argia.eus
INPRIMATU
Goxoki musikadunak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko abenduaren 10
Folklore | Dupla | Autoekoizpena, 2019

Ez CD, ez binilo, ez USB. Txupatxusa. Duplak txupatxus gisako euskarri bat baliatu du Folklore izenburua duen bere lan berriko kantak zabaltzeko. Goxoki musikadunak diseinatu dituzte, Duplatxusak. Goxokiek estalkian QR kode bat daukate, sakelako telefonoaren bidez irakurri ahal izateko, eta, haren bidez, haien webgunean kantak entzun edo deskarga daitezke.

Oso ideia originala da, berritzailea, bitxia. Duplako bi kideen izaerarekin bat datorrena, erabat. Argi dago gaur egun musika eta kultura kontsumitzeko era aldatu dela, eta hori onartuta, aukera berri bat proposatu dute.

Aguraingoak dira. Landa ingurune batean musika hiritarra egiten dute, elektronika, hip-hop eta pop musikaren arteko nahasketa. Errimak eta melodiak ongi landuta eta zainduta, bizitasunarekin, erraz eta batere lotsarik gabe aritzen dira, graziarekin eta erritmoarekin, gatzarekin eta piperrarekin. Nabarmena da daukaten etorria.

Etorkinen tragedia, arrazakeria, matxismoa, homofobia, harremanak, maitasuna, dirua, drogak, eta beste hainbat gairi buruz mintzo dira, gazteek izan ditzaketen kezkei buruz, ironiarekin ere aritzen dira pertsonen itxurakeria eta haien kontraesanei buruz, “progresistak, modernoak eta ezkertiarrak” omen direnei buruz, eta nor den bezalakoa izatea, nahi duena izatea aldarrikatzen dute.
Duplaren proiektua 2018ko neguan martxan jarri zuten. Denbora honetan, hainbat ikus-entzunezko sortu dituzte, Youtuben jarri dituzten bideoklipak, eta, taldekideen hitzetan, “lehenengo lan kontzeptuala” Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu dute, Folklore izenburua duena.

Haien jendaurreko emanaldiak ikusgarriak izaten dira, ahotsarekin eta bateria batekin, elektronika eta antzerkia uztartuta. Ikuskizunak. Youtuben dauden haien bideoklipak ere bai. Horrela, gero eta ezagunagoak egiten ari dira. “Etorri gurekin eta ulertu zein den gure martxa, ikusiko duzula nola dagoen jendea dantzan, utzi beldur denak eta sartu gure saltsan, egingo dugula eztanda”, Badator kantan diotenez.