Irlandarrak eta galesak izan dira Euskal Herrian. Galdakao-Usansolo ospitalea, EHUko Medikuntza fakultatea eta UEU bisitatu dituzte. Gaixoak bere hizkuntzan artatzeko bideak ikasten eta praktikara eramaten ari dira. Ahalegin horretan ari da Awen Iorwerth traumatologo eta irakaslea. Cardiff Unibertsitatean medikuntzako ikasleei eskolak galesez ematen hasi zen lehen irakaslea da.
Gaixoaren lehen hizkuntza erabiltzea oso garrantzitsua den hiru arlo aipatu ohi dituzu. Zeintzuk dira eta zergatik dira hain garrantzitsuak?
Galestar oro artatu beharko litzateke galesez, baina arlo kritikoak hiru dira: haurrak, buru gaixotasunak dituztenak eta adinekoak. Haur batzuek hizkuntza bakarra hitz egiten dute. Umeak, nahiz eta ume izan, esan diezaioke medikuari non duen min, nola sentitzen den, baina umeak osasun langilearen hizkuntza bera hitz egiten ez badu komunikazio arazoak daude, eta haurra hitz egiteko aukerarik gabe uzten da. Nire haurrak 4 urtera arte galesez baino ez zuen egiten eta 2 urte zituela garapen aholkularitza behar izan zuen. Marrazkiak erakusten zizkioten, marrazkiak aukeratu behar zituen… Horrelako gauzak ezin dira egin umearen hizkuntza erabili gabe. Gurasoek haurrari galesez egingo diote egoera horietan, baina familia horren hizkuntza galesa izanda, harreman horretan ingelesez ari den osasun langileak giroa mozten du, nahiz eta gurasoek ingelesa jakin. Horrelako egoeratan, gurasoek nahiago dute galesez egitea, bereziki kezkatuta daudenean. Umearen osasun arretan galesa erabiltzea nahi dute.
Buruko gaitzak dituztenez ari garela, gaixotasunaren diagnosia egiteko ezinbestekoa da pazientearekin ondo komunikatzea. Harekin hitz eginda biribildu behar duzu diagnosia. Bigarren hizkuntzan ez duzu lortuko bere lehen hizkuntza erabilita lortuko zenukeen bezain diagnosi azkarra eta zuzena.
Baina badira bestelako egoerak, diagnosia ondo eginda dagoenean ere. Depresio sakona baduzu bigarren hizkuntza gal dezakezu. Batzuk ez dira gai bigarren hizkuntzan komunikatzeko, inondik ere. Ez badiozu ulertzen, nola lortuko duzu haren konfiantza eta nola bideratuko duzu ondo tratamendua, nahiz eta diagnosia ondo eginda egon?
Adinekoei dagokienez, ez da arraroa bigarren hizkuntza desagertzea eta lehen hizkuntza indartsu itzultzea. Zaharrei, gaixotasun serio batek eraginda ospitalera joaten direnean, sarri burua nahasten zaie, eta egoera are latzagoa egiten zaie lehen hizkuntzan ezin badute komunikatu. Behin baino gehiagotan gertatu zait, zaharrari dementzia diagnostikatu diote, eta gertatzen den gauza bakarra da desorientatuta dagoela eta bigarren hizkuntzan hitz egin ezinik geratu dela. Horregatik da garrantzitsua guk identifikatzea gales hiztunak, hasierako nahasmendua arintzeko.
"Gaixoak ez daude bere hizkuntzan egiteko eskatzera ohituta, haiek eskatu gabe osasun langileok eskaini behar diegu zerbitzua”
Kontua beti ez da gaixoak ez dakiela hizkuntza, haurrekin gertatu daitekeen bezala. Bigarren hizkuntza jakinda ere, komunikazioa ahulagoa izan daiteke, edo behintzat pazientea ez da hain seguru sentitzen.
Neuri gertatzen zait. Egun luzea izan dudanean eta gau aldera ebakuntza egitea egokitzen zaidanean, galesez hizketan hasten naiz ebakuntza gelan. Nekatuta nago, lehen hizkuntzara itzultzen naiz. Eta ni ez nago gaixo, nekatuta baizik. Jendeak, gaixo dagoenean, bere hizkuntzan edo berak aukeratutako hizkuntzan artatzea nahi du, eskatzen ibili beharrik gabe. Gauza oso oinarrizkoetan ere, garbitzeko eskatzeko edo komunera eramateko, lehen hizkuntzan nahi du. Hitzak badakizki bigarren hizkuntzan, baina giro erosoan sentitu nahi du. Horrelako egoeratan ‘erloju ingelesa’ jarri behar da abian, eta nik badakit galesez pertsona desberdina naizela. Pentsatzeko beste modu bat da semeari galesez hitz egitea.
