argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azokaz
Castillo Suárez @casti_suarez 2019ko abenduaren 04a

Behin entzun nion Harkaitz Canori badela jendea Durangoko Azokan besterik existitzen ez dena. Eta jende horregatik joaten naiz ni urtero, hain zuzen ere. Badakit nor non aurkitu. Badakit zertaz hitz egingo dugun. Urtetik urtera elkarrizketei heltzen diegu denbora pasatu izan ez balitz bezala. Bizitzaz, maitasunaz eta poesiaz hitz egiten dugu maiz, gauza bera eta bakarra balira bezala. Ez dut libururik erosten apenas, gauza arraroen bat gehienez ere. Diskoak bai, Spotifyn dena badago ere, gustatzen zaidalako esku artean izatea letren liburuxka. Ez naiz erostera joaten. Egitarauari ere ez diot gehiegi erreparatzen. Heterodoxoa naiz honetan ere. Ez nau gehiegi ardura jende gehiago edo gutxiago dagoen, zer saltzen den eta zer ez, nor dagoen sinatzen eta nor ligatzen. Kulturaz enpo bizi naiz urte osoan zehar. Hamabi hilabetez joaten naiz euskarazko antzerki lanak ikustera. Euskal poeten liburu guztiak irakurri ditut, bi aldiz onak badira eta behin txarrak badira. Durangoko Azokara joatea maite dut saraoa den aldetik. Lagunen arteko hitzordu bilduma bat.