Urriaren 12an Total petrolio konpainiaren, Amazon banatzailearen eta BNP-Paribas bankuaren bulegoak “Hors-service” (funtzionatu ezinik, panan) uzten saiatu ziren Frantziako Estatu osoan. Orain Attaceko militanteek, beste zenbait mugimendutakoekin elkarlanean, kontsumismo globalizatuaren ikurretako bat den on-line banatzaile erraldoiari Black Friday amesgaizto bihurtu nahi diote: azaroaren 29a Amazonen Ostiral Beltza izatea lortu nahi dute.
Azaroaren laugarren ostiralak abiatzen du mundu osoan Eguberri aurreko erosketa sasoia, AEBetatik zabalduta orokortu zenetik Black Friday: salmenten multinazional handiek herritarren kontsumo-egutegian betiko ospakizuntzat txertatu dute, gero eta urriagoak diren komertzio txikiei zintzurrak gehiago estutzeko. Egun horixe hautatu du Attac mugimendu altermundialistak kontsumoa monopolizatu nahi duten saltzaile handienetako bat, Amazon, zigortzeko.
Attacek urriaren 12an sabotaje sinbolikoak antolatu zituen Frantziako Estatuko dozenaka herri eta hiritan Total, Amazon eta BNP-Paribasen kontra, salatzeko multinazionalek iruzur fiskala tarteko estatuari urtero dirutza handiak ostuz ongizate gizartea urpera daramatela eta eskatuz zerga sistemaren injustizia ezabatzea.
“Oraingoan [azaroaren 29an] –diote Attacekoek– urrunago joan nahi dugu, jende gehiago askatu multinazional horiekiko lotura tamalgarritik. Zeren eta gure kontsumitzeko erak aldatzea posible badugu, kolektiboki ere aurre egin ahal izango diegu aldaketa askoz sakonagoa eragiteko. Oraingo ekintza are anbiziosoagoa da: Amazon blokeatu behar dugu azaroaren 29an. Black Friday -k ospatzen ditu prezioen hondoratzea eta muturreko kontsumismoa, planeta txukun batean duintasunez bizi ahal izatearekin inolaz ere ezkondu ezin dena”.
Globalizazio neoliberalaren salatzaile nagusietakoa den Attacentzako, Amazon da aginte handiegia eta arriskutsuegia eskuratu duten multinazionalen adibide argia. Eskubide sozial, giza eskubide, ekosistemekiko begirune edo iruzur fiskalei dagokienean, estatuen gainetik jartzea lortu dute, egitura politikoak ahulegi direlako haien indarraren eta lobby egiteko ahalmenaren aurrean.
Hain dira boteretsuak, ezen eta dauden legeen zirrikituak oro baliatzen baitituzte gogoko ez dituzten arauei iskin egiteko, eta bestela agintari politikoei presio egiten diete haien komenentziara aldarazteko legeak: “Multinazionalok dira merkataritza askearen irabazle nagusiak, horri esker herrialdeak elkarren arteko borrokan jartzen dituzte, nork eskainiko arau sozial, fiskal eta ekologiko ahulagoak”.
Amazon erraldoiari aurre egiteko arrazoi lokal bat ere badu Attac frantsesak: munduan 10.000 milioi produktu on-line saldu eta banatzeaz gain hedabideak, zinema, adimen artifiziala eta baita espazio-proiektuak ere biltzen dituen multinazionala ahalegin berezia egiten ari da Frantzian indartzeko. Erraldoi amerikarra dagoeneko Hexagonoan ere liderra da internet bidezko janzkien, eta produktu kulturazko eta elektronikoen salmentan, baina Frantziako enpresek ekoiztutako produktu gutxiegi saltzen dira oraindik Amazonen sarean.
2007an iritsita, Amazonek Frantziako lehen biltegia Orleans hirian eraiki zuen, 70.000 m². Geroztik, armiarma bezala doa hedatuz bere sarea, berrikitan Gaspar Allens kazetariak “Amazonen Frantziarako plan sekretua” kronikan azaldu duenez. Biltegiak gero eta erraldoiagoak, logistikan ohikoak direnen zortzi edo hamar halakoak: 107.000 m²-koa inauguratu zion Bovesen Emmanuel Macron lehendakariak, Paris ondoan aurten bertan 142.000 m²-ko beste bat abiaraziko du... Helburua denean sal-erosketa guztien monopolioa lortzea eta edozer banatzeko epea egun bakarreraino murriztea, gutxi axola hori lortzeko azpiegitura dementzialen lorratz ekologikoa, edo langileen bizi eta lan baldintzak.
Moratoria eta bestela blokeoa
Iruzur fiskalean munduko txapeldunen artean dago Amazon. Agintariak hasi dira zenbait neurri hartzen iruzurrari eufemismoz saiheste fiskala deitzen diotena kontrolatzeko, Macronek abian jarri duen GAFA tasa (GAFA: Google, Apple, Facebook, Amazon). %3 soil bat... berehala Amazonek erantsi diena bere plataforman saltzen duten konpainiei, legegileei barre eginez.
Attacen ustean ia deusetarako ez du balioko zerga berriak, multinazionalek herrialde bakoitzean deklaratzen baitute aktibitate osoaren nahi adinako zatia, ez gehiago. Frantzian mugitzen duen guztiaren %58 ezkutatzen du horrela Amazonek, Attacen kalkuluetan. Gainerako dirutza berriro fakturatzen die atzerriko filialei, tartean Europar Batasunaren barne paradisu fiskala den Luxenburgokoari. Beste zati bat, jabego intelektualez beztiturik, AEBetako Delaware zerga-paradisura igortzen du, etekinetatik deskontatuz. Eta abar.
