Berbalagun feminista abiatu dute Bilbon. Euskaraz ikasteko espazio seguru, konfiantzazko eta feminista. Interesatzen zaizkien eta zeharkatzen dituzten gaien inguruan euskaraz hitz egitea eta hizkuntzaren bidez ahalduntzea da helburua.
Egitasmo honen jatorrian, Pikara Magazine hedabideko lantaldearen beharrek eta erabaki politikoek egiten zuten bat. Pikara Magazine Espainiako Estatuko proiektu bezala garatu bazen ere, pasa den urtarrilean barne hausnarketa prozesu baten ondorioz, proiektua birdefinitzeko beharra sentitu zuten: “Hor adostu genuen Bilbon eta Euskal Herrian errotutako proiektua den neurrian, errotzean sakontzearen beharra, besteak beste, euskararen erabilera sendotuz, lantaldearen euskalduntzea sustatuz eta euskal kulturarekin zubi gehiago eraikiz”, azaldu du June Fernández Pikara Magazine-ko kideak. Zubiaren beste aldean aurkitu zuten Bira gunea, kulturari eskainitako herri proiektua, eta giro horretan sortu zen Berbalagun feminista: Pikarak bultzatuta eta Birak lekua eskainita. Maiatzean hasi ziren egitasmoarekin eta orain astelehen arratsaldero elkartzen dira, 18:30ean, Bilboko Alde Zaharreko Bira espazioan.
Bertan aritzen dira berriketan Bea de Lucas eta Blanca Candelas. 40 urte ditu de Lucasek, getxoztarra da, A ereduan ikasia eta “familia ez euskaldunekoa”. Horrek guztiak eragina izan duela uste du euskararekin duen harremanean. Gainera, kanpoan ibili da urte luzez, eta itzuleran bere hizkuntza maila asko jaitsi zela dio: “Bueltatu nintzenean euskara ikasten hasi nintzen euskaltegian titulua ateratzeko asmoz; titulua ateratzea lortu nuen, baina oraindik hitz egiteko zailtasunak ditut”. Candelasek, berriz, txikitatik du euskaraz mintzatzeko gaitasuna, “nahiz eta etxean gurasoek ez duten egiten”. Basaurikoa da eta B ereduan ikasi zuen. Bi adibide baino ez dira hauek, baina anitzak dira Berbalagun feministan elkartzen diren kideen profilak: “Euskaraz ikasten urteak daramatzatenak, duela gutxi hasi direnak eta Bilbon euskaraz bizitzeko tarteak aurkitu nahi dituztenak, besteak beste”. Eta jende horrentzat guztiarentzat etxea izan nahi du Birak, euskaraz lasai hitz egin ahal izateko aterpe: “Espazioaren hizkuntza paisaiak izugarri eragiten digu hiztunoi, horregatik, Birak euskarara bultzatzen ditu hiztunak”, azaldu du Lutxo Egia Birako kideak.
Gustura ari da berbalagun feministan Candelas, lagun baten bitartez izan zuen Pikara Magazine-k abiatutako egitasmoaren berri eta argi eduki zuen berak han egon behar zuela: “Nire etxetik oso gertu egiten da, eta euskara eta feminismoa uztartzen ditu”. Berarentzat lehen saio hura “ikaragarria” izan zela dio, eta hortik aurrera beti joan da. Hasieran, Pikara Magazine-k egiten zuen egitasmoaren gidaritza, baina orain, modu autonomoan antolatzen direla dio de Lucasek. Hurrengo astean landuko dituzten gaiak denen artean proposatu eta erabakitzen dituzte. Whatsapp talde bat dute eta bertan partekatzen dituzte gaien inguruko artikuluak: “Aspaldi nenbilen euskaraz hitz egiteko espazio seguru baten bila, eta zein hobea berbalagun feminista baino?”.
