argia.eus
INPRIMATU
Urte berri
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2020ko urtarrilaren 08a
Paula Estévez

Urte berria hasterakoan, usaia dugu aitzinekoan iragan gertakariak banan-banan ikuskatzea. Katastrofismoak, etsipenak edo kolapsismoak menderatu garai honetan, aldizkari eta irrati-telebista emankizun haritik oroituko gara, beraz, jende xumearen egoera sozio-ekonomikoa txartu dela; arlo guztietan lan baldintzak okertu direla; beroketa klimatikoak eta kutsadurak aitzina egin dutela; estremismo politikoa, terrorismoa, bortizkeria fisiko edo morala, iruzurkeria eta ustelkeria normalizatu eta  garatu direla munduan zehar jendarte guztian; herri eta pertsona zapalketek segitu dutela aberats okaztagarri bakar batzuen probetxuko, eta abar. Horrelako errepasoen ondotik, urte berriarekin hasiko den etorkizuna nolaz ez ikusi ilun bezain beldurgarria? Zein federen izenean opatu “urte berria zoriontsua bekizu” nork maite duen hurbilekoari? Zein esperantzaren indarrez sinetsi bakea, amodioa, errespetua, jendetasuna eta lurrarekiko begirunea garaile ateratzen hasiko direla ondoko hamabi hilabeteetan?   

Bizkitartean, hauturik ez: behereko errekaren zolan ez badugu egon nahi, aurrera jotzekoa dugu, zerbaiti lotu behar gatzaizkio. Bakoitzak premiazkotzat daukana eginen du, holako zein halako borroka zuzenean buru-belarri sartuz. Ni elkarteetan, lanean, etxean eta nire buruan, hizkuntz eta irudimen jorran ariko naiz. Hots, literaturaren bidetik ibiltzeko tirria daukat, nehoiz baino gehiago. Literatura, frankorentzat gauza ezdeusa eta trufagarria, “aisialdi” gisa ezartzen dena curriculum vitae-etan. Behin betiko egia edo jakintzarik eskaintzen ez duena. Baina bizirik atxikiarazteko gai den oldarra pitzaraz dezakeena.

Luzaz bat bestearen aurka ezarri dira alde batetik literatura, irudimena, fikzioa, birtualitatea eta bestetik lana, arrazoia, errealitatea eta aktualitatea. Lehenak zitezkeen mundutik ihes egiteko bideak, bigarrenak mundua itzulikarazteko gakoak. Baina hain segur banaketa horrek gaitu ateka gaitzera igorri. Literatura, irudimena eta asmakuntza askeari toki gehiago egingo bagenie jendartean, hobekuntzak sentituko genituzkeela ez dut dudarik. Ezen, uste dut literatur zaleak, irudimentsuak eta asmatzaileak modu baikorrean eta indartsuan eragile direla jendartean.

Gisa horretan, ezinbestekoa da ene ustez, hezkuntzan literaturari eta horrek baimentzen duen irudimen isuriari leku zabala egin diezaiegun, lehen haurtzarotik unibertsitatera. Hazi Hezi aldizkariaren 31. zenbakian, Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak honelako oharra egin du: “Ez da gutxiago irakurtzen dela, baizik eta ipuinak gutxiago irakurtzen direla. Gaur egun telebistan mila koloretako programak daude haurrentzako, pelikulak, interneten zer esanik ez, eta abar. Gaur egungo haurrek irudimenaren beste pizgarri batzuk dituzte eskura, liburuez aparte. Lehen ipuinak oso garrantzitsuak ziren, irudimenaren pizgarri nagusiak zirelako. Gaur egun hor daude baina bigarren mailakoak direla esango nuke”. Neronek frogatzen dut eskolan gazteek irudimen guti dutela, gehienek idazlanak zentzugabeko gerlez eta zapartatzeez josten dituztela aterabiderik proposatu gabe.

Literaturari esker eskuratzen den irudimena hitzezkoa da. Hitzek esplizituki edo inplizituki, joko sinboliko gisa sustatzen duten unibertsoa da, mundu errealarekin harremanetan egoteko baitezpadakoa dena. Goazen bada ipuin, alegia, olerki eta eleberri irakurtzera edo idaztera, ondotik elkarrekin aztertzera, urte berria argi diezaguten.