.  

Metamorphosis hamar hazbeteko binilozko diskoa da, baina kantak diskoaren karpetaren barruan dagoen CDan ere entzun daitezke. Paule Bilbao (gitarra eta ahotsa), Josu Gonzalez (baxua) eta Gontzal Bilbao (bateria) taldekideak lagun hauekin aritu dira diskoa egiteko: Karlos Osinaga Txap (grabazioa, nahasketak, ekoizpena, masterizazioa eta ahotsa) eta Ibon Bilbao Topo (ahotsa). Halaber, Paulek berak egin du diseinua eta maketazioa, eta diskoaren mamia ederki jantzi eta osatu du.

Paule, Buenas Tardes Comandante taldean aritutakoa da; Josuk, berriz, Indian Feathers taldearekin jotzen du; eta Gontzal, Ama Say eta Zein? taldeetan aritua da, eta gaur egun La-La Perez taldearekin jotzen du. Hiruek Arimarekin egin duten diskoa ederra da, hunkigarria. Kantak behin baino gehiagotan entzutea komeni da, eta ahal izanez gero, zuzenean, taldearen jendaurreko emanaldi batean.