argia.eus
INPRIMATU
Egurrezko aulkitxoa
  • Gasteizko Oihanederreko oholtza gaineko irakurraldi poetikoan gaude gaurkoan. Iñigo Astizen Analfabeto liburuari amaiera eman dion azken poema luzea izango da mintzagaia, eta Mikel Ayerberen performancea ikusgaia.  

Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2020ko urtarrilaren 08a
Argazkia: DosPorDos
Argazkia: DosPorDos

Maitasuna, heriotza, adiskidetasuna eta politika ardatz nagusiak izango dira. Sentsazio eta emozioen munduan barneratuko gara. “Dena” edo gaur egungo mundua jasotzen duen saiakera da Hogeita bat poema. Mezuz eta kodez osatutako XXI. mende hau ulertzeko ahalegin bat.

Eszenatokia ilun dago eta foku batek argitzen du aulkitxo txikia. Plastikozko Coca-Cola botila hutsarekin agertu da Ayerbe, ume txiki bat hegazkin batekin jolastuko litzatekeen modura. Agertokitik buelta batzuk eman ostean Iñigo poema errezitatzen hasi da. Espazioaren eta kosmonauten garaia amaitu dela kontatu digu, partikulen mendea heldu dela eta gugan dagoela unibertsoa.

Antzezlea Decathlonen 30 euroan erositako txalupa puzten hasi da, Mediterraneo itsasoaren beste aldean txalupa berak 300€ balio dituela kontalariak dioen bitartean. Ayerbek txalupa hori-beltza gainean jarri eta ikusleen inguruan ibili da haur jarrerarekin.
“Jende gehiago dago hilda bizirik baino, baina inor ez da gai hildako guztien izenak gogoratzeko eta oraingoz nahikoa zait, portzentualki gehiago direla pentsatzearekin”. Heriotzaren inguruko hausnarketa pertsonalarekin eman dio sarrera landuko duen hurrengo gaiari. Ehunekoen mendea dela esan du. Milaka datu ikusten eta entzuten ditugu egunero, datu emailearen eta datuen arteko erlazioa bistan jarri du adibide batzuen bidez: “Biztanleriaren %50 baino gehiagok arrakala izan du mugikorraren pantailan, mugikor etxeek egindako ikerketa”.

Transferentzien, marketinaren eta ideien aroa dela azpimarratu du, baina ideiez baino gauzez fio dela esan du, no ideas but in things esaldia errepikatu du etengabe. Ikeakoa izan zitekeen kartoizko kutxa batekin agertu da performance-egilea, barnetik instrukzioak eta egur xaflak atera eta mahai bat izango dena muntatzen hasi da.

Mahaia eta aulkiarekin batera Coca-Cola lataz betetzen hasi da antzezlekua, gero eta espazio gehiago hartu dute pote gorri txikiek. 2017. urtera eraman gaitu narratzaileak, Erandiora, hain zuzen. Coca-Cola bat edaten ari da, itxitako fabrikak eta ibaiertzean geldi dauden garabiak begiratzen. Gauzen erreinua agortuta dagoela adierazi nahi du, eta gauzek utzitako oihartzunean barrena bizi dela konturatu da.

Ayerbek, muntatutako mahaiaren gainean, hasieratik zegoen egurrezko aulkitxoa jarri du eta oholtzan zehar sakabanatuta dauden latak bata bestearen gainean eta alboan ipini ditu. Goialdean edalontzi huts bat jarri eta haren barruan Coca-Cola botatzen hasi da. Edalontzia bete eta gainezka egiten duen heinean ur jauzi bat izango balitz bezala lurrean hedatu da azukrezko isurkaria.

DosPorDos-en argazkiak: