Eskerrak euria iritsi den azkenean: nola eutsi hain berde, bestela, Euskal Herriari…!”, diote. Eta badu egiatik. Baina gure amaren herrian teila-kolore iluna hartzen du lurrak euria egiten duenean, oso argi ez balego bezala zer dagoen zerez eginda: teilak lurrez ala lurra teilaz. Belardi berdeak modu artifizialean ureztatutako parke artifizial urrietan baino ez daude, eta neguko lokatz lodi gorriztak hauts horizta bihurtzen dira uda-aurrerako. Batzuetan, ibai joria eta baratze gorrietako fruitu joriak baino ez dira ageri berde.
“Maite ditut, maite, gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean…” kantatzen dugunean, zein dira zehazki “gure bazterrak”? Zenbati datorkio gogora gailur- edo muino-multzo bat egunsentian, laino-izara leun batetik gora agerian? Eta zenbati datorkio gogora Euskal Herriaren hego-mendebaldeko muga lau osoa bortitz laztanduz jaisten den Ebro horretako laino itxi usua?
Euskal Herriaren iruditeria geografiko homogeneizatuaz ari naiz, baina, partez, Euskal Herriko egoera politiko heterogeneoaren gaineko iruditeria partzial batek ekarri nau horra: zehazki, joan den hilean Espainiako Estatuan egindako hauteskundeen zurrunbiloan zenbait euskaldunek esan izanak, euforiko, trifatxito delakoak ez zuela ordezkari bakar bat ere lortu EAEn (gerora jakin genuen PPk diputatu bat lortu zuela azkenean Bizkaian). Beharbada, batzuek badugu garaia erabakitzeko ea benetan Nafarroa gu garen ala ez; Nafarroa, bere kontraste eta guzti: Bel Pozueta babestu duen Nafarroa hori, eta Enrique Maia hiriburuko alkate-besaulkira itzularazi duen Nafarroa hori, eta herri batzuetan Vox-i %10etik gorako babesa eman dion Nafarroa hori. Inoiz aditu izan diot Erriberako zenbait jenderi esaten, txantxetan-benetan, beraiek antz handiagoa dutela aragoiarrekin Iruñetik gorako nafarrekin baino, eta maiz entzun izan ditut Iruñetik gorako nafarrak ere hegoaldeko nafarrengandik beren burua argi bereizten. Errealitate bat da. Errealitate bat den bezala EAEtar asko “denok gara nafarrak” esaka aritzen direla baina Nafarroa sinbolo urruneko idealizatu gisa hartuta, gizon zenbaitek “denok maite dugu ama” esaten duten bezala kasik.
Eta zer esan berez ekialdea den Iparralde horren eta berez mendebaldea den Hegoalde horren arteko amildegiaz. Ba, oso han garela elkarrentzat, oso beste, oso haiek. Hain urrun gaude elkarrengandik, apenas baitugu gertuko herriek elkarrekin duten lehia txoro hori: kostaldeko gipuzkoarrek nafarrei meaplayas, Nafarroa iparraldekoek gipuzkoarrei robasetas, denek bilbotarrei harroputzak, denek arabarrei patateroak, denek donostiarrei ñoñostiarrak, eta horrela ad infinitum. Iparraldekoekin, nik dakidala, halako lehia txororik ez dugu Hegoaldekook, eta eskerrak, alde batetik; baina, bestetik, hutsune horrek urruntasuna ere erakusten du, bestetasuna.
Ez dut inongo asmorik (ez bedi oker uler, arren) lurraldeen arteko lehia absurdo hori gauza positibotzat jotzeko, ez eta inori kontuak eskatzeko ere: normala da nork bere ingurukoa askoz hobeto ezagutzea, eta, hein batean, normala da biztanle gehien duten eremuetako jendearen ikuspegiak hedatzea gehien. Baina nolabaiteko batasun batez mintzo garenok, behintzat, agian gehixeago ahalegindu beharko dugu elkar ezagutzen eta aitortzen, edo, hobeto esanda, geure burua osorik ezagutzen eta aitortzen, idealizazioetatik, topikoetatik eta kondeszendentziatik harago.