Bordele, 1283ko ekainaren 1a. Karlos I.a Anjoukoak eta Pedro III.a Aragoikoak, elkarri erronka jo ondoren, hitzordua toki eta data horretan jarri zuten. Bordeleko desafioan Siziliako tronuaren auzia behin betiko erabakiko zen.
Urte batzuk lehenago Siziliako Erresuma Karlos Anjoukoaren esku zegoen, baina 1282ko martxoaren 30ean, aragoitarrek uharteko frantziarrei eraso egin zieten. Siziliar Bezperak esaten zaio sarraski hari. Anjoukoak erasoari aurre egin nahi izan zion; hasieran Aragoiko erregearen tropak mendean hartzea lortu arren, Mesinako guduan porrot egin zuen eta, koroaz gain, 10.000 soldadu galdu zituen.
Orduan, halako odol isuriak saihesteko, eta, ustez, eskuzabaltasun keinu bat eginez, Karlos I.ak desafioa zuzenean bota zion Pedro III.ari. Biek aurrez aurre egingo zuten duelua, tropak arriskuan jarri gabe, eta irabazlearentzat izango zen Siziliako tronua –bietako bat kokildu eta azalduko ez balitz, bestea joko zen irabazletzat–. Errege bakoitzak hainbat zaldun izango zituen alboan; iturri batzuen arabera 40 zaldun izango ziren; beste batzuen arabera, 100. Eta hemendik aurrera batzuen eta besteen aldeko iturriek oso bestelako informazioa ematen dute.
Iturri gehienak bat datoz Aragoiko erregea mirabez jantzita eta isilean azaldu zela esatean. Baina haren aldekoek erabaki burutsu eta bizkortzat jo zuten hura, eta aurkakoek, koldarkeriatzat. Batzuk diote Karlos I.a ez zela Napolesetik mugitu ere egin; besteek, maiatzaren 15erako Bordelen zegoela. Anjoukoa han zegoela onartuta ere, haren iloba Felipe III.a Frantziako erregeari laguntza eskatu omen zion eta hark 12.000 soldadu bidali omen zituen Bordelera. Hortaz, Karlosek dueluaren baldintzatako bat hautsi zuen eta Pedrok jalinaren gainean zegoelako hartu omen zuen mozorrotuta eta ezkutuan azaltzeko erabakia.
Biek zioten dueluaren gunera azaldu zirela –ordu berdinean ez, ordea–, eta bestea ez zela agertu. Biek jo zuten bestea koldartzat eta beren burua irabazletzat eta Siziliako errege legitimotzat.
Kontuak kontu, Siziliako auzia ez zen Bordeleko Desafioan konpondu. Hori bai, odol isuria guztiz saihestea lortu zuten, bai soldaduena, bai erregeena beraiena ere.