argia.eus
INPRIMATU
Zentrorik gabeko feminismorantz?
Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko azaroaren 19a

Feminismoa Durangora argazki bat egitera joan zen. Hein batean, asimilazioaren arriskuaren aurrean eta ofentsiba patriarkal erreakzionarioaren aurrean indartsu egingo gaituen argazkia.

Erretratuan, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak izenpera deituta sentitzen garenok osatzen dugun gorputz kolektiboaren forma ikusten da. Erdia potoloa du. Normaltasunaren masa zentro pisutxua. Bertan gaude emakume cis, natibo, zuri, euskaldunak, gaitasun fisiko eta mental estandardunak. Zentro-bazter zapalkuntza ardatzek operatzen dutelako, argazkia ez dator bat euskal jendarteko errealitatearekin: marjinak oso mehetuta daude.

Eta halere, eta horregatik, jardunaldi feministen ahalegin eta apustua izan da sistemak bazter bihurturikoan arreta jartzea. Egitura berdina beste eskala batean erreproduzitu ez beste zerbait egin dezagun. Mamia ez da zer baizik eta nola. Eta zentrorik gabeko utopiarantz bidea egiteko, interesgarriagoa da marjinetan gertatzen dena. Abiapuntua, soilik abiapuntua: hitza eman, tokia utzi eta entzutea. Erronka: hau zintzotasunez egitea, marjin-washing-ik gabe eta autokonplazentzian erori gabe.