Gogoratzen naiz ama hiltzen ari zela, ingelesez egitea familiaren giro pribatuan ia-ia muturra sartzea bezala bizi izan genuela. Hiltzen ari zen eta berak ere ingelesez egiten zuen.
Diagnosiaren %80 gaixoarekin hitz eginda lortzen duzue.
Gaixoa adi-adi entzun behar duzu. Zer egingo duzu ez badiozu ondo ulertzen, bere hizkuntzan ari delako? Zer egingo duzu, zuk ez dakizulako bere bigarren hizkuntzan hizketan jarri baduzu, eta ez bada lehen hizkuntzan bezain ondo moldatzen? Eta %80aren kontua ez da Galesko edo Euskal Herriko kontua, mundu guztian diagnosiaren %80 gaixoarekin hitz eginda lortzen da.
Behar handia dagoen hiru arlo aipatu dituzu, baina gaixoak bere hizkuntzan artatzeko eskubidea du, nahiz eta bigarren hizkuntzan oso ondo moldatu.
Jakina. Pazientea tematu daiteke osasun arreta lehen hizkuntzan, galesez, jaso ahal izateko, baina hizkuntza aldarrikatzen hastea bizipen berria da gaixoarentzat, ez dute horrelakoetan hasi nahi, gaixoak medikuarekin egon nahi du lehenbailehen eta pentsatuko du galesez eskatzen hasten bada ilaran azkena jarriko dutela. Gaixoak ez daude eskatzera ohituta, eta guk eskaini behar dugu zerbitzua. Beraz, bide luzea daukagu galesez nahi duten gaixoak identifikatzen eta galesa dakiten langileak identifikatzen. Gaur egun ez dakigu zenbat langile gales hiztun dugun, non dauden, ez dakigu zein espezialitatetan dauzkagun beharrak… Ez badakigu zein diren galesez egin nahi duten gaixoak eta galesez dakiten langileak, ez ditugu bi munduak inoiz ezkonduko.
Orain nola moldatzen zarete?
Ospitaletan derrigorra da arreta galesez eskaintzea, ez ordea familia medikuentzat. Aurka egiten dute familia medikuek, negozio txikiak dituzte, eta esaten dute ez daukatela baliabide ekonomikorik eta bestelakorik hizkuntzari heltzeko. Oraingoz ez daude derrigortuta, baina seguru nago iritsiko zaiela. Medikuei ikusarazi behar diegu zaintza egoki egiteko betebeharra dela galesez egitea. Gobernuak diruz lagundu behar ditu eta aholkularitza eskaini, zeren bestela negozio txiki horiek jarraituko dute esaten lan gehiago egin beharko luketela, hizkuntza bat gehiago dela. Bai, derrigorra da, eta guk lagunduko dizuegu bide horretan. Orain gauzak dauden bezala, gaixoaren aukerak murrizten ari gara. Galesez dakiten medikuek esaten digute, “nik badakit galesez!”, baina horrela ezin gara ibili, ale solteka.
Cardiff Unibertsitatean ematen dizkiezu eskolak mediku gaiei. Zu izan zara galesa erabiltzen lehen irakaslea.
2015ean hasi nintzen. 300 ikasle nituen eta lau ziren galesez egiteko gai. Ikasgai bat galesaren bidez ematen nuen. Aurten 24 ikaslek dakite galesa. Guk galesez egingo duten medikuak nahi ditugu, baina hori baino lehen Galesko ikasleak izatea lortu behar dugu. Gure ikasleen %20 baino gutxiago da Galeskoa. Ikasleak etorri eta joan egiten dira. Beraz, bertako mediku ikasle gehiago behar ditugu eta galesaren bidez ikasiko duten ikasle gehiago. Ikasleek galesa erabiltzeko konfiantza lortzea nahi dugu, batzuek oinarrizko gauzak ikasiko dituzte, beste batzuk medikuntzaz galesez hitz egiteko gai izango dira, medikuntza-lanak hizkuntza horretan egingo dituzte beste batzuek.
Kontua da gure unibertsitatean kultura aldaketa eragitea. 300 ikasle ditut eta ikasgaia galesez ematen dudanean ia denek itzultzailearen hitzak entzungailuaren bidez jaso behar dituzte, ez dakite galesa. Baina horrela, konturatzen dira itzultzailea erabili behar dutela hizkuntza ezagutzen ez dutelako, beste hizkuntza batean aritu gaitezkeela medikuntzaz, galesa hizkuntza bizia dela… Jaso dugun erantzuna harrigarria izan da. Gales hiztunek konfiantza handiagoa lortu dute, beraien hizkuntzan ari baikara eskolak ematen. Beste hizkuntza gutxituetako ikasleak ere ohartu dira zer esan nahi duen hizkuntza gutxituan eskolak emateak. Neska afrikar bat etorri zitzaidan eta esan zidan: “Eskerrik asko, orain badakit neure hizkuntzak balioa duela”. Elebakarrak ez dira kexatu, esaten dute adi-adi daudela itzulpenak entzuten, ez dute gaizki hartu galesez egitea. Oso positiboa da bizipena.
