Eskuin muturreko gazte talde batek 1993ko apirilaren 11n labankadaka hil zuen Guillem Agulló gazte antifaxista, Montanejosen (Valentzia). Gurasoen borroka abiapuntu hartuta, Agullóren memoria aldarrikatzen duen filma estreinatuko du 2020an La Lluita Continua egitasmoak. Duela 26 urte eta erdi semea lapurtu zioten Carme Salvador, Agullóren ama, ekarri dugu Argi Kontrara.
Zer deritzozu La Lluita Continua egitasmoari?
Kontuan hartuta gaur egun gazte asko daudela gure semearen erailketa bizitu ez zutenak, egitasmoa garrantzitsua da, gu heldu ezin garen jende askorengana iritsiko delako. 26 urte pasa diren arren, ezinbestekoa da gure borrokaren oihartzuna egitea.
Filmaren ekoizleek familiaren ikuspegia aukeratu dute abiapuntu.
Erabakigarria izan da abiapuntu hori aukeratzea. Pertsonalki, bitxia iruditzen zait, beti esan izan baitut nik ez dudala merezi aitorpenik egitea… Tira, semea lapurtu zidatenetik, borrokan ez bazen, ez nuke beste modu batera bizitzen jakingo. Semea hil zutenetik nire erronka izan da bere bizitza eta heriotza politikoak izan zirela aldarrikatzea: Guillem bere ideiengatik hil zuten, eta justiziak zein parte interesatuek saldu nahi izan zuten gazteen arteko liskar bezala. Hori deseraikitzea ezinbestekoa da.
Hitz egin dezagun epaiketaz. Nola bizitu zenuen?
Beti gogoratuko ditut hiltzaileak iltzatzen zizkigun begiradak. Inongo lotsarik gabe. Argi utzi zuen egindakoaz erabat harro zegoela. Auzitegiak ezin hobeki tratatzen zuen gainera, eta guk hasieran esperientziarik ez genuenez, justizia egingo zela sinetsi genuen. Baina epaiketaren lehen hiru egunak pasa zirenean konturatu ginen auziak itxura txarra zuela.
Auzipetu bakarra Pedro Cuevas izan zen. Sententziak hamasei urteko kartzela zigorra ezarri zion arren, lau urte espetxeratuta egon ondoren aske utzi zuten.
Bai, eta gerora, Alianza Nacionaleko [espainiar alderdi neonazia] zerrendaburua izan zen, justiziari erakutsi zion idealak zituela, eta ondoren, Panzer auzian epaitua izan zen. Baina ez zuten epaitzen jarraitu nahi izan, ikertua izateko arrazoirik ez zegoela argudiatuz. Gaur egun bizitzen ari garena ikusita, askotan galdetzen diot nire buruari nola uler daitekeen nire semearen hiltzaileak lau urteko kartzela zigorra betetzea bakarrik eta, aldiz, Kataluniako politikari espetxeratuek zigor handiagoak izatea, bozkatzea ahalbidetzeagatik. Antza, hori da demokrazia Espainian…
Uste duzu justiziak irakurketa desberdinak egiten dituela, batzuen eta bertzeen ideologiaren arabera?
Noski, Altsasuko gazteekin ere antzeko zerbait gertatu da. Gertutik jarraitu dugu. Gure elkartasuna dute, eta badakigu zeinen gaizki pasatzen ariko diren. Gertakari berdina desberdin ikertzen dute batzuen eta bertzeen artean. Justizia oso zorrotza da batzuekin eta malguegia beste batzuekin.
Gauza bera gertatuko litzateke gazte antifaxista batek eskuin muturreko gazte bat hilko balu?
Inola ere ez. Gure semearen auzia isildu nahi izan dute, baina biktima polizia edo eskuin muturrekoa denean beste jarraipen bat izaten dute epaiketek, zalantzarik gabe. Berriz diot, Altsasuko gazteen epaiketa ikusi besterik ez dago.
Azken urteetan Guillem Agulló borroka antifaxistaren ikur bilakatu da, Valentzian eta Espainiako Estatuan.
