Euskal Herrian ere, ez da nola nahikoa izan 2019. urtea. Nazioarteko gertaerek zein etxeko gatazkek bultzatuta, euskal jendartearen baitako dinamika sozialak aurrera egin du berari dagokion espazio politikoaren berreskurapenean.
Eragile sozialon aurtengo balantzea ikusgarria da. Guztiok ditugu gogoan pentsionistek bideraturiko mobilizazioak, mugimendu feministak plazaraturikoak, langileen borroka eta greba aldi gogorrak, klimaren aldeko ekimenak, gazte mugimenduaren protesta ikusgarriak, preso politikoen aldeko dinamika iraunkorra, elkartasun internazionalista edota euskararen aldeko hainbat dinamikaren arrakasta uka ezina. Eta horrekin batera, hor daude ere maila lokaleko proiektu suntsitzaileen aurka bideraturiko ehunka ekimen txiki. Oparoa da milaka eta milaka herritarrek 2019an eginiko lana eta borroka.
Baina honako dinamika eta kritika soziala, erraldoia izanik ere, ez da zentrala bestelako lehentasunak dituzten indar politikoentzat: hauteskundeak, botere instituzionala eta kudeaketa subordinatua.
Desmobilizazio orokorraren arazo nagusia beraz, ez dago euskal jendartearen apatian, gogo faltan edo beldurrean, klase politikoaren ausardia eta sinesgarritasun faltan baizik, hori aurka ez daudenean
Klase politikoak onartu nahi ez badu ere, euskal jendartea bizi-bizirik dago eta beharrezkotzat jotzen duenean, bere burua ondo astintzen badaki, gainera. Desmobilizazio orokorraren arazo nagusia beraz, ez dago euskal jendartearen apatian, gogo faltan edo beldurrean, klase politikoaren ausardia eta sinesgarritasun faltan baizik, hori aurka ez daudenean.
Jendarte mugimenduaren indarraz eta gogoaz jabeturik, Karta Sozialean bildutako eragile sozial eta sindikal euskaldunek aurrera egiteko baldintzak daudela esan eta Greba Orokorra deitzea erabaki dute urtarrila amaierarako. Bazen garaia! Milaka arrazoi txiki eta handi ditugulako horretarako.
Duela hilabete gutxi bukatu zen Biarritzeko G7 gailurrak argi eta garbi erakutsi zigun G7 EZ Plataforma Nazionalean parte hartu genuen eragileoi, gaur gaurkoz maila nazionalean ez dagoela antikapitalista guztion elkarlana bideratzerik, nazio mailako beste interesak gurutzatzen direlako. Baina bai, aldiz, marko lokalean, hor posible da antikapitalista guztien konbergentzia eta ekintza batasuna bideratzea. Eta hori da egin behar duguna. Horretan datza ELEAK-Librek sortzea proposatzen dituen eskubide sozial, zibil eta politikoen aldeko maila lokaleko Eskubideen Herri Plataforma (EHP) unitarioen funtsa.
Beraz, ELEAK-Librek eginiko proposamena, Karta Sozialaren aktibazioa eta Karta Sozialaren edukia konpromisoetan oinarrituriko dinamikaz bultzatzeko asmoa uztartu behar ditugu proposamen bakarrean, marko lokalean borroken konbergentzia eta desobedientzia zibila bultzatzeko. Greba Orokorra dator, antikapitalista guztiak biltzeko eta geure buruak prestatzeko garaia heldu da. Herri Boterea da indartu behar duguna.