argia.eus
INPRIMATU
Deskolonizazio botoa?
Pauline Guelle @pokaxalo 2019ko azaroaren 19a

Kanakiar herrialdean autodeterminaziorako bigarren erreferenduma iragarri du Frantziako lehen ministro Edouard Philippek, Kaledonia Berrian alegia. Beraz, 2020ko irailaren 6an –bigarren aldiko– Kaledonia Berriko biztanleek bozkatuko dutenean, autodeterminatuko ote dira edo beren autodeterminaziorako eskubidea bozkatu ahalko dute?

Erreferendum hori 1988ko Évènements edo “gertakarien” ondotik erabaki zen. 1988an, FLNKS (Askatasunerako Fronte Kanakiar Sozialista) antolakundeko kide batzuek bahitu lau jendarme hil eta Frantziako Estatuak hemeretzi kanakiar erail ondotik Matignongo akordioak egin ziren. Negoziaketako bi aldeek herri kanakiarrarendako estatus berezia erreferendum “nazional” baten bidez bozkatu zuten. Hots, Frantziako Estatuko hautesle osoak zuen onartu –Metropoliaren abstentzio masiboarekin– Kaledonia Berria Frantziako Konstituzioan txertatu titulu berria. Ondotik, burujabetza politikoaren erreferenduma betetzea planifikatu zen. Nouméa-ko itunean (1998), besteak beste, autodeterminaziorako galdea adostu zuten independentistek (FLNKS), independentziaren kontrako Kaledoniakoek (RPCR) eta Frantziako Estatuak. Hartan,   tokiko erreferendum baten bidez onartu zen ituna (%72 alde). Hortik aitzina, autodeterminaziorako hiru galdeketa antolatzen ahal zituzten: lehena 2018an iragan zen –independentistek galdua– eta heldu den urtean erreferendum berri bat deitu dute. Orotara, hiru aukera daude Kanakiar Herriaren burujabetza bozkatzeko; anitzetan Frantziak independentistei egin opari bezala ikusi dena. Aldi honetan, hautesle kidegoa ezberdina izan liteke: 1998. urtean Kaledonia Berrian bozkatzeko eskubidea zutenek eta 20 urtez lurraldean bizi izan direnek haien bozka eman lezakete.

Kolonizazio prozesu luze baten ondorioak ekarri zuen hautesle murriztu horren eztabaida. Nork bozkatzen ahal zuen? Errepublika osoak? Kanakiarrek? Kaledonia Berriko biztanleek? Azkenean, liskar horrek zentraltasun nagusia hartu zuen. Kolonizazioak lurraldeak konkistatzen ditu eta asimilatzen ditu; Kanakiar herria ez da salbuespen bat. Kasu honetan biztanleria –eta bozka– ez da urrundik ere errealitatearen ispilu bihurtzen. 2020an bozkak nekez lortuko du uhartearen deskolonizazioa. Horregatik autodeterminazio eskubidea eskubide bat da; eta ez gehiengo batek adosten duen prozesu bat. Estatu batek hala dela onartzen badu, ez luke negoziatzerik, eskubidea betearaztea baizik. Bestalde: gehiengoak gutxiengoaren burujabetza erabaki ote dezake?