2019ko film serie ikusienetakoa izan omen da Chernobyl, 1986an orduan Sobietar Batasuna zen eremuan gertatutako hondamendia kontatzen duena. HBO eta Sky kateek ekoiztutako drama historikoaren eszena ugari Ukrainako edo Bielorrusiako hirietan ez baina Lituaniako hiriburuan errodatu ziren.
Historiak sarritan erabili ohi baitu ironia, karrika horiek urriaren hasieran ikusi dituzte berriro Chernobyl-ekoen antzeko irudiak bizi-bizian, nahiz eta munduan oso gutxik ikusi dituen: Lituaniak leherketa nuklear baten simulakroa egin du, Vilniusetik 40 kilometrora Bielorrusiak urte berriarekin abiaraziko duen Astravyets zentral nuklearraz kezkatuta.
Irailean gobernuak jakinarazi zuen 900.000 euro gastatuko zituela 2,8 milioi lituaniarrentzako –herrialdearen populazioaren herena– iodo pilulak erosten. Babes Zibileko agentziaren buru Edgaras Gedak hedabideei aurreratu zien urriko maniobren funtsa: “Chernobyl seriean ikusi duzuen guztia ikusiko duzue hemengo kaleetan: sirenak, sorosleak, helikopteroak…Hemen jendeak gogoan dauka Txernobylen gertatua, gure senitarteko asko, tartean nire osabak, erreskate lanetara eraman zituzten, horregatik ezagutzen dugu hain ondo. Ez gara hurrengo istripua noiz gertatuko zain egongo, gertatuko denerako prest egon behar dugu”.
Hala ikusi dira –nahiz eta euskaldunoi ez dizkiguten erakutsi– urriaren 1 eta ondorengo hiru egunetan zientoka funtzionario, boluntario eta tartean harrapatutako herritar protagonista izan dituzten maniobrak: sirenak alarma joka, larrialdi dei eta mezuak jendeen telefonoetan, militarrak ebakuazio lanetan, biktima papera egiten zuten boluntarioak miaketa eta frogak jasaten, larrialdi nuklearretarako jantzitako agenteak pertsona, animalia eta jakiak testatzen… Googleatuz aurki daitezke irudiak.
Egun horietan zeukaten hitzordua Lituania eta Letoniako lehendakariek eta publikoki azaldu zuten ados zeudela Astravyetseko zentral nuklearrak eragiten duen kezkan. Hori bai, Letoniak ez du bere egin Lituaniak Bielorrusiatik datorren argindarrari uko egiteko hartutako erabakia.
Gitanas Nauseda lehendakari lituaniarrak etxean bezala atzerrian esan du Bielorrusiak muga kontran eraikitako zentrala oso arriskutsua dela eskualdeko beste herrialdeentzat, Astravyetsek ez dituela betetzen segurtasun estandarrak, 2012an eraikitzen hasi zirenetik ere hor gertatu direla hainbat istripu, lapurreta, langileekiko tratu txar eta bestelakoak: ziurra da gutxienez hiru langilek galdu dutela bizia eta –hasieran promotoreek ezkutatu zuten arren– zentralaren lapiko nagusia izan behar duen 330 tonako piezak altuera batetik erori eta matxuratu zela gruak huts eginda. Fukushimaz geroztik nuklearrik hiri handietatik 100 km baino hurbilago ez eraikitzeko gomendioa ere ez du betetzen. Lituaniak Europar Batasunari eskatu dio Bielorrusiari presio egin diezaion.
Bi erreaktore atomikorekin 2.400 megawatt ekoiztu behar dituen Astravyetseko zentrala Rosatom errusiarrak eraiki du. Rosatom enpresa publikoak baditu, Errusiaz gain, beste hainbat proiektu martxan edo bidean, tartean Txina, India, Turkia, Hungaria eta Finlandian. Joan den abuztuan istripu larri bat gertatu zen Rosatomen ardurapean misil atomiko bat probatzen ari ziren Nyonoksa base militarrean; bost militarrek galdu zuten bizia eta agintariek zehaztu ez duten jende gehiago zauritu erradioaktibitatez.
Lituaniarrek ez dute arrazoirik falta Bielorrusiarekin haserre egoteko, beraiek erreferendumez energia atomikoari uko egin ostean Vilniusetik 40 kilometrora Astravyets eraikitzen ikusita. Bi herrialdeak ziren Sobiet Batasuna handiaren osagai 1986an Txernobylek eztanda egin zuenean. Lituaniak garai hartan Txernobylgoaren berdintsua zen Ignalina zentrala zeukan martxan.
Europar Batasunak iritzi zion Ignalina arriskutsuegia zela eta 2009an itxi egin zuten. Aurretik, agintariek erreferenduma antolatu zuten herritarren iritzia jakiteko: gehiengoa zentralak martxan jarraitzearen alde azaldu zen baina parte-hartzeak %50a lortu ez zuenez, gobernuak EBri jaramon egin zion.
Ignalinas itxita Lituania Errusiak saldutako argindarraren mende geratu zela-eta gobernuak Letonia eta Estoniakoekin batera erabaki zuen berri bat eraikitzea: Visaginas, 1.350 MWeko potentziaz. 2012an parlamentuak (Seimas lituanieraz) erabaki zuen gaiak herritarren oniritzia behar zuela eta erreferenduma antolatu urriaren 14rako. %52,58ko parte-hartzearekin, nuklearrari ezezkoa %64,77k , baiezkoa %35,23k. Zer gertatu zen 2009ko erreferendumaren eta 2012koaren artean? Fukushimako istripu atomiko larria zen 2011ko martxoan –eta kasualitatez, Visaginas Hitachi japoniarrak eraiki behar zuen–.
