argia.eus
INPRIMATU
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko
Garazi Zabaleta 2019ko abenduaren 20a

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko ingurune naturalera ere hurbildu nahi izan dituzte ospakizunak: azaroaren 23an Duzunaritzen egin zen “100 urteko paisaian 111 pauso” izeneko egun-pasa berezia, EHKOlektiboa eta Biharko Lurraren Elkartearekin (BLE) elkarlanean antolatua.

“Ze arraroa,euririk gabe Nafarroa”

Nafarroa Behereko Garazi eskualdean bildu ziren 80 bat lagun larunbat hartan, euriari eta hotzari aurre eginez. Jon Harlouchetek hartu zituen Idiartia etxaldean, goizeko 10:30ean. Handik, Duzunaritze herrira ibilaldia egin zuten hurbildutakoek, Jakoba Errekondok bertako paisaiari buruz emandako azalpenez lagunduta. Landareetatik abiatuta elikaduraz, mistikaz, heriotzaz, koloreez edota hizkuntzaz aritu zen Errekondo.

Etxaldera bueltan, EHKOlektiboak eta BLEk prestatutako saldak berotu zituen ibiltariak. Ondoren, ikuiluan lasto-fardoz osatutako anfiteatroan hitzaldia eskaini zieten Harlouchet aita-semeek hurbildutakoei: etxaldearen historia azaldu, azken urteetan egin dituzten aldaketa eta hobekuntzak ezagutarazi eta eredu ekologikoan jardutearen garrantziaz aritu ziren. Harlouchet kide den Arto Gorriak elkartearen lana ezagutzeko aukera ere izan zuten hurbildutakoek.

Bazkaria, liburu aurkezpena eta emanaldia

Eguerdian etxaldearen zurezko ganbaran bazkari ederra gozatu zuten, bertako produktu ekologikoz egina. Bazkalostean, Sustrai Colinak irriz jarri zituen entzuleak, bakarrizketa umoretsua eta bertsoak uztartuz. Ondoren, Errekondok Argiarekin atera duen azken liburua aurkeztu zuen: 111 hostoz eta orriz jantzi. Liburuan parte hartu duten hainbat kide atera ziren jarraian: Itxaro Borda, Sustrai Colina eta Pantxika Maitia, eta lurrari buruzko jakintzaz mintzatu ziren, kulturaren esparrutik. Eguna bukatzeko, Buztinezko Etorkizuna testua irakurri zuen Bordak, Ibon RGren musikaz lagunduta eta Colinaren bertsoen parte-hartzearekin. Egun borobila mendeurren borobil batentzat!