argia.eus
INPRIMATU
Sagarrondoa
Enbor okerretik zurezko pieza finak
  • Apirilean sagastiak lorez janztea bezalako ikuskizun gutxi dago. Lore zurizko olatuak. Sagarra jaki eta edari izan dugu milaka urtetan. Sagar gordina, errea eta ore dultzea; muztio, pitar, sagardo eta ozpin. Zura fina du, tailatzeko ona eta pieza txikiak, kirtenak eta abarretarako egokia. Baita uztarriak egiteko ere.

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko abenduaren 18a
Antton Olariaga

Jakoba Errekondok eta Antton Olariaga ilustratzaileak elkarlanean egin eta ARGIAk plazaratutako Landareak Lantzen gida-liburutik hartu ditugu sarrerako testua eta alboko orrialdean duzuen marrazki ederra. Dozena bat arbolaren ilustrazioak aurkituko dituzue liburuan, hilabete bakoitzeko bat. Eta, ondoan, haien lore, fruitu eta enborren gaineko azalpen laburra.

Sagarrondoa ez da arbola altua, gehienera ere 8-10 metro izan ditzake, eta okerra du enborra, gereziondoaren tankerakoa hein batean. Haren egurra horregatik baliatzen da bereziki pieza txikiak egiteko. Fina du zura, baina gogorra. Nahieran landu ahal izateko poliki-poliki lehortu behar da, prozesu horretan zartatu eta deformatzera egiten duelako. Behin lehortuta egonkorragoa da eta orduan bai, ongi tornea eta taila daiteke. Sagarrondo egurraren transformazioa ardatz duen merkatu bereziki sendorik ez dago, baina ebanisteria pieza txikiak-eta egiteko egokia da oso. Ez horretarako soilik halere. Haren zurarekin torlojuak egin izan dira, ehuntzeko tresnak (anezkak adibidez), golf makilak, arotz-lanabesak (zepiloak, zurmailuak, zerren kirtenak…), inkrustazioak, musika instrumentuak, umeentzako jostailutxoak… Beste kontu bat da, gaur eta gurera etorrita, zenbat sagarrondo mozten den, edo moztu daitekeen, arotzerian baliatzeko.