2020ko urtarrilean piztu behar du Bielorrusiak zentral berria eta berme gehiago negoziatuta bada ere, lituarniarrek ikasi beharko dute bizitzen ondo-ondoan daukaten Astravyetseko atomoekin. Ez ditu askorik kontsolatuko jakiteak ez direla horretan bakarrak. Austriako herritarrak ere, zentral atomikorik eraikitzea legez eta baita konstituzioz ere debekatuta daukaten arren, kondenatuta ikustera nola, lehendik inguruetan daudenez gain, zentral berriak eraikitzen ari diren Eslovakian eta Hungarian, edozein istripuk austriarrak ere zuzenean kaltetzeko moduan.
Bitartean, Bielorrusiako jendeak zer dio? Ez dakigu, Europar Batasuneko kide den Lituanian larrialdi nuklear bat egin dutela jakin ez badugu, nekezago iritsiko zaizkigu karaktere zirilikoz idatzitako hedabideen oihartzunak. Txernobyleko fabrika malapartatua Bielorrusiaren mugatik 5 kilometrora zegoen. Txernobyleko katastrofearen ondorioak Ukrainak berak baino garestiago pagatu dituen Bielorrusia 2020an berriro energia atomikoarekin jokatzeko apustuan ikusteak zerbait adierazten du hango sistema politiko eta sozialaz.
Nuklearrik Gabeko Bielorrusiaren Aldeko Zientzialarien Elkartea aspalditik ari da agintariak ohartarazten Astravyetseko proiektuaren arriskuez eta bere ahalen arabera mobilizatzen. Zientzialarion buruzagietako bat, Heorhi F. Lepin fisikari zaharra, Belsat telebista kate poloniarrari mintzatu zitzaion joan den ekainean. “Txernobil gogoratzeko beharra sentitzen dut, jendeari Txernobyl oroitarazteko beharra”, dio kameraren aurrean. “Gauza asko ikusi nituen han munduari kontatu behar dizkiodanak.
Oraindik bihotza urratzen dit”.
Unibertsitatean zientzialari ezaguna zela, 1986an bere borondatez joan zen Txernobylera. Sei urtez aritu zen lehertutako erreaktorearen ondoan lanean. Txernobylen biktimen legearen idazketa taldean parte hartu zuen. Zenbait liburu idatziak ditu gaiaz. Lepin hasieratik harritu zen Astravyetseko zentralaren kokagunearekin, ingurua arrisku sismiko handikoa delako eta justu hautatutako gunetik oso hurbil dagoelako gerra bakteriologikorako erabili den Bacillus Anthracis (lupu beltzaren bakterioa) gordetzen duen biltegi bat. 20 zientzialarik hasieratik ohartarazi zuten publikoki horrelako zentral bat eraikitzeko lekurik desegokiena dela hura.
1994tik Bielorrusiako presidente den Aliaksandr Lukaxenkak ez ditu asko maite Lepin eta bere sokako zientzialariak: “Berak dio zientzialari alferrak garela nuklearraren aurka gaudenok, ezin baitu esan ezjakinak garenik. Hartzen gaitu ‘gaizkile mozorrotu’ eta nazioaren aurkako jendetzat. Hori esan du nitaz”.
Gaiaren arriskuaz ohartzen diren beste asko, aldiz, isilik dago, horien isiltasuna borrokatzen du Lepinek Bielorrusiatik bertatik. Belsat katearen bideoan Astravyetseko zentralaren atarian aurpegia emanaz mintzo da fisikari zaharra bustitzen ez diren beste jakitunez: “Garbi dago: ez dute egia esaten. Diote nuklearrak arriskurik ez duela, merkea dela, etekinak ekartzen dituela. Horrela mintzo dira beren postu txikiak galdu nahi ez dituztenak. Ez dute egia esango, lana galtzeko beldurrez bizi direlako. Baina haiek dira abertzaleak ez direnak. Abertzalea da egia esaten duena herriaren onerako, ez buruzagi batzuen onerako”.
1979an istripu nuklear larria gertatu zen Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearreko unitateetako batean. Bestea, 2019an itxi zutena, berriz jarriko dute martxan, Microsoften adimen artifizialaren energia behar handiak asetzeko.
Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]
Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]
Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]
Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]
Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]
Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.
Niamey-en eman zuten estatu kolpea, aurreko asteazkenean. Abdourrahmane Tchiani jenerala da kolpea jo duen militar taldearen burua, eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak (CEDEAO) aste bat eman diete presidente ohia berriro ezartzeko, eta bestela... [+]
Ekosistema artikoak bereziki hauskorrak dira, bertako tenperatura apalengatik izaki guzien hazkuntza mantsoa baita, eta nahasmendu baten ondotik berrosatzeko denbora luzea behar baita. Halere, ekosistema artikoak bihurtu dira XX. mendeko hainbat jarduera industrialen zabortegi,... [+]
Espainiako Gobernuaren Enresa enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna, eta eraisketa lanetarako guztira 475 milioi euroko gastua aurreikusi dute. 40 urtetako etekinak pribatuak izan eta gastuak publikoak izan direla salatu du Araba Garoña Gabe... [+]
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITECO) izan da zental nuklearra eraisteko baimena eman duena. Horri esker, Enresaren enpresa publikoaren esku geratu da instalazioaren titulartasuna.
Frantzia ekialdeko Bugey eta Saint-Alban herrietako zentralen elektrizitate ekoizpena murriztu dute, aktibitateak ondorioztatu uren tenperaturen emendioak ekosisteman eragin kalteak saihesteko. Eguraldiari dagokionez, tenperatura altuak aurreikusten dituztenez, erabakia hartu... [+]