Euskal Herrira bisita egin duzue. Zerbait antolatzeko asmotan al zabiltzate?
Hizkuntza gutxituetako medikuntzako biltzarra antolatzea nahiko genuke. Datorren urtean, Galesen.
Hizkuntza gutxituak hitz egiten diren eremuetan medikuntza nola gauzatu jakiteko jarraibideak zehaztu eta elkarbanatu nahiko genituzke. Horrekin lotuta, osasun eta zaintza zerbitzu egokia emateko komunitate bereko profesionalak nola inguratu aztertu nahiko genuke.
Adibidez, Zeelanda Berrian komunitate polinesiarretako langile oso gutxi dago medikuntza eta osasun zerbitzuetan. Bada, Auckland Unibertsitateak programa bat egin du komunitate horietako ikasleak gerturatzeko, ondoren osasun langile izateko. Adibide horretan hizkuntza ez da ezaugarria, baina kontuan hartzen da komunitate baten premiei erantzuteko komunitate bereko profesionalak behar direla. Gurera ekarrita, Galesera eta Euskal Herrira, horrek esan nahi du hizkuntza kontuan hartu behar dela.
Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa irten berri da merkatura, 12 asteko denboraldi batekin eta Cwis Bob Dydd izenarekin. Jokoa CodeSyntax euskal enpresak garatu du, Tinopolis ekoiztetxe galestarrarekin batera, bertako S4C galesezko telebista publikoaren enkarguz, eta S4C... [+]
2050. urterako sektore publikoa guztiz elebidundu nahi du Galesko Gobernuak. Milioi bat gales hiztun izatera heldu nahi dute 30 urte barru.
Orain arte Galesko Asanblada Nazionala zena, Galesko parlamentu bilakatu da, eta bertako hizkuntzan jaso du izendapena: Senedd Cymru. 21 urteko prozesuaren ostean heldu da parlamentuaren onarpena. Izan ere, legeak eratzeko eta zergak kobratzeko eskubideak lortzeko prozesuan egon... [+]
Ez da gauza bera pediatrak umeari zer esaten duen ulertzea eta ez ulertzea. Ez da gauza bera buru gaixotasuna izan eta osasun profesionalek norberaren jatorrizko hizkuntzan ala bigarren hizkuntzan egitea. Euskaldunok bezala pairatzen dituzte horrelako egoerak gales hiztunek.
Galesi buruz umorez aritzeko twitter kontuan (Welsh Bollocks) aurkitu dugu esaldia. Hizkuntza bakarra jakiteak dituen “onurak” deskribatu dituzte.
Hedd Wyn olerkaria Galesko hizkuntzaren eta tradizioen sinbolo ezaguna da, haren heriotzatik ehun urte igarota ere. Uztailez hil zuten Lehen Mundu Gerran.
Ohe gainean gales hiztunak direla jarriko du, osasun langileek jakin dezaten eta hizkuntza horretan artatu ditzaten.
"Ras yr iaith" Galeseraren aldeko Korrika abiatuko da asteazkenean. 25 herri zeharkatuko ditu iparraldetik hegoaldera, eta ostiralean amaituko da. Bigarren edizioa du ekimenak, aurrekoa orain bi urte 2014an egin zuten.
Orain gutxi jakinarazi dute Galesen ere lehen aldiz egingo dutela "Korrika" ekainean, Ras yr Iaith izenpean (hizkuntzaren lasterketa). Ekainaren 20an izango da, ostiralean eta 22 kilometroko ibilbidean bederatzi herritatik igaroko da.
’Ras yr Iaith’ da galeseraren aldeko lasterketaren izena eta lehen edizio hau behintzat, 3 egunekoa izango da.
"Zergatik txiokatzen dute euskaldunek, galesdunok halako bi?" tituludun artikulua argitaratu du Rhodri ap Dyfrig Aberystwyth Universityko irakasleak bere blogean, euskara darabilten kontuen kopurua eta galesa darabiltenena berdintsuak direla kontuan izanda.
S4C galeserazko telebista kateak 2012ko azaroaren 2an ospatu zituen 30 urte antenan, ETBk baino aste batzuk lehenago.