Amazonek enpresa frantsesei erantsi dienean Macronen GAFA tasa (%3), hornitzaileok ez dute txintik atera, hain daude saltzaile handiak harrapatuta, ohituta kontratu baldintzak edozein momentutan aldatzen ikustera. Egia esan, Amazonek muturrerago eraman baizik ez du egin komertzio handiak hornitzaileekiko aspalditik ezarritako zanpaketa.
Langileei ematen dien tratua da Attac Amazonen kontra mobilizatzeko beste argudioa. Jean-Baptiste Malet kazetaria multinazionalak Montelimarren daukan biltegian kontratatzea lortu eta oinezko langile gisa pairatu eta ikusi zituenak kontatuak ditu “Amazonie. Infil-tré dans le “meilleur des mondes” –Amazonia, mundu perfektuan infiltraturik– liburuan. 2013an Maletek kontatutako lan baldintza prekarioak Amazonetik alde orotara zabaldu dira geroztik.
Maletek erakutsi du jendeak uste duenaren kontra Amazon ez dela liburu edo kultur produktuen saltzaile bat, logistikako korporazioa baizik, Txinako usinen antza gehiago duena Europako kultur enpresena baino, teknologia berriei esker ugazabek daukatela langilearen kontrol osoa, nahieran antolatzeko lan erritmoak, harremanak edo soldatak, lan harremanok hizkera orweldarrez mozorrotuta (langilearen produktibitatea, motibazioa, hazteko irrika...).
Horrelakoa da Frantziako agintariek urteotan elikatu duten Tartalo berria. Hollande bezala Macron saiatu dira Amazon limurtzen. Alkate eta udal gobernu taldeak edozer eskaintzeko prest egon dira, udal zorrak arindu eta enplegu berriak kontabilizatzeaz obsesionatuta: onartu dituzte klase guztietako inbertsioak, zerga arintzeak edo lurren antolamenduak, batzuetan planak sekretuan negoziatuta.
Attacen protestak ingurura bildu ditu beste zenbait elkarte ere, hala nola ANV-Cop21 eta Lurraren Lagunak talde ekologista, eta Jaka Horiek ere parte hartuko dutela iragarri dute, Amazon dela beren etsai nagusia. Hauen 42 eskarietako bat izango da azaroaren 29ko mobilizazioaren helburua: moratoria batez etetea Amazonek, merkataritza elektronikoko beste enpresek eta komertzio handiek aldirietan eraiki nahi dituzten biltegi berriak eraikitzeko planak: “Lortzen ez badugu, orduan zuzenean joko dugu Amazonen kontra: blokeoak eta klase guztietako trabatzeak, Frantziatik alde egitea erabakitzen duten arte”.
1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.
Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]
2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]
Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]
Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]
Walden Bello Filipinetako idazle, ikerlari eta antiglobalizazio aktibista ezaguna abuztuaren 8an atxilotu zuten; abuztuaren 9an fidantzapean atera zuten kartzelatik behin behinean. Focus on the Global South Gobernuz Kanpoko Erakundearen zuzendari exekutiboa da Bello, besteak... [+]
Amazon ondoren Glovo, Deliveroo eta Uber Eats-ek gure hiri eta auzoetako bizimodua hankaz gora jarri dutela uste baduzu, adi hurrengo uhinari: heldu dira Cajoo, Flink, Dija, Gorillas, PicNic , Everli... COVID-19 betean sortuta, tximista bezala zabaltzen ari diren banaketako... [+]
1934tik 1940ra Lazaro Cardenas jeneralak mugarritzat utzi dituen moduan nekazaritzaren erreforma, petrolioaren nazionalizazioa eta trenbide sarea, Andres Manuel Lopez Obradorrek erabakita dauka hiru monumentu gotor uztea Mexikoko historian iltzatuta, tartean, Tren Maya famatua... [+]
Urtarril amaieran Gasteizko Mercedes konpainiako zuzendaritza langileen ordezkariekin bildu zen ohartarazteko fabrikako ekoizpen-katea eten beharko zutela autoentzako hainbat pieza elektroniko eskuratu ezinik zebiltzalako –zehazki, txip elektronikoak–. Bi... [+]
Azarotik azarora, urte bete eman dute greban eta mobilizaturik Indiako milioika nekazarik, Narendra Modiren gobernuak laborantzako prezioak eta merkatu osoa liberalizatzeko ezarritako hiru lege atzera botatzea eskatuz. Azkenean agintariek erabakietan atzera eginda, borroka eta... [+]
Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu... [+]
Aurreko hamarkadan Amazonek ordaindu zuen zerga tasa efektiboa %13 izan zen. 2020 urtean Amerikako Estatu Batuetako 55 enpresa handienek ez zuten zergarik ordaindu. Espainiako Estatuan mila miloi euro baino gehiago fakturatu zuten enpresen mozkinaren gaineko tasa efektiboa 4,57%... [+]
Europako autogintzako industriaren geldialdiaren erdian Margrethe Vestager Lehiakortasunerako europar lehendakariordeak iragarri du Europar Batasuneko lehia-politika errebisatuko dutela estatuek mikrotxipen produkzioa diruz lagundu dezaten.