Kazetaria baino lehenago blogaria izan nintzen. Unibertsitateko irakasle batek, Lucía Martínez Odriozolak, animatu ninduen blog bat sortzera karrera amaitu nuenean, 2006. urtean, hedabideetan lana bilatze aldera. Hasieran hori zen nire motibazio nagusia, curriculumaren osagarri dotore bat aurkeztea. Baina egunkari batean lan egiten hasi nintzenean, bloga iritzi artikuluak idazteko espazio libre bat bilakatu zen eta berezko distira hartu zuen. Bidelagun ugari ezagutu nuen blogetan: batetik, Luciaren Momo Dice… bloga topaleku zuten euskal kazetariak; bestetik, euskal ziberfeminista mordoa. 2010ean Pikara Magazine sortu genuenean, bidean deskubritutako blogari feministak izan ziren gure lehen kolaboratzaileak.
Malenkonia handiz gogoratzen dut blogosferaren urrezko garai hura. Iruzkinen bidezko eztabaida lagunartekoa zen, aberasgarria, barea, sakona, karaktere mugarik gabea. 2011ra arte matxitrolen erasorik gabe gozatu nuen blogari jardueraz, orduan mikromatxismoei buruz idatzi nuen post bat Forocochesen partekatu zuten arte.
Ziberoptimista sutsua izan naiz urte askotan, besteak beste, Pikara Magazine-k izan duen ibilbidea internetek eman dituen aukerei zor diogulako. Hedabide digitala izanda, gure irakurleak ez ziren soilik irakurle: iruzkinen bidez artikuluak aberastu ahal zituzten, sare sozialetan partekatu eta hala komunitate izaera indartu. Facebook eta Twitteren biralizazio dinamikei esker lortu genuen nazioartean oihartzuna izatea eta hedabide handien agendan eragitea. Crowdfunding-ari esker lortu genuen urtekariak finantzatzea, eta hala deskubritu genuen paperezko eta online edizioek egun izan dezakeen sinbiosi bikaina.
Baina pixkanaka hamaika desengainu ere agertu zitzaizkigun. Artikuluetan iruzkinak ixtea erabaki genuen zibermatxistek monopolizatu zituztelako. Gure kolaboratzaileek Forocoches eta La Burbuja foroetan antolatutako matxisten bortizkeria bizi izan dute. Twitteren liskarrak, polarizazioa, lintxamenduak eta difamazioak pairatu ditugu. Azken bolada honetan feminismoaren sektore sektario baten aldetik jaso ditugu mingarrienak. Esaterako, hedabide “proxeneta” bat izatea leporatu digute prostituzioari buruzko askotariko diskurtsoak hedatzeagatik, azken aldiz Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan ospatutako solasaldi aberasgarria, barea eta sakona txiokatzeagatik. Maiz ardura sentitu izan dugu kazetaritzaren zeregina ulertzen edo errespetatzen ez duten txiolari sektarioen jomugan jarri ditugulako gure elkarrizketatuak. Joera horrek autozentsurara darama, unfollow kanpainen beldurrak kikilduta.
Bestetik, hedabide digitalok multinazional monopolistekiko dugun dependentzia kontuan hartuta, hausnartu behar dugu ea gure burua alternatibotzat aurkeztu dezakegun. Facebook-ek behin eta berriro mehatxatu gaitu gure orrialdea ixtearekin, gorputz biluzien debekuari men ez egiteagatik, eta horrek beldur itzela ematen du, gure irakurleen erdia sare sozial horren bidez heltzen baita gure webgunera. Algoritmoen menpe lan egiten dugu. Zaila da Google Analytics-en datuak kontuan ez hartzea zer publikatu eta zer ez erabakitze aldera. Handia da lerroburuak idazterakoan SEO irizpideak kontuan hartzearen tentazioa.
Laburbilduz: zaila da egun ziberoptimismoa pikutara ez bidaltzea. Gauzak horrela, Argia-ren mendeurrena aprobetxa dezakegu kazetaritza ibilbide luzeez ikasteko. Big data versus Txikitik eragiten. Clickbait versus Astiro goaz, urrutira goazelako.