Egia esan, Valentzian ez zen interesik egon hasieran, eta aldiz, Katalunian bai. Mugimendu hau erabakigarria izan da gu bakarrik ez sentitzeko. Hein batean, Guillemen borroka bizirik mantendu da. David Fernàndezek esaten duen bezala, gure semea mugimendu antifaxistaren hazia izan zen.
Anitzetan erran izan duzue seme bat galdu zenutela, baina hamaika jaio direla Herrialde Katalanetan. Babestuta sentitu al zarete urte hauetan guztietan?
Lehendabiziko urteetan ez. Bakarrik sentitzen ginen. Baina poliki-poliki, mugimendua pizten hasi zen eta beldurra bandoz aldatu zen. Are gehiago, beldurra galtzen lehenak gu izan ginen, bera erail ondotik ez genuelako bertzerik. Nork borrokatuko zuen bestela?
Eta erakundeek babestu zaituztete?
Inola ere ez. Azken urteetan saiakeraren bat egon da kontzientzia garbi edukitzeko. Valentzian eskuinari zaion beldurra handiegia da oraindik, eta beraz, ez dute sekula gai honetan sartu nahi izan.
Justizia egiteko beharra duzue?
Auzi hau ezin hobeki apainduta utzi zuten garai hartako eskuin muturreko epaitegiek, beraz ez dute justiziarik egingo. Baina guk gure borroka irabazi dugu, gaur egun edonork dakielako gure semearen hilketa politikoa izan zela, eta ez gazteen arteko liskar bat, sententziak adierazi zuen bezala. Guillemen memoriaren borrokari eusten diogu eskuin muturraren gorakada eteteko. Asko gara eta garrantzitsua da elkartuta egotea.
26 urte pasa dira. Eskuin muturra goraka doa munduan zehar, Espainiako Gorteetan 50 diputatu baino gehiago dituzte. Zer deritzozu?
Beldurra ematen du, baina azken finean, beti egon dira hor: orain VOX alderdia da, lehenago PP edo Ciudadanos. Berdinak dira, eta gorrotoaren mezua ere aspalditik zabaldu nahi izan dute. Orain, egia da, ausartago ari dira.
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.
Hainbat eragile antifaxista eta antirrazistak antolatuta, Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) taldearen kontrako elkarretaratzea antolatu dute, datorren astelehenean 20:00etan, Amarako Easo plazan. Telegram kanal horretatik, leku horretan deitua dute asteroko... [+]
Voxek lau eta zortzi urte arteko zigorrak eskatzen ditu haientzat. 2019an, faxistek jarritako propaganda-postu baten harira egin zuten protesta.
Bederatzi lagun epaituko dituzte azaroan, Bilboko Atxuri auzoan Voxen aurka protesta egiteagatik. Gorroto-delitua egozten diete “Voxen hauteskunde-ekitaldi bat oztopatzeagatik”. Fiskaltzak zazpi eta hamalau hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu, eskuin... [+]
Azken egun hauetan, "Faxistak kanpora!" lelopean EHUko Zuzenbide fakultatean eramandako borroka antifaxistaz hitz egin dugu anonimotasuna atxiki nahi izan duen ikasle batekin. Sare sozialetan frankismoa goraipatzen eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak zabaltzen... [+]
Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.
Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.
Larunbaterako 11:00etan jarri dute hitzordua Baionako geltoki aitzinean sindikatuek. Deialdiari juntatu dira beste elkarte, kolektibo zein alderdi zenbait ere, tartean, Cimade edota Alda elkarteak.
Frantziako Estatuan zein Ipar Euskal Herrian RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia lehen indar atera izanari erantzuteko manifestazioa egin dute Baionako karriketan gaindi, oihu eta txistu artean.
Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.
Loiolako kuartelen salerosketa behingoz sinatuta, udalak auzune berri bat sortuko du han. Beste esku hartze batzuen artean, kuartelen eta Loiolaren arteko zubia botako dute, ibaiarentzako oztopo bat delako. Aurretik, ordea, komeni zubi esanguratsu horren historia errepasatzea.
Idazle frantziarrak Euskal Herriaren askapenarekiko abegikortasun handia zuen. Nazismoaren biktima izan zen, eta Marokoko erregimenaren indarkeriak argitara ematen erreferentea. Normandiako bere etxean hil da, 92 urterekin.