argia.eus
INPRIMATU
Nabigatzaileentzat abisua
Ahoztar Zelaieta @Ahoztar1972 2019ko abenduaren 04a

Azkenaldi honetan askotxo hitz egiten ari da ziber-delituen inguruan. EAEn egunero hogeita bost ziber-delitu burutzen omen dira, Ertzaintzaren arabera. Alarma soziala piztu delakoan, Iñigo Urkullu lehendakariak ziber-segurtasuna etorkizuneko erronka dela aldarrikatu du.

Euskal enpresak buru belarri ari dira kontraespioitza arlorako babesak bilatzen eta erakunde publikoek neurriak hartu dituzte ustezko ziber-erasoak ekiditeko. Datuen etekin ekonomikoaz eta informazioaren boterearen indarraz oharturik, “aditu” batzuek pauso bat aurrera egin dute.

Ertzaintzaren buruzagi ohi eta Espainiako militar ohi batzuek Ziber-segurtasun Euskal Zentroarekin harremanak dituen kontraespioitza enpresa sarea sortu dute. Militar ohi horiek operazio berezietako eta inteligentzia arloko unitateetatik datoz. Ertzaintzaren buruzagi ohiek Eusko Jaurlaritzaren segurtasun instituzionalean eta informatikoan lan egin dute. Buruzagi ohi batek De Miguel auziarekin du harremana eta beste buruzagi ohi batek Hiriko kasuarengatik zigortua izan zen enpresari baten sozioarekin harremanak ditu.

Konferentziak eta ikastaroak eskaintzen dituzte eta horrelakoetan parte hartzen dute Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitateko eta Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiko arduradunek. Kontraespioitza enpresa sare horrek EAEko erakunde publikoekin kontratu batzuk lortu ditu, Osakidetzarekin eta Ertzaintzarekin kasurako.

Sareak euskal milioidun batzuen finantzaketa jaso zuen. Aberats izugarri  horiek Eusko Jaurlaritzaren kargu ohi batzuekin harreman zuzena dute. Ziber-segurtasunari lotutako enpresa sare horrek kontraespioitza lanak burutu zituen atzerrian interesak dituzten euskal enpresarientzat.

Sare horrek segurtasun indarretako kide ohiak fitxatu ditu, Ibex 35 eta Fortune-500eko enpresentzat lan egiteko, baita atzerriko beste bezero batzuentzat ere. Bezero batzuk De Miguel auziari lotutako enpresak dira, burukide ohi baten aholkularitza enpresa talde bat hain zuzen ere. Euskadiko apustu etxeen segurtasunaz ere arduratu dira.

Sare horretan dronekin lotura duen enpresa bat ere agertzen da, Mossos d’Esquadrako bi buruzagi ohirekin harremanak dituena. Estatuko segurtasun indarrek enpresa horren droneak erabiltzen dituzte polizia-jazarpenetarako eta manifestazioak kontrolatzeko.

Pribilegiatu gutxi batzuren alde eta ezjakin askoren kontra, Euskal Herriko Anaia Handia martxan dago jada.