De Lucasentzat bere lehen mintzalagun saioa da. Orain arte, egitasmo polita iruditu zaion arren, ez du inoiz parte hartu: “Berbalagun feministara animatu nintzen, besteak beste, niri interesatzen zaizkidan eta zeharkatzen nauten gaien inguruan hitz egiteko aukera eskaintzen didalako”. Anitzak eta askotarikoak izan dira orain arte landu dituzten gaiak: tartean, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak eta emakumeen eiakulazioa. Candelasek ere, horregatik erabaki zuen berbalagun feministara animatzea, izan ere, bere bizitzan bazituen espazio batzuk euskaraz hitz egiteko, baina feminismoaz eta feminismotik hitz egin nahi zuen euskaraz.
Dena den, hain gai konplexuez ondo menperatzen ez den hizkuntzan hitz egiteak zailtasunak ere badituela gogorarazi du de Lucasek: “Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen ondorengo astelehenean, esaterako, oso mugituta nengoen, gauza asko kontatu nahi nituen, erraietatik ari nintzen hitz egiten eta hitzak gaztelaniaz ateratzen zitzaizkidan”. Hala ere, horretarako askatasun osoa izatea eskertzen duela dio: “Hitz bat ez bazait euskaraz ateratzen gazteleraz esaten dut eta ez da ezer pasatzen”. Candelasek gaineratu du gai konplexuez hitz egiteak aurrelanketa ere ekartzen duela: “Hurrengo astean landuko dugun gaiaren inguruko artikuluak partekatzen eta irakurtzen ditugu, horrela, hizketa gaitasuna lantzeaz gain, irakurketa ere hobetzen dugu”.
Berbalagun feministan espazio seguru eta konfiantzazkoa lortu dute biek, eskakizunik gabea eta beraien neurrira egina, “espazio feminista, azken finean”. Euskalgintzak teoria feministatik hartu du ahalduntze kontzeptua, eta euren azaletan bizi izan dute hori biek. Berbalagun feministan oraindik hilabete batzuk baino ez badaramatza ere, jendaurrean euskaraz aritzeko konplexu asko galdu dituela uste du de Lucasek: “Berbalagun feministan nirekin batera dabilen lankide batekin, adibidez, orain beti euskaraz egiten dut”. Norabide berean hitz egin du Fernándezek, aipatuz patriarkatuak emakumeon ahalduntzea mugatzen duela gure autoestimua eta gure ezagutza kaltetuz, eta uste du, horrek euskalduntze prozesua ere baldintzatzen duela: “Berbalagun feminista espazio segurua da konfiantza hartzeko eta ahalduntzea lantzeko”.
Bestalde, de Lucasek argi du jende berria ezagutzeko aukera ere eskaini diela berbalagun feministak: “Nire militantzia eremuan, esaterako, badago jendea euskaraz dakiena, baina beraiekin gaztelaniaz eraiki dudanez harremana, orain zaila egiten zait hizkuntza ohiturak aldatzea”. Egitasmo honek, jende berria ezagutu, berarentzat interesekoak eta garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartu eta euskarazko harreman sare berriak eraikitzea ahalbidetu diola dio.
Azaldu dute bertan parte hartzeko ez dela euskara maila jakinik eduki behar, ezta feminismo gaietan aditua izan ere: “Beste emakume batzuekin elkartu eta gai ugariren inguruan hitz eginez, eremu seguruan, tarte ederra pasatzeko aukera eskaintzen du”.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.
"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.
Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".
44 urte ditu, ama mexikarra, eta eskoziarra aita. Mexiko Berrian jaio zen, Utah-n hazi, eta duela hogei urte izan zuen euskararen berri, Cadizen Zinemagintza ikasten ari zela, norbaitek abizen euskalduna zuela esan zionean. Duela bi urtetik Donostian bizi da eta euskara ikasten... [+]
Hizkuntzarako ere gurasoak haurrentzako eredu direla kontuan hartuta, euskararen erabilera eta irakaskuntzari buruz sentsibilizatzeko helburua duen hamabostaldia antolatu dute Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek. Martxoaren 15etik 30era guraso... [+]
Otsailaren 22an itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz irekiko... [+]
Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]
Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iazko urtarrilean, euskara eskatzea "diskriminatzailea" izan zitekeela iritzita; eta aitzineko astean, Donostiako Udalak aurkezturiko helegitea ez aztertzeko erabakia hartu du EAEko... [+]
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]
Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]