Jatetxe euskalduna da Bordatxo. Euskaldun berriak dira jabeak eta euskara nabarmentzen dute kartan eta bezeroarekiko tratuan. Bilbon, eta Deustu auzoan, ez dira asko izango horrela jokatzen duten ostalariak. Hala, Bordatxo jatetxean azken bi hamarkadetan egindako lana aitortu eta saritu du Bai Euskarari elkarteak.
Bizkaiko hiriburuak nazioarteko erakusleihoan txoko esanguratsua hartu du eta turisten joan-etorriak mugarik gabeak dira. Hala ere, makina bat elkarte, lagun-talde eta komertzio, soldatapean nahiz musu-truk izanda ere, euskararen normalizazioan lanean ari dira. Aitortza egitea hauentzat funtsezko bultzada eta aupada izaten da sarritan, eta hala iruditu zaie Bordatxo tabernaren jabe diren Estitxu Lezea eta Gorka Ganboari. Sariak zuzeneko ekarpen ekonomikorik ez diotela ekarriko uste arren, lanean jarraitzeko beste motibo bat dela adierazi dute.
“Lehenik sorpresa handia izan zen guretzat, baina beste ikuspuntu batetik aztertuta, esan genezake ez dugula konpetentzia handirik izan, hirian ez gaude-eta horrenbeste komertzio euskaldun. Kafe Antzokiaz eta herriko tabernez gain, zenbat gara bada?”, dio Ganboak. Sariaren garrantzia, baina, Bilboko egoera soziolinguistikoan dagoela dio. Alegia, sariak ez lukeela zentzu bera izango Gernikan izango balute taberna.
“AEK-kumeak” direla diote harro-harro, lehenengotariko belaunalditakoak gainera. Lezearen kasuan, derrigorrezko ikasketak amaitu eta nerabea zela ekin zion euskara ikasteari, ordura arte gaztelaniaz baino ez zelako hezi. Hargatik egin zuen euskalduntzeko hautua, funtsezkotzat jotzen baitzuen euskaraz jakitea Euskal Herrian bizitzeko. Ganboa, bestalde, familiak bultzatuta sartu zen euskaltegian. Aiton-amonek euskaraz bazekiten, baina gurasoek ez zuten ikasi, eta mozketa hari akabera jartze aldera 9 urte inguru zituela hasi zen euskara ikasten: “Euskaltegian sartu ninduten, baina gero nik erabaki nuen euskalduntzea; ondorio logikoa zen”. Orduz geroztik euskaraz bizi dira han eta hemen, ofizioan, etxean zein kalean.
Bilbo inguruan euskaldun gehienek ezagutzen duten lekua da Bordatxo. Nortasuna du jatetxeak, balio zehatzak hauspotu nahi ditu. Auzoan ere murgildu dira halako eta bestelako ekarpenak eginez, jaietan auzo elkarteari laguntza eskainiz eta ekintzetan parte hartuz. Horrez gain, lehen unetik euskarak presentzia handia izan du negozioan, baina jatetxeaz harago, negozioaren beste alorrak euskarazkoak izaten ahalegindu dira. Neketsua izan zaie zenbaitetan: hornitzaileekin hartu-emanean, adibidez. “Ulertzen dut Galiziako hornitzaile bati eskaera bat egiten badiot ordainagiria gaztelaniaz edo galegoz bidaltzea, eta horregatik, Espainiako Estatuan aritzen direnei baino, bertakoei eskatu behar diegu tratua euskaraz izateko”, diote. Horiei ordaingiriak zein produktuak euskarazko etiketarekin bidaltzeko eskatzen diete, eta egiten ez badute, kafearen eta azukrearen kasuan adibidez, euskaratzeaz arduratu izan dira jabeak.
“Jakin badakigu urteotan guztiotan erreferentzialtasuna irabazi dugula, eta sari hau jasotzea pozgarria da, baina are pozgarriagoa da zerbitzatzen ari zaren hamar mahaitik zortzi euskaraz hitz egiten entzutea”, dio Lezeak. Euskaraz zerbitzatu arren, errealitateari ezin die muzin egin. Ez da jende euskaldunera soilik mugatzen den jatetxea, are gehiago, Lezeak adierazi duenez, bezeroek euren artean gaztelaniaz hitz egin arren, kafeak euskaraz eskatzeko ahalegina egiten dute: “Badakite hau Bordatxo dela, hemen euskaraz egiten dela, baina arrotz sentitu gabe, euskaraz eskatzen dute eta eskertzekoa da”. Deustuko Unibertsitatetik gertu dago eta ikasleak joaten zaizkie. Ikasleak, batzuetan, irakasleekin joaten dira euskara praktikatzeko asmoz.
Turistifikazioa urte osora zabaldu da Euskal Herriko hirietan eta zenbait herritan. Bilbo bisitatuena ez bada, bisitatuenetakoa izango da eta, hargatik, komertzio asko eta asko turisten nahietara bideratu dira. Ez da kontu berria. Zentzu honetan, nortasuna alderatu eta Bilboren internazionalizazioa etorri da: “Begiak ixten badituzu, ez dakizu non zauden ere: egon zaitezke Bilbon, Madrilen edo Londresen”. Hirien nortasuna eta bertakotasuna galtzen ari dela dio Lezeak, batik bat taberna eta jatetxeen munduan. Basque jartzea ez dela aski dio, ondoren betiko produktuak eskaintzen badira eta produktu horiek bertakotik ezer ez badute: “Gero eta frankizia gehiago dago Alde Zaharrean, eta horietan guztietan jateko bera eskaintzen dizute hemen, han eta munduaren beste puntan, eta hala, hornitzaile berak funtzionatzen du toki guztietan”.
Turistekin makina bat pasadizo izan dute azken urteotan: jatetxe ondoko frontoian zesta-puntan jolasten aritu dira zenbaitekin, adibidez. Alabaina, Lezeak adierazi duenez, den-denek harrituta-edo argazkiak atera dizkiote jatetxeari, lekuaren estetika medio: “Normala da, hiru egun egon dira Bilbon, baina euskara eta Euskal Herria ez dituzte ezagutu”. Karta euskaraz ikustea ere ezezaguntzat hartzen dutela diote, ordura arte sekula ikusi izan ez balute bezala. Izan ere, kasik ez da taberna edo jatetxerik lehen lerroan euskara jartzen duenik: “Lehenago egongo dira gaztelania, ingelesa eta frantsesa, ez euskaldun egiten gaituen euskara”.